Osasuna

Leioan atzemandako tuberkulosi kasuen harira ehun pertsonatik gora aztertu behar direla onartu du Osasun Sailak

EHUko campusean hiru kasu atzeman direla baieztatu du Jaurlaritzak; ikasleak dira hirurak, eta haien inguruko pertsona denak ikertzen ari dira orain

Cortesen ere (Nafarroa) tuberkulosi kasuak atzeman zituzten duela hamar bat urte. JAGOBA MANTEROLA / ARGZKI PRESS
arantxa iraola
2016ko ekainaren 1a
12:14
Entzun

"Tuberkulosia gurean ez da errotik erauzitako gaixotasun bat", onartu du gaur goizean Donostian egin duen agerraldian Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek. "Noizean behin halakoak izaten dira". Eta baieztatu du, hain justu, tuberkulosiak jotako hiru ikasle atzeman dituztela EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusean eta bertako ikasleen egoitza batean.

Gaixotasuna zabal ez dadin, garrantzitsua da ikasleen inguruan ibilitako pertsonak aztertzea, eta horretan ari dira Osasun Sailaren barruan jarraipen epidemiologikoa egiten duten teknikariak: "Ikasgelako kideak, irakasleak, familiako kideak...". Guztiekin harremanetan direla azaldu du Osasun Publikoko zuzendari Miren Dorronsorok: "Ehun lagun baino gehiago dira, eta gehiago ere izan daitezke". Infekzioa atzematen dietenei tratamendu profilaktikoa ipintzen diete, gaixotasuna gara ez dezaten. Sei hilabete inguruko tratamendua izan ohi dela azaldu du Darponek.

Gaur Donostian egin duten prentsaurrekoa izan da Osasun Sailak profesionalei txertoei buruzko irizpide bateratuak emateko egin duen eskuliburu berria aurkezteko. Mediku eta erizainentzat kontsultarako baliabide garrantzitsua izango dela esan dute. Gidaliburu horretan lehen aldiz aintzat hartu dituzte, ume eta gaztetxoei txertoak jartzeko egutegiaz harago, helduei txertoak ipinitzeko irizpideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.