Ez zait ahazten Carlos Garaikoetxea eta Sagrario Mina lehen aldiz ikusi nituenekoa, Iruñean, 1970eko hamarkadaren hasieran. Norbaitek esan zidan biak Patxi Zabaletaren ikasleak zirela euskarako gau-eskolan. Garaikoetxea Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako presidente zen garai hartan; Sagrario Mina, berriz, MINA lantegi ezaguneko familiakoa. Geroxeago, sendi hartako beste kide batzuk ere ezagutu nituen: Javier Garaikoetxea arkitektoa ikasle izan nuen gau-eskolan, eta Garaikoetxea Minatarren bi seme zaharrenak San Fermin ikastolan zebiltzan; hara joaten ginen eguerdian hiruzpalau neska, irakasleek bazkaltzen zuten bitartean umeak zaintzera.
2017ko udan Martxelo Otamendik proposatu zidanean Aleka bildumarako Carlos Garaikoetxeari buruzko liburu biografikoa idaztea, ez nuen bi aldiz pentsatu: berehala eman nion baietza. Eta hala, 2018ko urtarrilaren 22an bildu ginen Garaikoetxea Urriza eta biok lehen aldiz bere despatxuan. Grabagailua piztu eta estropezurik gabe hasi zuen bere ibilbidearen kontakizuna lehendakari ohiak. Ia bi hilabete eman genituen hartan, arratsaldez beti, harik eta elkarrizketatuak iritzi zion arte nahikoa zela, esan beharrekoak hor zeudela.
Carlos Garaikoetxea ez da mugatzen gertaerak kontatzera; hiztun aparta, barrea eragingo dizu berak asmatutako hitz-joko batekin, eta bihotzeraino iritsiko zaizu sentipenak arakatzen hasten denean. Esaterako, Orendainen, Eskolapioen Seminarioan, artean mutikoa zela erne zitzaionaz: «Malenkoniarako joera bat, bizi guztian iraun didana, eta musikan, literaturan eta denean erromantizismoaren zalea izatera eraman nauena. Alde positiboen artean, berriz, existentziaren ikuspegi transzendentea, nahiz eta fedearen eta arrazoimenaren arteko borroka unamunotar horrekin izan, agnostizismoaren eta fedearen arteko talkan».
Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaolaren ondoren, hirugarren lehendakaria izan zen Garaikoetxea, 1980an: «Apirilaren 9an egin zen inbestidura saioa, Gernikako batzar etxean. Zazpi orduko eztabaidaren ondoren, gauerdiko hamabiak eta bi minutuan izendatu ninduten lehendakari. Txistua, tinbalak, ereserkia… Zirraragarria izan zen». Bi aste behar izan zituen lehendakariak gobernua osatzeko; irizpide nagusia: arlo bakoitzeko «onenak aukeratzea». «Horietako inor ez zen alderdikoa, eta hori, agian, garesti ordaindu nuen (…) izendapen bat egiten duzunean, lehen ehun etsaiak irabazten dituzu».
Etsai izugarria naturaren aldetik etorri zena: 1983ko uholdeak. «Abuztu hark Euskal Komunitateko gobernuetan egon nintzen sei urteetako unerik gogorrenetakoa ekarri zidan, gogorrena, seguru asko. Abuztuaren 26an, euriteak herrialdearen zati handi bat suntsitu zuen: hogeita hamazazpi hildako (…) eta ehunka milioi pezetako galerak, azpiegiturak birrinduta eta ondasun publiko eta pribatuak txikituta, tanta hotzak eragindako erauntsiarengatik». Lau egun eman zituen lehendakariak batetik bestera, lotarako astirik gabe.
Paletaren kolore guztiak erabiltzen ditu Carlos Garaikoetxeak bere bizitzaren kontaketan, distira darienetatik uherretaraino. Eta, aldi berean, diskrezioari muzin egin gabe.