Libano hegoaldeko Nabatieh hiriko agintariek gonbidatuta, nazioarteko ordezkaritza batek aukera izan du bertatik bertara ezagutzeko Israelgo armadak inguru horretan egindako bonbardaketa eta erasoen suntsipena, eta hango ordezkari politikoekin, osasun langileekin eta hildakoen senideekin bildu da. Besteak beste, Frantzia, Belgika eta Danimarkako politikari, kazetari eta ekintzaile zenbaitek osatzen dute ordezkaritza hori, baita Euskal Herriko batzuek ere, Yala Nafarroa plataformako kide batzuk ere han izan direlako. Haiek guztiak izan dira Nabatiehen sartzen lehenengoak, martxoan sionistek eremu horretako setioa abiatu zutenetik. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak orduan ziurtatu zuen Libanon ere Gazan (Palestina) bezala jokatuko zutela.
Lidon Soriano Yala Nafarroako eta Palestinaren Okupazioaren Aurkako Sare Solidarioko ordezkariak eskerrak eman dizkie Nabatiehko agintariei gonbidapenagatik, eta gogorarazi du nazioarteko ordezkaritza bat han izatea «Israelgo Estatuak ezarri nahi duen bakartze politiko, sozial eta narratiboa hausteko modu bat» dela.
«Duela 80 urtetik Palestinan aplikatzen ari den garbiketa etnikoa Libanoko hegoaldera zabaltzen ari da Israel, sionismoak 1897tik ezarritako jarraibideak betez», ohartarazi du Sorianok. Are, ekintzaileak salatu duenez, «Israel metodologia eta helburuak errepikatzen ari da, gerra krimen berberak eginez, Palestinan dagoen zigorgabetasun berarekin».
Yala Nafarroak gogoratu du 4.000 pertsona hil dituztela Libano hegoaldean martxoaren hasieratik, eta 12.000 zauritu. Gaur egun, Libanoko lurrak okupatzen jarraitzen du Israelek
Alde horretatik, haiena mugimendu «erraldoi» baten ordezkaritza txiki bat izan arren, Yala Nafarroa plataformako kideak baieztatu du palestinarrei eta libanoarrei laguntzen jarraituko dutela, beren lurren alde borrokan ari baitira. «Helburua argia da: okupazioa, apartheida eta genozidioa amaitzea. Hori lortuko bada, proiektu kolonial sionista amaitu beharra dago», azpimarratu du Sorianok.
Isabel Egiguren Yala Nafarroako kidea ere Libanon da. Adierazi duenez, «egiaztatu dugu etxeak direla suntsitutako eraikin gehienak. Gobernazioko eraikina eta Libanoko bankua bera ere txikitu dituzte». Beraz, Egigurenek zehaztu duenez, argi dago helburuak zibilak izaten direla.
Lekukotzak
Egigurenen ustez, zera izan da zailena, hainbat emakumerekin seme-alaben hilketaz aritzea, alargunak eta seme-alaba jaioberriak ezagutzea, eta familia osoak ikustea beren herrien kanpoaldean egun luzez itxaroten, etxea berreraikitzeko sartzen utz diezaieten. Halaber, ospitaleetako langileek esplikatu diete haien egoera «gogorra» dela, hilabeteak daramatzatelako erietxeetan «bizitzen», jasaten ari ziren setioaren ondorioz.

Yala Nafarroak gogoratu du 4.000 pertsona hil dituztela Libanoko hegoaldean martxoaren hasieratik, eta 12.000 zauritu. Gaur egun, Libanoko lurrak okupatzen jarraitzen du Israelek.
Nazioarteko ordezkariek oraindik egun batzuk egingo dituzte Libanon. Zenbait erakunderen ordezkariekin bilduko dira, eta errefuxiatu palestinarren kanpalekuak bisitatuko dituzte. Gainera, bidaia horren bitartez, Europako elkartasun mugimenduen eta Libanoko eta Palestinako erakundeen arteko loturak sendotu nahi dituzte, baita hangoek bizi duten errealitatea ikusarazten lagundu ere, «lurperatuta geratu ohi baita nazioarteko komunitatearen isiltasun, axolagabekeria eta konplizitatearen pean».