Osakidetzak «bere bitarteko propioekin» jarduteko proposamena eramango dute osasun ituna lortzeko mahaira

Lankidetza publiko-pribatuari buruzko lantaldeak proposamen bat onartu du, alor pribatuarekiko dependentzia murrizteko. Hala ere, proposamena bultzatu duten eragileak ez dira fio, eta osasun mahaiak hori jaso dezala nahi dute.

Osasun mahaiaren bilera, maiatzaren 7an, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Osasun mahaiaren bilera, maiatzaren 7an, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun ituna lortzeko lan eta negoziazioek aurrera jarraitzen dute, baina ez zailtasunik gabe, eta Osakidetzak eman beharreko zerbitzuaren izaera publikoa eta enpresa pribatuek horretan izan beharreko zeregina auzirik korapilatsuenetako bat izaten ari da. Horretan diharduen lantaldeak proposamen bat onartu du, bozketa bidez eta batzorde horretan dauden zenbait eragileren bultzadaz: proposamen horren arabera, Osakidetzak zerbitzua «baliabide publiko eta propioekin» eskaintzea lehenetsi beharko du, eta alor pribatuarekiko dependentzia murriztu beharko du. Helburu gisa ezarri dute. Baina Confebask eta beste eragile batzuk ez daude ados proposamen horrekin, eta, lantaldeak proposamena onartu arren, ikusteko dago osasun mahairako bidea egingo ote duen.

Osasun mahaiak erabaki zuen etorkizunerako 24 ildo estrategiko zehaztuko zituela, eta lantalde bat eratu zuen ildo bakoitza landu eta, ondoren, emaitza osasun mahaian aurkezteko. Lankidetza publiko-pribatuari buruzkoa izan zen lantalde horietako bat. Lantaldeak egindako lehenengo hiru bileretan argi gelditu zen, beste zenbait arlotan ados zeuden arren, auziaren muinean desadostasuna erabatekoa zela: eragile batzuek, batez ere sindikatuek eta ezkerreko alderdiek, zerbitzuaren izaera publikoa berreskuratzea zuten xede; beste batzuek, aldiz, lankidetza publiko-pribatuari eutsi eta hura «efizientzia eta efikazia irizpideen arabera aztertzea» proposatzen zuten.

Desadostasuna ikusita, zazpi eragilek (SATSE erizainen sindikatuak, LABek, CCOOk, UGTk, EH Bilduk, Sumarrek eta Gizarte Langintzaren Elkargoak) proposamen bat adostu zuten, eta lantaldearen joan den asteko bileran aurkeztu. BERRIAk proposamena eskuratu du; han adierazten denez, Osakidetzak «bere baliabide propio eta publikoekin» erantzun beharko lieke osasun premiei, eta, horretarako, inbertsioa handitu eta pribatizazio politikak bertan behera utzi behar dira. Osakidetzak zerbitzu zehatzen bat enpresa pribatuen esku utzi beharko balu, hura justifikatu egin beharko litzateke, eta aldez aurretik finkatutako epe baterako baino ez litzateke izango. Helburua da alor pribatuarekiko dependentzia arian-arian murriztea. Neurgailu batzuk ere zehazten dira proposamenean, helburu hori lortzen ari dela ziurtatzeko.

«Adostasunezko proposamena»

Zazpi eragile horiek aurkeztutakoa ez zen proposamen bakarra izan, eta lantaldeko dinamizatzaileak «adostasunezko proposamen bat» jarri zuen mahai gainean, ustez eragile guztien ekarpen nagusiak aintzat hartzen zituena. Baina horrek ez zituen zerbitzu publikoa indartzearen aldeko eragileak asebete; haien iritziz, moderatzaileak egindako proposamen horrek ez zituen haien planteamenduak jasotzen, eta lerrokatuegi zegoen Confebask eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko eragileen aldera.

Hura proposamena blokeatzeko saioa izan zitekeelakoan, eta adostasuna lortzea ezinezkoa zela ikusita, bozketa egitea galdegin zuten proposamenaren egileek. Beste eztabaida luze baten ostean, hala egin zuten, eta proposamenak aurrera egin zuen, eragile gehienen oniritziarekin.

Lantaldeen lanaren emaitzak osasun mahaiari aurkeztu behar zaizkio. Joan den astean, zortzi lantaldek beste horrenbeste ildo estrategiko aurkeztu zizkioten osasun mahaiari, eta lankidetza publiko-pribatuari buruzko lantaldeak ere berdin egin beharko du osasun mahaiaren hurrengo bileran, bihar. Ustez, ildo estrategiko horretan agertu beharko litzateke azken bileran onarturiko proposamena, Osakidetzaren zerbitzuaren izaera publikoa berreskuratzearen aldekoa.

Baina proposamena landu zuten eragileak ez dira fio; izan ere, zerbitzuburu izateko hautagaiei eskatu beharreko esklusibotasunaren auzian ere gatazka egon zen osasun mahaian, eta eragile batzuek salatu zuten dinamizatzaileak bere kabuz aldatu zuela lantaldean erabakitakoa. Horregatik, azken agiria jasotzeko zain daude, onartutako proposamena agertzen ote den ikusteko. Haien helburua da osasun mahaiak jasotzea eta aintzat hartzea osasun itunerako oinarri gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.