Lekeitioko Antzara Egunean sei eraso matxista eta bi homofobo egin zituztela salatu dute

Lekeitioko Udalak, mugimendu feministak eta txosna batzordeak gaitzetsi egin dituzte erasoak, eta elkarretaratze bat egingo dute gaur, 20:00etan, horiek salatzeko.

Iazko Antzar Eguneko artxiboko irudi bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 7a
14:44
Entzun

Asteartean Antzara Eguna izan zen Lekeition (Bizkaian), eta gutxienez sei eraso matxista eta bi homofobo egin zituzten, Lekeitioko Udalak «gogor» salatu duenez. Irailaren 1ean egindako Bajada Egunean ere beste eraso homofobo bat egin zutela esan dute. Eraso horiek ikusirik, portuko eremuko txosnak ez dituzte irekiko gaur, eta elkarretaratze bat egingo dute 20:00etan, Abadeen moilan, Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean, txosna batzordeak antolatuta.

Ikusi gehiago:Arraiozko bestetan lagun talde bati eraso LGTBIfoboa egin diotela salatu dute

Udalekoek esan dute Lekeitio «askatasunean eta libre» bizi den herri bat izatea nahi dutela: «Ez gara nekatuko esaten: denon askatasuna da garrantzitsuena, eta hori elkarrenganako errespetu osotik dator».

Eraso matxistak eta homofoboak jasan dituztenei «babes osoa» adierazi die udalak, eta haien eskura jarri ditu gizarte zerbitzuak. Herriko mugimendu feministak adierazi du «planto» egingo dietela eraso guztiei: «Kaleak eta gauak gureak dira, eta elkarrekin antolatuko gara erasoen aurrean autodefentsa feministari ekiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.