Hezkuntza

Lehen Hezkuntzako zentro publikoetan atzerriko jatorridunak dira ikasleen %22,8; itunpekoetan, %9,6

Segregazioari buruzko txosten bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak; egoerari buruzko "argazkia" aterata, "ekitatearen" aldeko urratsak "indartzera" doa.

Atzerriko ikasleen eskolatzeaz Eusko Jaurlaritzak egindako txostenaren aurkezpena, gaur. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
arantxa iraola
2018ko azaroaren 5a
08:13
Entzun

Jatorri atzerritarreko ikasleen eskolaratzearen inguruko errealitateari buruzko informazioa "eguneratu" nahi izan du Eusko Jaurlaritzak ikerlan baten bidez. Gaur goizean egin du aurkezpena Hezkuntza saiburu Cristina Uriartek; Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea eta Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea ondoan zituen. Datuek argi utzi dute ikasle gehiago hartzen dituela sare publikoak itunpekoak baino. LHn, bereziki. Zentro publikoetan atzerriko jatorridunak dira ikasleen %22,8: itunpekoetan, %9,6. "DBHn egoera orekatuagoa da", adierazi du sailburuak. %18 dira bigarren hezkuntzako zentro publikoetan; %11,4 itunpekoetan.

"Nolanahi ere, desberdintasunak ez dira soilik sareen artean agertzen", adierazi du Uriartek. "Sare bakoitzaren barnean ere ageri dira. Badira sare bateko zein besteko zenbait ikastetxe, jatorri atzerritarreko ikasle kopuru baxua eskolatzen dutenak, nahiz immigrazio tasa altua duten zonaldeetan egon", onartu du. Ikerlanak datu berri asko dakartzala adierazi du eta horietan oinarrituta segregazioa saihesteko hartzen diren neurrietan "finago" aritzeko modua izango duela orain administrazioak. Helburua beti ere, "ekitatea" eta "gizarte kohesioa" direla adierazi du, eta eskolan bidea hasten duten ume guztiek "arrakasta" izateko era bermatzea.

Zazpi erronka nagusi finkatu dituzte, eta hainbat neurri horietan aurrera egiteko. Batzuk jada martxan dauden neurriak direla esan du, eta horiek "indartzea" dela orain asmoa. Besteak beste, familiei informazioa emateko orientabide bulegoetako martxa hobetu nahi dute: "gainbegiratze eta kontrola" handitu nahi dituzte horietan, eskoletako sarbidean eta onarpenean legaltasuna bermatzeko. Udal eskola kontseiluake ere bultzatu nahi dituzte, bereziki "desorekarik" handieneko tokietan. Era berean, "lehenetsi" nahi dituzte aniztasun handiena duten ikastetxeak, haien jarduna errazteko. Ikasle iritsi berrien premiei erreparatzeko programak ere sendotzera doaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.