Euskara da hizkuntza indoeuroparrek hego-mendebaldera zabaldu aurretik bizirik mantendu den Europako antzinako hizkuntza bakarra. Euskara Neolitikoan, K.a. 2000. urte inguruan, Pirinioetako bi aldeetara zabaldutako biztanleek mintzatzen zuten hizkuntza zen. Euskararen jatorri genetikoari buruz, berriz, ez dago oraindik gauza argirik. Erabilitako hipotesietatik bat bera ere ezin da frogatutzat eman; ez eusko-iberiar; ez eusko-kaukasiar; ez eusko-berberear, eztabeste hainbat iritzi ere. Eta horixe da, hain zuzen, Luis Nuñezek idatzi eta Txalapartak argitaratu berri duen El euskera arcaico. Extensión y parentescos liburuaren bigarren zatian azaltzen dena.
Lan hau osatzeko lau urte behar izan ditu idazleak: hiru urtean informazioa biltzen eta alderatzen aritu da, eta hamaika hilabete behar izan ditu liburua idazteko. Liburuaren aurkezpenean esan bezala, «lana egiteko aurkitu dudan oztopo nagusia euskararen jatorriaren inguruan idatzi izan den literatura txarra izan da. Zabor ugari dago».
Bere liburuan erromatarrak Euskal Herrian egon ziren garaiko euskara aztertzen du, hots, K.o. I. eta III. mendeko hizkuntza. Eta euskara horri, euskara arkaikoa deitzen dio berak. Erromatarrak iritsi arte, antzinako euskaldunak Garona ibaiaren hegoaldera eta Ebroren bi aldeetara Duero ibairaino zeuden zabalduta, Pirinioetako bi aldeetara hain zuzen. Euskal tribuek hedapen oparoa izan zuten, eta euskara zen hizkuntza komuna. Baina, euskararekin batera, beren lurraldean, beste zenbait hizkuntza batzuk ere baziren.
Pirinioetako iparraldean, Bordeleko Garona ibaitik Lleidako Aran ibairaino, euskara eta galiarra hitz egiten zen, erromatarrek borrokatu zuten populazioaren hizkuntza. Aditu batzuek akitaniera deitu izan diote hizkuntza horri. Baina Luis Nuñezek zera dio liburuan: «Izendapen hori ez da zuzena; izan ere, akitaniera ez baitzen soilik Frantziako eremu horretan hitz egiten, Iberiako penintsulako zati batean ere hitz egiten zen». Pirinioetako hegoaldean, berriz, Ebro ibaiaren bi aldeetan, euskaraz gain, iberiera eta zeltiberiera hitz egiten ziren. Baina ez ziren horiek Iberiako penintsulan hitz egiten ziren hizkuntza bakarrak. Orain artean euskararen lur eremuan elkarrekin bizi izan ziren hizkuntzei buruz aritu gara. Aurkitu izan diren aztarnen ondorioz, beste bi hizkuntza aipatzen ditu Luis Nuñezek liburuan: tartesiera eta lusitaniera, iberiera eta zeltiberierarekin batera. Luis Nuñezek dio lusitaniera eta zeltiberiera hizkuntza indoeuroparrak zirela. Besteak, aldiz, euskara, iberiera eta tartesiera, ez ziren indoeuropearrak, aurreko garaikoak baizik.
Erromatarren inbasioa
Baina aurreko bostehun edo seiehun urteetako harreman eusko-indoeuroparren ondoren, urruneko beste hizkuntza indoeuropar bat etorri zen erasoka: erromatarren latina. Bera izango zen, hurrengo mendeetan Mendebaldea bortizki indoeuropartuko, hots, latinduko, zuen hizkuntza. Izan ere, hizkuntza asko desagertu ziren erromatarren iritsierarekin batera, hala nola tartesiera, iberiera, zeltiberiera eta lusitaniera. Baina euskara galdutako historiaurre linguistiko haren lekuko bakarra bilakatu da, beste hizkuntzen hondamendiari gaina hartuz eta latinari aurre eginez. Luis Nuñezen esanetan, «erromatartzeak ekarri zuen latinizazioaren indarraren ondorioz, historian desagertzeko izan duen arriskurik handiena orduan izan zuen euskarak».
Euskara ez desagertzeko arrazoiak ere aipatzen ditu liburuan. Eta, horretarako, Tovar, Caro Baroja eta Mitxelenaren azterketetan oinarritzen da. «Tovar, Caro Baroja eta Mitxelena jakintsuek diote inperio erromatarraren desagerpenari zor zaiola euskararen iraupena. Inperio erromatarrak gehiago iraun izan balu, bi edo hiru mende gehiago esaterako, euskara desagertu egingo zen, beste hizkuntzak bezalaxe». Latinak euskara «amaitzeko» astirik ez zuela izan diote adituek.Antzinako hizkuntz aniztasun horren ondorioz, euskarak mailegu asko hartu izan ditu inguruko hizkuntzetatik. Baina, zalantzarik gabe, euskararengan eragin handien izan zuen mintzaira, orain dela 2.000 urte Euskal Herriko lurraldeetara heldu zena, hain zuzen K.a. 196. urtean, latina izan da. Euskararengan izan zuen eragina, lexiko aldetik ez ezik, gramatika eta morfologia aldetik ere izan zuen, deklinazio eta atzizki askok jatorri latindarra baitute. Horien adibide ugari aurki daitezke Luis Nuñezen liburuan.
Euskararen lehen arrastoak
Erromatarrak iritsi aurretik, euskaraz egiten zela uste bada ere, aurkitu diren lehen aztarna idatziak erromatarren garaikoak dira; hots, K.o. I. eta III. mendekoak. Eta Luis Nuñezek euskara arkaikoa deitu dio garai hartako euskarari.
Hilarrietan eginiko latinezko inskripzioetan aurkitu dira euskarazko lehen hitzak. Pertsonen izen euskaldunak edo jainkoen izenak izaten ziren. Luis Nuñezek esandakoaren arabera, «heriotzari lotutako hitzak izaten ziren batzuk, eta besteak jainko bati poza edo zina adierazteko laudoriozko hitzak». Adibide batzuk aipatzen ditu liburuan: ume sahar, gisonbonis, anderexo eta harbelex. Hitz solteak dira guztiak, ez da esaldi edo testurik topatu. «Gramatikarik ez duten hitzak dira. Harbelex hitzean, esate baterako, harri-beltza esan nahi duena, hitzen arteko lotura dago bakarrik». Hitz horien berregite lana egin dela adierazi zuen Nuñez soziologoak, orduko euskara nolakoa izango zen imajinatu ahal izateko. «Joseba Lakarrak, Gasteizko katedradunak, lege fonetiko batzuk aplikatuz, berregite lana egin du. Hala, ondoriozta daiteke, adibidez, gaur egungo seme hitza, garai hartan sembe ahoskatzen zela». XX. mendean zehar aurkitu dira hilarri horiek, batez ere Pirinioen bi aldeetan. Akitanian, Nafarroan eta Araban 400 pertsona izen eta 70 jainko izen topatu dira. Euskarak lur eremu zabala zuen K.o. I. eta III. mendeetan. Handik aurrera, «geografikoki galtzen joan gara», dio idazleak. «Horixe izan da euskararen legea. Gaur egun, agian hiztun kopuru handiena du euskarak, baina bere lurraldea txikiagoa da». Euskararen bilakaera ikusteko, 50 mapa eskaintzen ditu liburuan, eta bere teoria betetzen dela ikus daiteke.
Titulua: El euskara arcaico. Extensión y parentescos.
Egilea: Luis Nuñez
Argitaletxea: Txalaparta
Orrialdeak: 390
Prezioa: 17 euro
Arrakasta: Txalapartaren gaztelaniazko liburu salduenetakoa Durangoko azokan.
EUSKARA
Lekuko bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu