Leitzako asteburuko azterketa handian 35 asintomatiko atzeman dituzte

Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak bildu dira datuak aztertzeko, eta oraingoz beste neurririk ez hartzea erabaki dute.

Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurain Mikel Zabaleta alkatea, besteak beste, Leitzan PCR probak egiteko gunea ikusten, joan zen larunbatean. NAFARROAKO GOBERNUA
Edu Lartzanguren.
2020ko irailaren 9a
16:09
Entzun

Leitzan koronabirusak eragindako izurriaren agerraldi bat egon da azken asteotan. Horri aurre egiteko, azterketa saio handia egin zuten asteburuan, herriko kiroldegian. Denera 1.882 herritarri egin zieten PCR proba. Leitzako alkate Mikel Zabaletak jakinarazi duenez, 35 positibo atzeman dituzte azterketan, sintomarik gabekoak denak.

Udalak plazaraturiko ohar batean zehaztu dutenez, behin betiko datuak dira. Izan ere, behin-behineko kalkuluetan 26 kasu baino ez zituzten baieztatu.

«Leitzako herritarren parte hartzeari eta elkartasunari esker, herrian gertatzen ari zen koronabirusaren hedapena gelditzeko informazio oso baliagarria eskuratu dugu», adierazi du Zabaletak.

Udalak adierazi duenez, Nafarroako Gobernuarekin bildu dira datuak aztertzeko, eta denen artean erabaki dute oraingoz beste neurririk ez hartzea.

Edonola ere, udalak aholku sorta bat eman die herritarrei: besteak beste, positibo eman duten horiekin hurbileko kontaktua eduki dutenei, bakartzeko, nahiz eta asteburuko proban negatibo eman. Izan ere, horiei berriz deituko diete beste azterketa bat egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.