Lehen arretako medikuen ratioak eremuaren ezaugarrien arabera zehaztea proposatu dute

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun ituna lortzeko bidean, zortzigarren batzarra egin du osasun mahaiak. Joan den astean zortzi lantaldek plazaratu zituzten haien ondorioak, eta ostiralera arte atzeratu dute ondorio horiek onestea, «ñabardurak» egiteko.

Osasun mahaiaren gaurko bilera. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Osasun mahaiaren gaurko bilera. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko maiatzaren 14a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun ituna lortzeko negoziazioetan, zortzigarren bilera egin dute osasun mahaia osatzen duten eragileek. Osasun mahaiak erabaki zuen etorkizunerako 24 ildo estrategiko zehaztuko zituela, eta lantalde bat eratu zuen ildo bakoitza landu eta, ondoren, emaitza osasun mahaian aurkezteko. Gaurkoan, zazpi lantalderen ondorioak aurkeztu dituzte: lehen arreta, gaixotasun neurodegeneratiboak, osasun mentala, onkologia, eritasun kardiobaskularrak, artatze denborarekin lotutako gaixotasunak eta bizitzaren amaierako artarekin lotutakoak.

Joan den astean zortzi arlotako lantalderen ondorioak jaso zituen mahaiak, eta gaurko bileran ondorio horiek onestea espero zen. Haatik, ez da halakorik izan. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, mahaiko kideek zenbait «ñabardura» egin nahi dizkiete testuei, eta denbora gehiago eskatu dute dokumentuak aztertzeko; ostiralera arteko epea izango dute horretarako.

Bilera hasi aurretik mintzatu da Osasun sailburua, eta azpimarratu du aurkeztuko diren ondorioak «garrantzi handikoak» direla, osasun sistemaren zutoin baitira, besteak beste, lehen arreta eta osasun mentala. Gaien garrantzia aintzat hartuta, «jauzi kualitatiboa» emango du osasun mahaiak gaurko batzarrean, Martinezen arabera.

Osasun mahaiaren hurrengo bilerak ekainaren 3an eta 11n izango dira, eta zehazteko dago azken batzarra noiz izango den. Osasun mahaiak ituna lortu ez badu ere, erabaki dute noiz izango den itun posible horren jarraipen batzordearen urteroko bilera: apirilaren 7an, osasunaren nazioarteko egunean.

Lehen arretan, profil berriak

Lehen arreta indartze aldera, hainbat proposamen egin ditu arlo hori jorratu duen lantaldeak. Osasun profesionalen ratioekin du zerikusia horietako batek. Zehazki, proposatu dute profesional gehiago jartzea, eta familia mediku bakoitzaren ratioa tokian tokiko irizpideen arabera egokitzea, hau da, adineko pertsonen kopuruaren, egoera sozioekonomikoaren, etorkin kopuruaren edota gaixo kronikoen kopuruaren arabera zehaztea. Gaur egun, biztanle kopuruaren arabera zehazten dituzte osasun langileen ratioak, eta mediku bakoitzeko 1.500 pazientekoa da, batez beste.

Osasun profesionalen profil berriak ere irizpide horien arabera banatzea eskatu du lantaldeak. Gainera, proposatu du lehen arretan psikologoak, optiko-optometristak eta nutrizionistak egotea, besteak beste. Administrari sanitarioaren figura sortzea ere proposatu dio mahaiari; haren egitekoa zera litzateke, osasun zentrora iristen diren pazienteak egokiago orientatzea eta deribatzea.

Horrez gain, lehen arreta «erakargarriago» egiteko hura «hobeto ezagutu» behar dela uste du lantaldeak, eta horretarako profesionalen etengabeko trebakuntza proposatu du. Besteak beste, lehen arretako espezialitate denetarako familia medikuaren ikasgaia txertatzea eskatu du.

Halaber, lehentasunen artean jarri du lehen mailako arretaren «irisgarritasuna» bermatzea, «berehalakotasunaren» aldean. Lantaldearen ustez, beharrezkoa da gizartean «kultura aldaketa» bat gertatzea, ulertzeko lehen arretak ezin duela «ospitaletik kanpoko larrialdi gune baten modura funtzionatu».

Osasun mentaleko arta indartu aldera, berriz, psikiatrek eta psikologoek lehen arretan jardutea proposatu du arlo hori jorratu duen taldeak. Hauxe litzateke helburua: kasu larrienak soilik bideratzea ospitaleetara, eta patologiak ez direnak osasun zentroan bertan artatzea.

Eritasun kardiobaskularrak aztertu dituen lantaldeak, bestalde, arrisku faktoreen detekzioa indartzea eta asistentzia sare bateratua diseinatzea galdegin du, ESI Erakunde Sanitario Integratuen irizpideak bateratzeko. Eta bizitzaren amaierako zaintzari buruzko taldeak, bere aldetik, behatoki bat sortzea planteatu du, gai hori sakonago aztertzeko.

Lankidetza publiko-pribatua

Osakidetzaren lankidetza publiko-pribatua da osasun mahaiak askatu beharreko korapilo nagusiena, baina, oraingoz, ez du urrats esanguratsurik egin. EH Bilduk «kezka» adierazi du mahaiak prozesu horri ausardiaz heldu nahi ez diola ikusita, Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi duenez: «Osasun mahaiak ezinbestean askatu behar duen korapiloa da sistema publikoaren aldeko konpromiso esplizitu eta garbia adieraztea».

Ohartarazi duenez, EH Bilduk osasun itunaren akordioa babestuko du, baldin eta pribatizazioa baztertu eta osasun sistema publikoa indartzeko konpromiso argia baldin badu. Gainera, metodologiak errespetatzeko eta adostutakoarekin leial jokatzeko eskatu du Uberak; izan ere, gai horretan diharduen lantaldeak proposamen bat onartua dauka Osakidetzak zerbitzua «baliabide publiko eta propioekin» eskaintzea lehenesten duena, baina oraingoz dokumentu hori ez da mahaira iritsi, eta ezin izan dute bozkatu. Gaurko bileran azalpenak eskatu dizkio Uberak mahaiari, eta prozedurari «seriotasunez» jarraitzeko exijitu.

Bide beretik egin du kritika LAB sindikatuak ere: salatu du gaurkoan zirela eramatekoak mahaira lankidetza publiko-pribatuari buruzko dokumentua eta zerbitzu zorroarena, baina «aldebakarrez» erabaki dutela haien aurkezpena atzeratzea. Metodologia «etengabe» aldatzea eta arduradunen «komenigarritasunaren» arabera moldatzea leporatu dio osasun mahaiari.

ELA: «Egiturazko arazoek bere horretan»

ELA ere kritiko agertu da osasun mahaiarekin. Ohar batean esan duenez, orain arte ez da aurrerapenik izan mahai horretan, eta egiturazko arazoek bere horretan diraute. Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak kritikatu duenez, sailburuaren «irtenbide okerrek profesionalen ondoeza areagotu besterik ez dute egin». 

ELAko ordezkariaren arabera, Osasun Sailak profesionalen gabezia aipatzen du oraindik ere aspaldiko arazo ugariak justifikatzeko, baina arazoaren muina lan baldintza eskasak dira; besteak beste, lan zama, ordezkapenik eza, oporraldietako itxierak eta murrizketak, eta erosahalmenaren galera aipatu ditu. «Lan baldintza onik gabe, ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik», gogorarazi du sindikatuak.

Sindikatuak hainbat datu eman ditu Osakidetzaren egungo egoera bistaratzeko. Besteak beste, gogorarazi du langileen behin-behinekotasun tasa %58koa dela gaur egun, eta 27.000 langileri eragiten diela; eta Osakidetzak, guztira, 1.641 plaza dituela bete gabe, hainbat kategoriatakoak. Osasun pribatura egindako deribazioei dagokienez, zera salatu du, Osakidetzak 300 milioi euro jarri zituela iaz osasun pribatura bidalitako zerbitzuak eta deribazioak finantzatzeko —aurreko urtean baino %11,5 gehiago—, eta 15 urte baino gehiago pasatu arren lan baldintzen akordioa berritu gabe dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.