Frankismoak iraun bitartean euskal abertzaletasunak egindako bidea landu zuen Aurora Madaula historialariak (Mollet del Valles, Herrialde Katalanak, 1978) bere doktore tesian, eta liburu forma eman dio orain, izenburu adierazgarri batekin: Patriotas y bastardos (Erein, 2026). Abertzaletasunaren barruan gertatutako haustura bat irudikatu du; haustura «ideologiko» bat, nabarmendu duenez.
Elkarrizketaren batean aipatu duzu Jose Mari Bakerok zerikusia izan zuela, baina euskal abertzaletasunaren inguruko doktore tesi bat egiteraino?
Bakerorekin zera ikusi nuen, Dream Team-eko euskal herritarren artean bazela EAEtik kanpokoa izan eta bere burua euskal herritartzat zuen norbait. Nolabait, esan nuen: gu Ipar Kataluniarekin eta Herrialde Valentziarrarekin bezala? Gero, karrera ikasi nuenean, banuen interes bat nazio gatazkekiko, eraikuntza nazionalarekiko, estaturik gabeko nazioekiko. Eta masterra egitean Euskal Gatazka ikasgaia ere eman nuen, baita mundu arabiarrari buruzko bat ere. Bien artean zer landu zalantzan egon nintzen, eta irakasle batek esan zidan biak egiteko. Orduan, tesina izan zen Eragin arabiar-israeldarrak euskal gatazkan. Horren ostean, tesia ere Euskal Herrian zentratzea erabaki nuen, asko interesatzen zaidan beste auzi baten inguruan: erbestea.
Erbesteak abertzaletasunaren ibilbidean izandako eragina landu duzu.
Niri erbesteaz interesatzen zitzaidana zera da: nazio eraikuntzan duen eragina. Nazioak nola aldatzen diren erbestearen ondorioz, nola dakarren beste eragin batzuk jasotzea, barruan izango ez zituztenak. Eusko Jaurlaritza eta abertzaletasun kontserbadorea erbestean garatu ziren. Eta ezin da alboratu aurrez existitzen ez zen agente bat agertu zela, eta hura ere erbestean garatu zela, nahiz eta ekintzak barruan egin. Kanpoko agenteen eragina zuen ETAk: hirugarren munduko mugimenduak, komunismoa, Aljeria, Vietnam...
Nola definituko zenuke aztertutako aldian Jaurlaritzak izandako eboluzioa?
Erresistentzia. Berrogei urtez erbestean irauteko gaitasuna dute, badagoelako Eusko Jaurlaritzaren ideian sinesten duen jendea. Kontuan izan behar da oso erakunde berria zela; 1936ko urriaren 1ean eratu zen. Kataluniako Generalitatea bide luzeagoa zuen, eta erortzen utzi zuten. Beraz, erresistentzia hori nabarmentzekoa da. Eusteak aldaketak ere inposatzen dizkizu, ordea; eboluzio bat. EAJk hala egin zuen, eta horregatik amaitzen dut liburua Lizarrako kongresuarekin, ezberdintasunak agerikoak baitira 1939an atera zenaren eta 1977an itzuli zenaren artean. Eta erresistentzia da abertzaletasun iraultzailearena ere.
«Leizaolak ez zuen Agirreren izaera. Distantzia hartzen lagundu zien horrek beste irtenbide batzuk ikusten zituzten belaunaldi berriei»
Jaurlaritza eta EAJ. Liburuan agerian uzten duzu bien artean bereizteko zailtasuna. Nolakoa da harreman hori?
Erbestealdi guztietan gertatzen da; indar bat dago ia-ia bakarrik geratzen dena. Aldaketak daude, baina EAJ da Eusko Jaurlaritzaren pisuarekin aurrera egiten duena. Nahiz eta aztertzen dudan pertsonaia nagusia, Manuel Irujo, ez izan gobernuaren parte, ideologoa da. Hura gabe ez dago Eusko Jaurlaritzarik, ez dago ideologia edo estrategiarik. Halere, aldi batzuetan EAJk ez du bat egiten Eusko Jaurlaritzak Paristik ezarritako estrategiarekin; adibidez, Ajuriagerra oldarkorra da. Eta desadostasun batek ematen dio bidea ETA sortzeari ere. Baina, era berean, Jaurlaritzak instituzioaren legitimitatea du.
Legitimitate horren figura da Agirre lehendakaria. Oraintsu, Aitor Esteban kexu zen EH Bilduko ordezkariek hura aipatzen dutelako euren hitzaldietan.
Oso ondo iruditzen zait aipatzea. Bazen garaia. Lehendakariaren figura instituzio propio bat da; are gehiago erbestealdi batean. Lehendakaria ez da erreferente ideologiko edo intelektual bat: erreferente instituzional bat da, eta herritar guztiena da. Instituzio hori aitortzen baduzu, aldarrikatu behar duzu. Are, gaizki iruditzen zait orain arte aldarrikatu ez izana; ezker abertzalearen arazo bat izan da.
Hain zuzen, Agirreri dagokionez, aztertu duzu haren heriotzak eragin nabarmena izan zuela ondorengo bidean. EAJk eta Jaurlaritzak ez zuten argi nola erantzun? Hain justu, ETA bere hastapenetan zenean.
Nabarmen eragin zuen, noski. Agirre lehendakaria, erakunde bat izateaz gain, gizon karismatikoa zen, aura zuen. Eta halako pertsonaia baliotsua galtzen duzunean, nabari egiten da. Egin beharrekoa egin zuten: ordezko bat aukeratu. Ezin da bozkatu, ez dago parlamenturik… ba, lehendakariordea jarri zuten. Baina ez da lehen gobernu hartan aukeratutako lehendakaria, erbestera atera zen hura. Eta Leizaolak ez zuen Agirreren izaera ere. Distantzia hartzen lagundu zien horrek beste irtenbide batzuk ikusten zituzten belaunaldi berriei.
«Banaketa hura gertatu ez balitz, EAJk agian ez luke inoiz defendatuko euskara orain defendatzen duen bezala»
Liburuko azalerako Manuel Irujoren irudi bat aukeratu duzue, eta hura parafraseatuta, bi hitz: Patriotas y bastardos (Abertzaleak eta sasikumeak). Gatazka bat irudikatzen du, baina barrura begirakoa, ezta?
Irujoren Patriotas y gamberros artikulutik hartu dut. Erbestearen eragina hain da handia, agente ezberdinak sortzen baititu, eta oso modu ezberdinetan garatu. Horregatik aukeratu nuen Patriotas y bastardos izenburua (Abertzaleak eta sasikumeak). Ez zaidalako iruditzen ganberroak zirenik. Eta grazia egiten zidan bazirela, nolabait, sasikumeak. Azken finean, batzuk haien seme-alabak ziren, eta batzuek sasikumetzat jo zituzten burua galdu zutelakoan. Jendeak borroka armatuaren gaiari erreparatzen dio, baina ETAk ia hamar urte pasatu zituen erabaki arte indarkeriaren bidea hartuko zuela. Gainera, EAJk Pirinioetan armatuta zegoen jendea finantzatu zuen, eta eurek ere armak zituzten. Auzia ideologikoa zen, beraz. Ez zuten ulertzen euskal abertzaletasunak ezkerrera egitea. Haientzat, komunistak ziren.
Liburuan, euskararen auziari ere heldu diozu. Belaunaldi berri horren agerpenak neurriak hartzera behartu zuen EAJ?
Horregatik du hizkuntzak atal bat [1977ko] Iruñeko batzarrean. Banaketa hura gertatu ez balitz, EAJk agian ez luke inoiz defendatuko euskara orain defendatzen duen bezala; ez zuen egindako lana egingo. Agerikoa da Krutwigen eta Txillardegiren eragina. Bartzelonan egon ostean, Sabino Aranak pentsatu zuen ezin zuela gazteleraz aldarrikatu bere nazioa. Baina urteak igaro ziren, eta... 1961ean, baina, Krutwig, Txillardegi eta ETAko beste kide batzuk Parisen egindako jardunaldietan egon zirenean, aldaketa bat gertatu zen. Aldarrikapen bat egin zuten ETAk eta mugimendu iraultzaileak, eta EAJk asumitu egin zuen.
Aldaketa horrek badu bere garrantzia.
Zuk katalana edo euskara abertzaletasunaren corpus ideologikora txertatzen dituzunean, elementu guztiz iragazkor bat txertatzen duzu. Edonork ikas dezake hizkuntza; beraz, edonor izan daiteke euskaldun. Ez da abizen zerrenda edo jatorri jakin bat izan behar. Abertzaletasun zibikoaren bitartez zabaltzen zara, hizkuntzari esker. Eta horrek erakusten du abertzaletasuna modernizatzen ari dela jende gehiago gerturatu dadin. Gainera, jada ez du balio jatorriari erreparatzeak, erbestearen ondorioz, kanpoan jaio diren belaunaldiak baitituzu.
Eta nola ikusten duzu egun euskal abertzaletasuna?
Oso indartsu ikusten dut. Uste dut ongi egokitu dela. Ikerketa egiten ari nintzela, ETAren amaiera bizi izan nuen. Eta, hor entzunda, iruditu zitzaidan ezker abertzaleak 300.000 botoko langa bat zuela. Baina, borroka armatua uztean, ez zuen espero bezala egin gora, eta harritu egin ninduen. Halere, gehiago kostatu arren, gainditu du. Era berea, kritika da estrategia nazionala, independentista, nabarmen alboratu dela. EAJren kasuan badakigu, Convergenciaren antza du horretan. Baina EH Bilduk ere halaxe egin du. Ulertzen dudan arren, ez zait asko gustatzen.