EH Bilduk uste du gaur egun indarrean dagoen hizkuntza politika gainditu egin behar dela. «Hizkuntza politika berria, lehentasunezkoa eta burujabea behar dugu, eta euskarari estatus egokia ematea ezinbestekoa da, berezkoa, normalizatu beharrekoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa izan dadin», esan du Iratxe Ibarrak. Laura Mintegi lehendakarigaiak prentsaurrekoa eman zuen atzo, hizkuntz politikei buruz, boterera iristen badira Hizkuntza Normalizazioa Saileko buru izango den Iratxe Ibarrarekin batera. Han Mintegik salatu zuen politikoki «apustu seriorik» ez dela egin euskararen alde, legalki ez dagoela babestuta, eta egunerokotasunean ez dagoela bermatuta: «Normaltasuna falta zaio eremu politikoan, juridikoan eta soziolinguistikoan».
Hori ikusita, EH Bilduk boterera iristen bada martxan jarriko duen hizkuntza politika berriaren oinarriak aurkeztu dituzte. Bost oinarri izango ditu. Batetik, hizkuntzaren gainean erabakiak hartzeko burujabeak izatea; bigarrenik, hizkuntzari «dagokion estatus juridikoa» ematea;hirugarrenik, baliabide ekonomikoak eta pertsonalak eskaintzea; laugarren, «behetik gorako eta goitik beherako bultzada» ematea, «ez baita nahikoa dekretuz aritzea, ezta militantzia hutsez jardutea ere. Bi bultzadak bat egitea da gakoa». Eta, azkenik, «gune intentsiboak sortzea», udalerri euskaldunetan, hiriburuetan eta eskualde buruetan arreta jarriz.
EH Bilduk jakinarazi du hori guztia lortzeko estrategiak bultzatuko dituela. Esate baterako, «euskararen legedi eta arkitektura juridiko berria» garatu behar dela uste dute, «euskararen berezkotasuna, ofizialtasuna, lehentasunezko izaera, ezagutzaren unibertsaltasuna eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko». Horretaz gain, Euskara Normalizaziorako Plan Estrategiko berria diseinatzea eta egikaritzea ere beharrezkotzat jotzen dute, gainerako erakunde publikoekin eta euskararen inguruko gizarte erakundeekin elkarlanean.
Hiru neurri hartu nahi ditu EH Bilduk, euskararen normalizaziorako: hiztun berriak lortzea eta euskara unibertsalizatzea, hiztunei euskara erabiltzeko aukerak ematea, eta herritarren motibazioa indartzea.
Hori guztia esanda, koalizioak berak ere hartu ditu konpromiso batzuk: EH Bilduko legebiltzarkide guztiak euskaldunak izango dira, kontseilariak izatekotanere bai, haien lehentasunezko hizkuntza euskara izango da, baita koalizioaren lan hizkuntza ere.
Lehentasunezko hizkuntza politika egingo du EH Bilduk
Euskararen normalizaziorako politikoki «apustu seriorik» ez dela egin salatu du Mintegik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu