BERRIA argiratzen duen Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko elkarlana sendotzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2006. urtean. Marko orokor horren baitan, BERRIAk eta Euskaltzaindiak hitzarmen berri bat sinatu dute gaur. Zehazki, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Joan Mari Larrarte EKTko administrazio kontseiluko idazkariak izenpetu dute.
Hitzarmen horren ondorioz, BERRIAk ekoizten dituen testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, egunkaria estrainekoz kaleratu zen unetik hasita, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan.
Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen proposamena da eta ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki anotatu bat prestatzea du oinarrizko lana. Zehatzago esanda, Hiztegi Batuko lantaldeak prosa arruntezko corpus monitore bat prestatzea proposatu zuen, bai lexikoaren erabileraren azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere.
Lexikoaren Behatokia egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatuko du Euskaltzaindiak.
Euskara
Lexikoaren ikerketan aurrera egiteko hitzarmena sinatu dute Euskaltzaindiak eta BERRIAk
BERRIAk bere testu masa utziko dio Euskaltzaindiari Lexikoaren Behatokia egitasmorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu