Leporatu zaiena asumitu, eta errugabetzeko eskatuko dute Luhusoko auzipetuek

Apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzte Jean Noel Etxeberri 'Txetx' eta Beatrice Molle, Parisen. Nazioarteko eta Euskal Herriko ehun pertsona ezagunen babesa eskuratu dute.

(ID_13509969) (/EZEZAGUNA) (;)
Bakegileen agerraldia, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko urtarrilaren 18a
11:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Dena asumitzen dugu, eta, behar izango balitz, berriz eginen genuke». Hala adierazi du Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileak Luhusoko operazioaren harira eginen dieten epaiketa azaltzeko egin duten agerraldian, eta hala berresteko asmoa du epailearen aitzinean ere. ETA erakundearen armak, munizioak eta lehergaiak erabili, garraiatu eta atxikitzeagatik epaituko dituzte Parisko Zigor Auzitegian, apirilaren 2an eta 3an. Adierazi dute Luhuson (Lapurdi) gertatu zena mugarri izan zela Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbidean, eta iritzi diote eredu ere izan litekeela nazioarteko beste gatazka batzuk konpontzeko. Nazioarteko eta Euskal Herriko ehun pertsona ezagunek adierazi diete babesa bi auzipetuei, eta errugabetu ditzatela eskatu dute. «Luhuson egin genuen hori berriz egin genuen autoritateen oniritziarekin, bai apirilaren 8an eta baita gerora ere», oroitarazi du Etxeberrik. 

2016ko abenduaren 16an, Frantziako Poliziak bost pertsona atxilotu zituen Luhusoko Errekartea baserrian. Espainiako eta Frantziako gobernuetako iturriek ETAren kontrako operazio garrantzitsu gisa aurkeztu zuten operazioa, baina laster agertu zen gatazkaren konponbide prozesuari bultzada bat emateko ekintza zela: gau hartan, erakunde armatuaren armen %15 indargabatzera zihoazen ekintzaileak, eta hori prestatzeko ETArekin izandako gutun trukea ere argitara atera zuten. Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea, Mixel Berhokoirigoin laboraria eta Mixel Bergouignan enpresaria atzeman zituzten Luhuson —Bergouignan 2017ko maiatzean hil zen, eta Berhokoirigoin, 2021eko maiatzean—. Etxeberri eta Berhokoirigoinekin batera, Mixel Tubiana LDH Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidentea ere gutun trukeen sinatzailea zen —2021eko urrian zendu zen—. Instrukzio epaileak Etxegarai kasutik kanpora utzi ondotik, Etxeberri eta Molle baizik ez dituzte epaituko. 

Testuingurua oroitarazi du Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak, 2011ko Aieteko Nazioarteko Konferentziatik hasita. «Aukera berria eman zitzaion gatazkaren konponbideari». Orduan, ETAren erantzuna berehalakoa izan zen, jarduera armatuaren bukaera iragarrita. Erran du zenbait ekinaldi izan zirela urteetan, hala nola Baionako Adierazpena, alderdi politiko anitzetako hautetsiek izenpetua. «Ondoko urteetarako agenda bat finkatu zuten». Baina Frantziako eta Espainiako estatuak «elkor» egon zirela oroitarazi du, eta «elkarrizketari uko» egin ziotela. Nazioarteko komunitateak ez zuen lortu ETAren eta Espainiako Estatuaren arteko elkarrizketa bultzatzea, eta Osloko negoziazio saiakera bukatutzat eman zen. Horren ondotik etorri zen Luhusoko operazioa. 

Ikusi gehiago

Etxeberriren hitzetan, bi estatuen egin beharko zuketena egin zuten ekintzaileek. «2011tik bost urtera, ukaezina zen ETAren borondatea. Harekin eseri eta hitz egin beharko zuketen bi estatuek, gatazka armatuari bukaera ordenatu eta duin bate emateko». Salatu du ezen, horren ordez, armak zigilatzearen ardura zuten militanteak atxilotu eta nazioarteko egiaztatzaileak polizia etxera deitu zituztela, egoera hark sortzen zuen «arriskua» azpimarratuta. «ETAren borroka armatuaren estrategiarekin kritiko izandako militanteak ginen, eta gure engaiamenduak hartzea erabaki genuen». Erakundearekiko harremanak lehenago hasi ziren, baina gutun trukearen bidez formalizatu zituzten. «Orduan zegoen immobilismoa hautsi zuen Luhusok, eta apirilaren 8ko armagabetzea ekarri zuen». Horren ondorioz Frantziako Estatuarekin presoen gaiaz aritzeko elkarrizketari bide eman zitzaiola ere erran du. «Orrialde berri bat ireki zen».

Gaur egun nazioartean dagoen gatazka giroa aipatu du Etxeberrik: «Helburua da aurkaria zapaldu eta likidatzea, etorkizunean gatazka gehiago sortzeko hazia izan daitekeela kontuan hartu gabe». Haren iritziz, Luhusokoa eredu izan liteke gatazkei konponbidea emateko. 

Sostengu kanpaina

Bi auzipetuen aldeko sostengu kanpaina abiatu dute Bakegileek, eta nazioarteko eta Euskal Herriko ehun pertsona ezagunen babesa jaso dute jadaneko. Horien artean dira Aieteko eta Arnagako adierazpenak sinatu zituztenetako batzuk, besteak beste. «Bere garaiko sostenguak hor daude, eta garai hartan uzkur agertu zirenetariko batzuk ere bai», adierazi du Funosasek. Batzuk aipatzearren: Michel Camdessus NDFko zuzendari ohia, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohia eta Juan Jose Ibarretxe eta Karlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak.

Hemendik aitzina sostengu deialdi zabala abiatuko dute izenpe biltzeko, eta hainbat ekitaldi antolatuko dituztela ere iragarri dute. Apirilaren 3rako, elkarretaratzeak antolatuko dituzte Euskal Herri osoan. 

Bi auzipetuei babesa eman dietenak:

Berthie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Aieteko eta Arnagako Nazioarteko Adierazpenen sinatzailea
Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia eta Aieteko eta Arnagako Nazioarteko Adierazpenen sinatzailea
Michel Camdessus Nazioarteko Diru Funtsako zuzendari ohia. Arnagako Nazioarteko adierazpenaren sinatzailea
Cuauhtemoc Cardenas Solorzano Mexikoko Barruti Federaleko Gobernu burua eta Arnagako Nazioarteko Adierazpenaren sinatzailea
Ronnie Kasrils Hegoafrikako Defentsa eta Inteligentzia ministro ohia eta Nazioarteko Egiaztapen Batzordeko kidea
Brian Currin Hegoafrikako abokatua eta ICGko kide ohia
Harold Good Irlandes artzaina, nazioarteko ikuskatzailea armagabetze egunean
Véronique Dudouet Gatazken konponbidean aditua, Berghof Fundazioan programa zuzendaria
Jonathan Cohen Concilation Resources-eko zuzendaria
Teresa Dumasy Gatazken konponbidean aditua, Conciliation Resources-eko ikerketa, aholkularitza eta politika arloko zuzendaria
Patrick Baudouin Frantziako Giza Eskubideen Ligako lehendakarikidea
Magalie Besse IFJD-Luis Joinet Institutuko Zuzendaria
Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakarikidea
Jean Daniel Elixiri Bake Bideako lehendakarikidea eta Bakegileen bozeramailea
Corinne Lepage Frantziako ministro ohia, eurodiputatu ohia, abokatua
Alain Lamassoure Frantziako ministro ohia, eurodiputatu ohia
Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohia (2012-2016) - Parlamentuko ohorezko kidea
Emmanuelle Cosse Eskualde Kontseiluko hautetsia, Frantziako Etxebizitza ministro ohia
Cecile Duflot Frantziako lurraldeen berdintasunaren eta etxebizitzaren ministro ohia, Oxfameko Frantziako zuzendari nagusia
Matthias Fekl Frantziako Barne ministro ohia ETA erakundearen armagabetze egunean
Delphine Batho Frantziako Ekologia ministro ohia, diputatua
Olivier Faure Frantziako alderdi sozialistako lehen idazkaria, diputatua
Raphael Glucksmann Place Publique-eko eurodiputatua
Marie Toussaint Eurodiputatu ekologista, jurista,
André Chassaigne Frantziako alderdi komunistako diputatua, GDR parlamentuko taldeko lehendakaria
François Ruffin Frantziako diputatua
Clementine Autain Frantziako diputatua
Philippe Poutou NPAko kidea, Frantziako presidentetzarako hautagai ohia
Jose Bove Via Campesinako bozeramaile ohia, eurodiputatu ohia
Benoit Teste FSU sindikatuko idazkari orokorra
Murielle Guilbert Solidaires sindikatuko ko-idazkaria
Laurence Marandola Confédération Paysanne sindikatuko bozeramailea
Philippe Texier Epaile ohia
Serge Portelli Abokatua, epaile ohia
Jean-Pierre Mignard Abokatua
Marie Darrieussecq Idazlea
Florence Delay Frantses akademiako kidea, idazlea
François Dufour Confédération Paysanne sindikatuko bozeramaile ohia
Annick Coupe Solidaires-eko bozeramaile ohia eta ATTAC-eko idazkari nagusia
Edgar Morin Filosofoa
Susan George Idazlea
Sorj Chalandon Idazlea
Thomas Bidegain Zinema gidoilaria eta zuzendaria
Herve Di Rosa Artista, margolaria
Marie France Etchegoin Idazlea eta kazetaria
Edwy Plenel Kazetaria
Jon Palais Alternatiba eta ANV-COP21ko sortzaileetarikoa
Frédérique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senataria (PS)
Denise Saint-Pe Pirinio Atlantikoetako senataria (Modem)
Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senataria (LR)
Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako 6. hautesbarrutiko diputatua (Modem)
Florence Lasserre Pirinio Atlantikoetako 5. hautesbarrutiko diputatua (Modem)
Inaki Etxaniz Pireneo Atlantikoko diputatua (PS) eta Frantzia-Espaina talde parlamentarioko lehendakari ordea
Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko lehendakaria (PS)
Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko Lehendakaria (Modem)
Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakaria eta Baionako auzapeza (Renaissance)
Daniel Olzomendi Auzapezen Biltzarreko Lehendakaria, Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakari ordea, Izurako auzapeza (EHBAI)
Renee Carrique Euskal Hirigune Elkargoko lehen lehendakari ordea eta Idauze Mendiko auzapeza
Kotte Ezenarro Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari ordea
Maider Arostegi Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari ordea
Alain Iriart Hiriburuko auzapeza (EHBai), Euskal Hirigune Elkargoko Errobi Aturri poloko arduraduna
Peio Etxeleku EAJ-ko Ipar Buru Batzarreko Presidentea, Euskal Hirigune elkargoan Errobi Lurraldeko Arduraduna
Sophie Buissiere EELV-Ekologistak alderdiko bozeramailea
Emilie Dutoya Akitania Berria eskualdeko kontseilaria - Ziburuko axuanta
Andre Garreta Ipar Euskal Herriko merkataritza eta industria ganberako lehendakaria
Paxkal Indo Ipar Euskal Herriko Garapen kontseiluko lehendakaria
Martine Bouchet Ipar Euskal Herriko Garapen kontseiluko lehendakari ordea, idazlea
Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusia
Barth Mottay FSU sindikatua
Mercedes Graciet CFDT sindikatuko Ipar Euskal Herriko idazkari orokorra
Gabi Mouesca Emmaüs Baudonne etxaldearen sortzailea eta zuzendaria
Maryse Cachenaut Laboraria
Xebax Christy Aldako lehendakarikidea
Marie Cosnay Idazlea
Mehdi Ouraoui Idazlea
Jurgi Ekiza Kantaria
Karlos Garaikoetxea Urriza Eusko Jaurlaritzako Lehendakari ohia 1980-1985
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako Lehendakari ohia 1999-2009
Ainhoa Aznarez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohia 2015-2019 (Podemos)
Joseba Egibar Artola EAJko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean
Blanca Regulez Nafarroako Parlamentuko EAJko legebiltzarkidea
Arnaldo Otegi Mondragon EH Bilduko Koordinatzaile Orokorra
Laura Aznal Sagasti EH Bilduko bozeramailea Nafarroako Parlamentuan
Isabel Aranburu Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkidea (Geroa Bai)
Rufi Etxeberria Arbelaiz Sortuko kidea
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia
Garbine Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra
Nagore Iturrioz STEILASeko bozeramailea
Unzalu Salterain Etxalderen koordinatzaile arduraduna
Joseba Azkarraga Rodero Sareren bozeramalea, Eusko Jaularitzako Justizia, lan eta gizarte asegurantza sailburua (2001-2009)
Gorka Garcia Etxerateko bozeramailea
Agus Hernan Giza eskubideen aldeko aktibista
Paul Rios Bakearen aldeko aktibista
Fernando Armendariz Gizarte eta giza eskubideen aldeko aktibista
Jule Goikoetxea Mentxaka Filosofo politikoa
Elene Lopetegi olea Euskal Herriko Bilgune feministako ordezkaria
Mirentxu Purroy Kazetaria eta zinegilea
Fermin Muguruza Zinegilea eta musikaria
Maialen Lujambio Bertsolaria
Jon Maia Bertsolaria

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.