Unicefek Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala azterlana aurkeztu du gaur Bilbon. Jasotako datu guztietatik, ondorio argi bat atera dute: haurrak eta nerabeak «modu masiboan» erregistratuta daude sare sozialetan. Izan ere, milaka umeri eta gazteri egindako inkestetako erantzunetan datu esanguratsu batzuk azaldu dira, eta horiek nabarmendu dituzte: umeei batez beste 11 urterekin ematen diete lehen smartphonea, eta 13 urtetik beherako lau haurretik hiru sare sozialen batean erregistratuta daude. Azterlan hori osatzeko, 10 eta 20 urte bitarteko haur eta gazteei galdetu diete gailu digitalekin duten harremanari buruz. Emaitzetan oinarrituta, ondorioztatu dute erabilera horrek arazoak sortzen dituela.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak aurkeztu dituzte gaur Bilbon, baina Nafarroako datuak ere jasota dauzka Unicefek. Txostenaren egileek ohartarazi dutenez, haurtzaroan eta nerabezaroan teknologia erabiltzeak aukerak zabaldu ditu, eta hori ona da, baina alde iluna ere badago, modu desegokian erabiltzeak kolokan jar dezake-eta haurren eta nerabeen ongizatea. Haien esanetan, erronka handia da oreka hori lortzea adingabeen ongizatea bermatzeko.Â
Unicefek, Espainiako Gobernuaren menpeko Red.es entitateak, Santiago de Compostelako Unibertsitateak eta Espainiako Informatika Ingeniaritzako Kontseilu Nagusiak egin dute azterketa, Espainiako erkidego guztietan. Hego Euskal Herriari dagokionez, 10 eta 20 urte bitarteko 9.439 haur eta gaztek emandako erantzunetan oinarrituta daude datuak eta ondorioak, eta erantzunak 2024ko azarotik 2025eko ekainera bitartean jaso zituzten.
Mintzagai izan dituzte datu horiek agerian utzitako ondorio kezkagarri batzuk: pornografia gero eta lehenago eta gero eta gehiagok ikusten dute, eta erabilera horrekin lotutako ondoez emozionalari eta jokabide suizidari buruzko datuekin arduratuta daude, baita gailuen neurrigabeko erabilerarekin ere. Egoera kezkagarria izan arren, 2021eko datuekin alderatuta, aurrerapen batzuk ere antzeman dituzte: aipatu dute arriskuen inguruko kontzientziazioa handitu egin dela eta erabilera arduratsuagoa egiten dela orain. Horren adierazle da sexting-a —gailu digitalen bidez eduki erotikoa eta sexuala duten mezuak bidaltzea— eta ezezagunekiko online harremanak murriztu izana. Nolanahi ere, txostenaren egileen arabera, teknologia umetan erabiltzeak planteatzen dituen erronkei «modu integralean heldu behar zaie, familien, erakundeen, hezkuntza ingurunearen eta sektore pribatuaren inplikazioarekin».
%92Â
10 eta 20 urte bitartekoetatik zenbat dauden erregistratuta sare sozialen batean. Haurren eta gazteen %74,8k profila sortu dute hiru sare sozialetan edo gehiagotan.
Sare sozialetan emandako denborari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak eman dituzte: inkestatutako nerabeen %7,1ek eskola egunetan bost ordu baino gehiago eskaintzen dizkiete sare sozialei, eta oraindik kezkagarriagoa da asteburuko datua: %16ra igotzen baita portzentaje hori. Ohartarazi dute gehiegi erabiltze horrek arazoak sortzen dituela, eta batzuetan, adikzioak ere bai: hiru lurralde horietako nerabeen %4,3k «sare sozialen erabilera problematikoa» egiten du; ehuneko hori handiagoa da nesken artean (% 5,5) mutilen artean baino (% 2,8), eta adinean aurrera egin ahala gora egiten du erabilera arazotsua dutenen kopuruak. Nafarroan larriagoa da egoera: erabilera arazotsua %5,5 da.
Pornografiaren kontsumoa ere aztertu dute txosten horretan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, batez beste 12 urterekin izaten dute eduki pornografikoetarako sarbidea, eta, hiru kasutik batean, ustekabean ikusten dute lehen aldiz. Galdetutako haur eta nerabeen %30ek aitortzen dute noizbait pornografia kontsumitu izana: mutilek nabarmen gehiago ikusten dute —%45 mutilak dira, eta %14,3 neskak—. Ohiko kontsumoa %11,1 den arren, kontsumo problematikoa izan daitekeenaren prebalentzia handia da pornografia kontsumitzen duten horien artean —seitik batek izan dezake kontsumo arazotsua—.
Ziberjazarpena apaldu egin da
Ziberjazarpena eta indarkeria ere kontuan izan ditu ikerlanak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haur eta nerabeen %21,4k jasan dute eskola jazarpena, eta %6k ziberjazarpena. Hala ere, 2021eko datuekin alderatuta, beherakada nabarmena izan da —duela bost urteko datuak %32,3 eta %19 ziren, hurrenez hurren—. Bikote indarkeria digitala ere antzeman da: bikotekidea duen edo noizbait izan duen lau nerabetik batek (%25,6) adierazi du indarkeria mota horren adierazpenen bat maiz jasan duela.
Ondoez emozionala eta jokabide suizidari buruzko datuak ere oso kezkagarriak dira: aipatutako hiru lurraldeetan inkestatutako haur eta nerabeen %13,9k ondoez emozionalaren sintomak dituzte —antsietatea, somatizazioa edo depresioa—, eta %6,1ek beren buruaz beste egiteko arrisku handia erakusten dute. Lotura zuzena dago sare sozialen erabilera arazotsuaren eta ondoez emozionalaren artean. Izan ere, haur horietan nabarmen handiagoak izaten dira antsietatea, somatizazioa eta depresioa, eta beren buruaz beste egiteko duten arriskua besteena halako lau da.
Gurasoen bitartekotza
Gurasoen bitartekaritzaren beharrean jarri dute arreta berezia: txostenean agerian utzi dute arriskuaz jabetu bai baina kontrol neurriak behar baino gutxiagotan jartzen dituztela. Hego Euskal Herriko datuen arabera, gurasoen erdiek baino gehiagok (%54,4) maiz hitz egiten dute seme-alabekin Interneten arriskuei buruz, baina «portzentaje txikiago batek —%46,9k— jartzen ditu arauak edo mugak sakelakoa, Internet edo sare sozialak erabiltzen dituzten orduei dagokienez, eta lautik batek bakarrik mugatzen ditu sareetan jartzen dituzten edukiak». Ikerketak gomendio batzuk ematen ditu, hala nola «logelan sakelakoarekin lo ez egitea eta familiako otorduetan hura ez erabiltzea».
Edonola ere, arazoari aurre egiteko, gurasoen bitartekaritzaz gain, beharrezko ikusten dute komunitateari heltzea. «Erakundeek, eskolak, familiek eta sektore pribatuak jarduteko ardura dute, eta haurren eta nerabeen parte hartze aktiboa behar dute erronka horiei aurre egiteko».
Horrekin lotuta, Joseba Madariaga Unicefen EAEko presidenteak gogorarazi duenez, «ongizate digitala osasunaren, bizikidetzaren, hezkuntzaren eta haurren eskubideen ikuspegitik landu behar da, ez soilik pantailen erabileratik». Ideia hori garatu du Alvaro Vicente Gomez Informatika Ingeniarien Euskal Elkargoko dekanoak: «Adingabeek ez dute teknologia erabili soilik egiten: arreta erakartzeko eta portaeretan eragiteko diseinatutako ekosistema digitalen barruan hazten dira. Horregatik ez da nahikoa pantaila denboraz hitz egitea; horretaz ez ezik, hauei buruz ere hitz egin behar dugu: diseinu arduratsuaz, gardentasun algoritmikoaz, hezkuntza digital kritikoaz eta haurrak ingurune digitalean modu eraginkorrean babesteaz». Gogorarazi duenez, «teknologia ez da neutrala, eta industria teknologikoak zeregin aktiboa izan behar du espazio digital seguruagoak, osasungarriagoak eta inklusiboagoak sortzeko. Ongizate digitala ere diseinatu egiten baita».