Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena. Soslaia

Letrak bide

1936ko gerraren ondorioz erbesteratu, eta, Venezuelan ospe handiko kazetari bihurtuta, 1969an itzuli zen, jaioterriarekiko konpromisoarengatik, eta amets bat bete nahi zuelako: euskarazko kazeta bat sortzea.

ANDER GILLENEA / EUSKALDUNON EGUNKARIA.
Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Gauza asko izan zen: kazetaria, idazlea, politikaria, euskaltzalea herrigintzan, eragilea euskalgintzan... Haren jardun oparoa laburbiltzeko, esan daiteke letrek markatu zutela Martin Ugalderen bidea (Andoain, Gipuzkoa, 1921-Hondarribia, Gipuzkoa, 2004). 1936ko gerraren ondorengo urteetan, erbestera jo aurretik, El Diario Vasco egunkarian Andoaingo kronikak idazten zituen, eta, bere bizitzaren udazkenean, amets bat bete zuen, bere burua kazetari eta euskaltzale ikusi zuen unetik buruan bueltaka eduki zuena: euskarazko egunkari bat egitea. Euskaldunon Egunkaria sortzeko egitasmoaren gurdira igo zen, eta hura bideratzeko orduan berebizikoa izan zen Ugalderen ekarria. «Euskararen bizia jokoan ikusi nuelako. Egunkari bat ez duen hizkuntzak ezin du aurrera irten». 1980ko hamarkadaren amaiera zen.

Mende erdi inguru lehenago, Donibane Lohizunen (Lapurdi), irakasle izan zituen Agustin Zumalabe matematikaria eta euskaltzalea, Joxemiel Barandiaran etnografoa eta Andoni Arozena kazetaria, besteak beste. Erbesteratuta zegoen ordurako. Izan ere, gerra piztu zen, eta Ugalderen etxean jeltzaleak ziren: aita, kasurako, EAJko zinegotzia Andoaingo Udalean. Hark 1939an lortu zuen Venezuelara ihes egitea. Martin Ugalde 1940an itzuli zen jaioterrira, baina askorentzat nazionalista, separatista eta gorria zenez, eta errepresio giroa gogorra zenez, inork ez zion lanik eman nahi; aitarena izandako aroztegian ere ez. Laborde torloju lantegian eman zioten lana azkenean, leihoak jartzen. Hain zuzen, lantoki hura zegoen tokian dago egun Martin Ugalde kultur parkea.

Baina Venezuelara begira zegoen Ugalde aspalditik, eta 1947ko udaberrian heldu zen, azkenean, hara, eta elkartu zen gurasoekin eta Joseba anaiarekin. Han pasatutako 22 urteetan ospe handiko kazetari bihurtu zen. «Kazetaritza zen nire betiko sena». Elite aldizkarian lan egin zuen, El Nacional egunkarian kolaboratu, eta El Farol eta Nosotros aldizkariak zuzendu. Sasoi hartan, gainera, AEBetan kazetaritza master bat osatu zuen bi urtez, eta, Venezuelara bueltatuta, unibertsitate batean hasi zen irakasle.

Venezuelan gustura zegoen, baina erbesteratu zenetik ari zen itzuleran pentsatzen. «Euskadin lan egin behar nuela pentsatu nuen beti, eta horretarako prestatu nintzen». Ardura bat sentitzen zuen: «Euskal Herri martirizatuaren ordez, Ipar Amerika edo Britainia Handia edo beste herrialde handi bat utzi izan banu, nire utzitakoarenganako errespontsabilitatea ez zela berdina izango». Eta Anamari Martinez Urreiztieta emaztea euskaldundu zuen bezala, ororen gainetik gauza bera egin nahi zuen seme-alabekin.

Euskal Herrira itzuli zenean, Hondarribira, hain justu, baldintza bakarra jarri zioten: politika kontuetan ez zedila sartu. Segituan hartu zuen, ordea, Alderdi EAJren aldizkari klandestinoaren ardura, eta, 1972an, Jesus Mari Leizaola erbesteko lehendakariaren kontseilari izateko deitu zuten. Franco hil arte jardun zuen kargu horretan, eta, urte batzuk geroago, 1982an, Eusko Jaurlaritzan euskara sustatzeko arduradun izendatu zuten, Carlos Garaikoetxeak hala eskatuta. 1985ean, EAJren haustura bazetorrela usainduta, utzi egin zuen postua. Gero, EAn sartu zen. Abertzaletasunak bultzatuta sartu zen politikan, ez berezko bokazioa zuelako. Kritiko eta independente fama zuen.

Pertsona ezezaguna etxean

Anjel Lertxundik esana dauka egile eta pertsona «guztiz ezezaguna» zela Euskal Herrian, itzuli zenean. «Sekulako erronka izan zen harentzat bueltatzea», adierazi zuen idazleak 2014ko azaroaren 11n, Ugalderi buruzko hitzaldi batean. Joan Mari Torrealdai (1942-2020) zen beste hizlaria, eta, haren esanetan, Ugalderi iruditzen zitzaion euskal herritarrek ezjakintasun izugarria zutela, eta beren errealitatearen berri ere ez zutela. Kazetaritza ikuspegitik bideratutako lan dibulgatiboari ekin zion, eta horren emaitza dira Síntesis de la historia del País Vasco (1974), Hablando con los vascos (1974)... Sasoi bertsuan Zeruko Argia aldizkarian idazten zuen, eta 1977an Deia egunkari sortu berriaren zuzendariorde izendatu zuten; nolanahi ere, handik gutxira utzi zuen kazeta hura, euskara aintzat hartzen ez zuelako.

60 bat urterekin-edo erabaki zuen euskaraz nahi zuela sortu. Iltzailleaklana (1961), aditu askoren ustez euskarazko ipuingintza modernoaren abiapuntua izandakoa, ama hizkuntzan idatzi zuen, baina 1980ko hamarkadara arte gazteleraz idatzi zuen, nagusiki. Izan ipuinak, antzezlanak, eleberriak, saiakerak edo historia zein kazetaritza lanak, 47 liburu argitaratu zituen.

Behin 1990ean Euskaldunon Egunkaria sortuta eta 1999ra arte, astero zutabe bat idatzi zuen kazeta hartan. 1998ra bitartean, Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen, eta ohorezko lehendakaria ordudanik, harik eta Juan del Olmo epaileak kazeta itxi eta zuzendaritzako kideak atxilotu zituen arte. Auzipetua izateko arriskuan eta kontu guztiak blokeatuta zituela hil zen. Ugalde pattal zegoen osasunez, baina lasai hartu zuen trantzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.