Gaur hasi dira Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketan defentsaren lekukoak deklaratzen, eta haiek adierazi dute Amnistiaren Aldeko Batzordeek (AAB) edo AAMek torturak eta hilketak salatzeko orduan "lagundu" egiten zietela, "ez agindu".
"Niri inork ez zidan inoiz esan parte hartu behar duzu prentsaurreko batean ETAkoek esan digutelako egokia litzatekeela. Amministiaren Aldeko Mugimenduko inork, ez beste inongo mugimendutako inork, ez dit inoiz iradoki eta ez nau inoiz bultzatu torturak salatzera", agertu du Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak gaur.
Otamendiz gain, Unai Romano torturatuak, Edurne Brouard eta Arantza Lasa GALen biktimen senideek, Goreti Ormazabal Guardia Zibilaren biktimak, eta Mari Jose Campos gaixotasun sendaezina izan arren preso daukaten Bautista Barandallaren bikotekideak deklaratu dute, besteak beste. Torturen eta errepresioaren jomuga izan diren hamalau lagun deitu ditu defentsak, jazarpen horren berri eta AAMk egiten zuten lan zehatzaren berri eman dezaten.
Arantza Lasak adierazi du 1983an anaia Josean desagertu zenean, familia "babesgabe" sentitu zela, "erakundeek kasurik ez" zietela egiten, eta AABk "erreferente" zirela horrela zeuden familientzat. Juan Mari Olanorengana jotzen zuela aitortu du, baina inork ez ziola esaten zer egin edo esan behar zuen.
Goreti Ormazabalen anaia Juan Mari Guardia Zibilak hil zuen, eta AABek "uneoro babes morala" eman ziotela esan du.
Epaileak ez dio utzi Otamendiri berak jasandako torturen berri ematen
Otamendi izan da defentsako lekukoen artean deklaratzen lehena eta, hain zuzen ere, berak bizi izandako torturen berri ematen saiatu da deklarazioan, baina epaileak ez dio utzi, epaiketa ez zela tortura kasu horri buruzkoa argudiatuta. Fiskalak, berriz, oso gogor hartu du Otamendi, eta epaimahaiburuak tonua leuntzeko agindu behar izan dio. Tentsioa nabarmena izan da BERRIAko zuzendariak deklaratu duen bitartean.
Unai Romanok, berriz, bera torturatua izan zeneko argazkia erakutsi du -aurpegia dena ubeldua-, eta epaileak hari ere esan dio auzia ez dela torturez hitz egiteko.
AAMren kontrako epaiketa
Lekukoek azaldu dute AMMk "lagundu" egiten ziela, "ez agindu"
Gaur hasi dira Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketan defentsaren lekukoak deklaratzen, torturak eta errepresioa hurbiletik bizi izandako lagunak dira guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu