Bada Zarauzko (Gipuzkoa) euskal jaien egunean ezinbestekoa den elementu bat: baserritar jantzia. Horregatik, usadio zaharrari eutsi, eta garai bateko abarketak, zapiak, alkandorak, galtzak, gonak... soinean atera ziren atzo kalera herritar ugari. Goizean goizetik girotu zituzten kaleak. Beraz, tradizioari izkin egin gabe, urtez urte eraberritzen duten egunari ekin ziotenherritarreek: ikuskizunak, triki air txapelketa, kontzertuak, jolasak... denetatiko ekitaldiak izan zituzten.
Asteartea izanik, ohi baino lasaiago zeuden plazak, baina festarik ez zen falta. «Giro ona» zegoela zioen Elixabet Urzelai gazte zarauztarrak: «Kanpoko jende gutxiago dabil; txosnentzat, okerrago; baina, parranda lasai egiteko, hobeto!».
Alproja taldearen antzerkia hasteko zain zegoen Urzelai, lagunekin batera. Garazi Agoues ondoan zeukan. Hura ere antzezleak oholtzara igotzeko esperoan zegoen. «Antzerkia da eguneko hitzordua da», ziurtatu zuen, itxaron bitartean, eta obraren garrantzia eta lana nabarmendu zituen.
Eta ez zen bakarra izan; izan ere, ikusmin handia sortu ohi du emanaldiak. Gakoa: herritarra da; herritarrek eginda eta herriarentzat. Horregatik, jende tropela mugitu ohi du urtez urte. Eguerdi partean hastekoa bazen ere, ordubete lehentxeago bete ziren kasik oholtza pareko aulki guztiak. Ez zen ia tokirik esertzeko, eta abilenek 11:00ak inguruan bete zituzten itzalpean zeuden lekuak. Axun Uzkurun eta Andoni Larreta ziren gerizpean egoteko zortea izan zutenetako bi; propio joan ziren goizean goiz. «Tokia hartzeko, ez, baizik eta itzala hartzeko!». Halaxe esan zuen Uzkurunek. Gogoko dute biek Munoa plazan urtero egiten den ikuskizuna. «Herriko jendeak parte hartzen du, eta gaiak oso egunerokoak dira», zioen Uzkurunek, eta Larretak ere bat egin zuen baieztapena horrekin.
Gerra, baina umorez
«30 urte baino gehiago» dira biak Zarautzen bizi direla, eta, ondorioz, «oso ondo» ezagutzen dituzte euskal jaiak. Egungoak gustuko badituzte ere, beste garai batekoen nostalgia puntu batekin mintzo ziren biak. Uzkurunek aho bizarrik gabe hitz egin zuen: «Oraingoak ez dauka zerikusirik ezagutu genuenarekin. Lehen, sanoagoa zen giroa. Beti edan da, baina orain eguna edateko ohiturak hartuta dago».
Iosu Isaias Villanueva gaztea ere plazan zegoen, kuadrillakoekin hamaiketakoa egiten, obra hasi baino lehen. Haren irudiko, orain dela zenbait urte «desfasatu» egin zen euskal jaien eguna. Baina gaur egun «lasaiagoa» da. Hala, giroaren inguruko iritziak kontrajarriak badira ere, bada ezbairik gabe denek onartzen duten gauza bat: «Oso festa polita da». Villanuevak hori azpimarratu zuen, baita Uzkurunek eta Larretak ere.
Eguzkiak gogoz jotzen zuen, eta ordu-orduan hasi zen emanaldia. Zenbat gerra, lau, bat, hiru, bost, zazpi izenburua zeukan obrak, eta, urtero bezala, gai nagusia sekretua zen. Baina agertokira igo, eta segituan argitu zuten zein izango zen ildo nagusia: gerra. Baina ez nolanahiko gudua, Zarautzen eta San Pelaioren arteko independentzia gerra baizik. «Guztia egia, baina gure ikuspuntutik» esan zuten alproja taldekoek obra aurkezteko. Eta hortxe aritu ziren: galtzagorriak, bi armada, Espainiako monarkiakoak... hamaika pertsonaia, dena umorez, etengabe Zarauzko errealitateari erreferentzia eginez.
Ikus-entzuleak ederki asko sartu ziren antzezleek proposatutako giroan, eta gogotik egin zuten irri eta txalo. Sargori bazegoen ere, obrak iraun bitarteko ordubetean inor ez zen eserlekutik mugitu. Eta amaierarekin batera, txalo zaparrada eskaini zieten ikusleek antzezleei.
«Hogeita hamar urte- edo badira hau egiten dela [antzerkia]; urte batzuetan, jende falta izan da, baina urtero-urtero atera da. Gainera, geroz eta jende gazte gehiago animatzen da». Kontent zegoen Kristina Ruedas ikuslea, obrarekin gustura.
Arratsaldean, erromeria
Ikuskizuna bukatuta, musika entzun zitekeen edozein bazterretan: batetik, pandero jotzaile eta trikitilarien dantza doinuak; bestetik, tabernetatik ateratzen zen abestien zaratotsa. Ruedasek kaleko giroaren alde egin zuen: «Gaurko eguna kalean egoteko da, ez tabernetan».
Bazen tabernetan ez baizik eta plazan dantzan zebilenik ere. Horren erakusgarri zen Musika plaza. Arin-arin eta fandangoen bueltan, jira eta bira ibili ziren asko. Izaskun Angoitia zarauztarrak dantza maite du, eta hori da, hain zuzen ere, eguneko gauzarik onena, haren aburuz. Baina «kritika txiki bat» egin zion egunari. «Fandangoa eta arin-arina bakarrik jotzen dute; badago beste dantza batzuk sartzea; hain dantza mugituekin lehertu egiten gara!». Iritzi berekoa da Agurtzane Agirre, Angoitiaren laguna. «Garai bateko erromeria-erromeria behar dugu!», zioen Angoitiak. Haatik, dantzak «presentzia handia» izan zuelako pozik agertu ziren biak. Eguneko onena, haien iritziko: larrain dantza eta kalejira. Horretan ere bat zetozen bi lagunak.
Eguerdi partean, herritar asko etxera joan ziren bazkaltzera. Baina egon zen ere kalean bertan ogitartekoa atera zuenik, edo elkartean bildu zenik, mahaiaren bueltan. Beste batzuk, berriz, gaztetxean elkartu ziren. Hala azaldu zuen Iker Itxaso gaztetxeko kideak. Otordua prestatu, eta gero jolasak egin zituzten txosnetan.
Baina euskal jaien eguna ez da soilik goiz eta eguerdian ospatzen. Arratsaldean eta gauean ere egon zen gozamenerako tartea Zarautzen: erromeria, kalejira, triki air txapelketa —trikitirik gabe, trikitia jotzen dutela antzezteko lehiaketa—, eta kontzertuak. Festa tradizio bihurtu dute zarauztarrek euskal jaien egunean.