Auzipetuez gain, Espainiako Poliziako zortzi agentek ere deklaratu zuten atzoko ahozko saioan. Babestutako lekuko gisa deklaratu zuten, hau da, beraien izena eman gabe eta ikusten ez ziren toki batean. Kepa Landa eta Jone Goirizelaia abokatuek horretarako arrazoirik ez dagoela esan zioten epaimahaiari, eta gainerako lekukoek bezala deklara zezatela eskatu zuten. Manuela Fernandez de Prada buru duen epaimahaiak jakinarazi zien defentsaren argudio batzuk bere egiten dituela, baina, hala ere, lekuko babestu modura deklara zezaten hobetsi zuen.
Javier Gonzalez Mota fiskalak atzoko saioan bertan eskatu zuen poliziek lekuko babestu gisa deklaratzea. Kepa Landak esan zuen epaiketaren aurretik eta idatziz egin behar zuela eskaera hori. Epaiketaren aurreko prozedura luzea izan dela eta horretarako astia izan duela. Gainera, azpimarratu zuen legeak zehaztuta dauzkan salbuespenezko egoera batzuk bete behar direla babestuta deklaratzeko, eta kasu hoentan horiek ez direla betetzen.
Ildo bereko argudioak eman zituen Jone Goirizelaia abokatuak ere. Poliziek babestuta deklaratzeko arrazoi nagusia ETAk haien kontra egin zezakeela zen orain arte. Goirizelaiak gogora ekarri zuen ETAk ekintza armatuak betiko utzi dituela, eta berazargudio horrek dagoeneko ez duela pisurik ohartarazi zion epaimahaiari.
Funtsean, sumarioan dauden aktak berretsi besterik ez zuten egin deklaratu zuten poliziek. Nolanahi ere, ez ziren D3M eta Askatasuna ETArekin, Ekinekin edo Batasunarekin lotzeko gai izan, Fiskaltzaren akusazio nagusia horixe izan arren.
Auzipetuei egindako jarraipen batzuei buruz galdetu zien fiskalak. Poliziek egindako deklarazioetan esan zuten auzipetuetako batzuk prentsaurrekoak prestatzen ikusi zituztela, eta egoitza batzuetatik sartzen eta irteten. Herria Aurrera-ren egoitzatik esate baterako. Baina haiek esandakoek ez zuten frogatu auzipetuek deklaratutakoen kontrako ezer.
ETArekin lotura egiten saiatu ziren, eta, horretarako, Zutabe aldizkari bati egin zioten erreferentzia bi poliziak. Azaldu zutenez, han ETAk esaten zuen garrantzitsua zela hauteskundeetan parte hartzea. ETAren iritzi hori da «lotura» gisa azaldutako bakarra.
«Betikoa»
D3M sortu aurreko polizia txostenez galdetu zien fiskalak polizia horietako batzuei. Jone Goirizelaiaren galderei erantzunez, onartu behar izan zuten garai haietan D3M existitzen zen edo ez ez zekitela. D3M zer zen galdetuta «gutxi gorabehera» bazekiela erantzun zuen 62.020 poliziak.
Beraien ikerketa eta jarraipenetan zeri erreparatzen ziotenere galdetu zien fiskalak poliziei. 62.020 agenteak esan zuen «betikoa» ikertzen zutela: «Batasuna, Ekin, Segi...».
Fiskaltzari proposatutako lekuko guztiak onartu zizkion epaimahaiak, eta haiek jarraituko dute deklaratzen gaur. Bi guardia zibil izango dira galderei erantzuten aurrenak, eta datozen egunetan Espainiako Poliziako agente gehiagoren txanda izango da.
Lekuko babestu modura deklaratu dute poliziek
Defentsek esan dute ez dagoela lekuko babestu gisa deklaratzeko arrazoirik; baina ez diete arrazoirik eman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu