Goizeko ordubatak eta laurden inguru aldera egin du eztanda Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian ETAk jarritako lehergailuak. Hogei minutu lehenago, ETAren izenean ari zela esan duen gizonezko baten deia jaso dute Gipuzkoako DYAn, lehergailuaren berri emanez. Hori dela eta, epaitegia eta inguruak (San Juan kalea) hesitu ditu Ertzaintzak, eta halaber, lehergaiz betetako motxila aurkitu du eztanda gertatu baino lehen. Megafonia bidez leihoak eta ateak ondo ixteko agindu die inguruko bizilagunei. Abisua emandako orduan gertatu da leherketa.
Inor ez da zauritu, baina epaitegiko zaindarietako bat "mirariz" salbatu dela nabarmendu du Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia sailburuak. Epaitegia nola geratu den ikusten ibili da Azkarraga, eta atentatua gaitzesteaz gain, zaindari horrek epaitegitik leherketa baino "instat bat lehenago" lortu duela ateratzea azaldu du.
Kalte materialak, berriz, handiak dira: besteak beste, hiru metro diametroko zuloa egin du fatxadan, eraikin guztiko kristalak hautsi ditu, eta epaitegiaren ondoko murru bat goitik behera bota du. Era berean, inguruan aparkatutako 20 bat ibilgailutan eta hainbat etxebizitza eta tabernatan kalteak eragin ditu. Baita ondoan den osasun zentroan ere.
Gaitzespen zabala
Polizia iturrien arabera, 5 kilo lehergai zituen bonbak eta motxila batean zegoen gordeta. Hain zuzen ere, eztanda gertatu baino ordubete lehenago motxila hori bi lagunek epaitegi atarian utzi dutela ziurtatu dute polizia iturriek.
Atentatua gogor gaitzetsi dute agintari eta alderdi gehienek, hala nola, arestian aipatutako Joseba Azkarragak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Tolosako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek (EAJ, EA, PSE-EE, EB-Aralar, PP), eta EAJ, PSE-EE, PP, EB eta Aralarreko buruzagiek.
Atentatua
Lehergailua zartarazi du ETAk Tolosako epaitegian, eta kalte material handiak eragin ditu
Inor ez da zauritu. Goizeko ordubatak eta laurden inguruan egin du eztanda. Polizia iturrien arabera, 5 kilo lehergai zituen motxila jarri dute bi lagunek atarian.Hogei minutu lehenago ETAren izenean ari zela agertu duen gizonezko batek abisua eman du DYAn. Epaitegian ez ezik, inguruko ibilgailu eta etxebizitzetan ere eragin ditu kalteak. Agintari eta alderdi gehienek gogor gaitzetsi dute atentatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu