Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako barne ministroak atzo goizean «ia ziurtzat» jo zuen Leitzan gertatutakoa ez zela atentatua, eta, eguerdian, hipotesi hori «erabat baztertu» zuela zioen. Azalpen gehiago ez ditu eman, ordea, eta medikuek zauritutako guardia zibilarekin hitz egiteko baimena emateko zain daudela besterik ez du esan -guardia zibila Nafarroako Ospitalean dago, eta pronostikoa «arina» da-.Nahasmen handia dago igande goizaldean Leitzan gertatutakoari buruz. S.M.O. 32 urteko guardia zibilak bala zauri bat zuen besoan, eta balentzako atorrean beste tiro bat jaso zuen. Igande goizeko lehen ordutik eguerdira arte, sei orduko tartean, segurtasun indarren iturriak aipatuz, albiste agentziek ETAren atentatu bati egotzi zioten erasoa.
Igande eguerdian, Espainiako Barne Ministerioak adierazi zuen atentatuaren hipotesiak indarra galdu zuela; 13:00etan, hasieran atentatua zela zioten segurtasun indarretako iturriek beraiek zioten zantzu guztiek aditzera ematen zutela zauritutako guardia zibilak sortutako «muntatze» bat izan zela. Iturri horiek aipatzen zuten gertaeraren tokian Guardia Zibilak erabili ohi duen Santa Barbara motako munizioa zegoela, eta ez ETAk erabili ohi duena. Gainera, zauritua oso gertutik tirokatua izan zela zioten, eta kuarteletik 100 metrora aurkitutako gailua ez zela granada jaurtigailu bat, PVC hodi soil bat baizik.
Orain zaurituari egotzi arren ardura guztia, Xabier Zabalo Leitzako alkateak Apurtu.org webguneari adierazi dio guardia zibilen arteko liskar bat egon daitekeela gertaeren atzean. Herritarren artean bildutako testigantzetan oinarrituta, Zabalok dio bertsio ofizialean bat ez datozen datuak daudela: «Oso zaila da pertsona baten bertsioa sinestea mundu guztiak». Zabalok ziurtatu du metraileta baten tiro-sorta entzun zela 45 minutuz, eta kuartelekoargiak itzali egin zituztela. Gaineratu du guardia zibilen arteko liskarrak ohikoak direla.
Alkatearen aburuz, asteon hainbat gertaera egon dira herrian: ostegunean, adibidez, «viva Cristo Rey» oihukatu zuten, eta Legioaren abestia kantatzen aritu ziren guardia zibilak; Espainiako bandera duten egutegiak saltzen aritu dira egunotan, eta hainbat errepide kontrol egin dituzte.
NaBaik argibideak eskatu ditu
Zauritutako guardia zibila tratamendu psikologikoa jasotzen ari den galdetu zioten Alfredo Perez Rubalcabari, eta ministroak ez zuen ez ukatu ez baieztatu. Dena den, Diario de Navarra egunkariakatzo kaleratutakoaren arabera, S.M. guardia zibilak bere borondatez eskatu zuen Leitzako kuartelera igortzea duela urte erdi.
Barne Ministerioak orain arte ezer gutxi argitu duenez, Uxue Barkos NaBaiko diputatuak hainbat galdera egin ditu Espainiako Kongresuan. Besteak beste, Rubalcabari eskatu dio zein den ikerketaren behin betiko emaitza. Barkosek galdetu dio ea lehen unean segurtasun indarretako iturriek baieztatu al zuten atentatu saioa izan zela. Era berean, galdetu du «zer ikerketa ildok» eraman zituen poliziak kuartel-etxe ondoko mendian aztarnak bilatzera. Barkosek jakin nahi du, baita ere, zer ordutan hasi ziren gertaerak ikertzen eta zer ordutan antzeman zuten atentatuaren hipotesiak ez zuela indarrik. Azkenik, Rubalcabari galdetu dio zergatik behar izan zuten sei ordu hori adierazteko.
Aipagarria da hainbat alderdi eta erakundek gertaera gaitzetsi zutela bertsio ofizialak atentatua ETAri egotzi zion tarte horretan: UPNk, PPk, CDNk, Iruñeko Udaleko eledunen batzarrak... Yolanda Barcinak 13:30ean ospitalean zauritua bisitatuko zuela iragarri zuen, baina atentatuaren aukerak indarra galdu ahala, bisita atzera bota zuen. Atzo, NaBaik Kongresuan egindako eskaera izan ezik, beste alderdiek ez zuten gaiari buruz hitz bakar bat esan.
Leitzako gertaera atentatua dela erabat baztertu du Rubalcabak
Herritarren azalpenetan oinarrituta, Xabier Zabalo alkateak guardia zibilen arteko liskar bat izan daitekeela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu