Astelehenean bertan libre gelditu ziren goizean Nafarroa Beherean eta Lapurdin atxilotutako sei pertsonak. Poliziak goizean goiz abiatu zuen operazioa. Arño Harispuru eta Jean Marie Irigoien Ibarrolan atxilotu zituzten, Gerard Ihidoi Uharte Garazin, Alfred Uhart Bunuzen eta Xantal Zanponi Ezterenzubin. Egun osoan zabaldu zen beste pertsona bat ere atxilotu zutela, baina ez zegoen haren berririk. Seigarren atxilotua Maurice Arretxe izan zen, Hazparneko apaiza.
Arño Harispuruk 77 urte ditu eta Ibarrolako auzapez ohia da. Haren egoerari buruzko kezka adierazi zuen Askatasunak, osasun arazoak dituelako. Alfred Uhartek 79 urte ditu. Gerard Ihidoi Uharte Garaziko zinegotzia da. Sei atxilotuak kargurik gabe utzi zituzten libre, egunean bertan.
Laurence Levert Parisko epaileak agindu zuen operazioa. Atxilotueigaizkile elkarteko kide izatea eta «Kalakaren bidez mugimendu independentisten aldeko diru zuriketa egitea» leporatzen zien. Atxiloketak 2007ko irailean Kalaka ostatuaren kontra egindako operazioaren segida zela erran zuten poliziek. 2007ko irailetik preso segitzen dute Cedric Garai, Pantxo Flores, Mizel Barnetxe eta Xabier Perez Susperregik. Preseski, Askatasun epaileak hilabete honetan deliberatu behar du lau presoak libre uzten dituen edo espetxean atxikitzen dituen.
Askatasunak gogor salatu du asteleheneko polizia operazioa. 2007ko sarekada bezala, azken atxiloketak «Poliziaren azpijokoa» direla jakinarazi du. Kalaka aferan atxilotu badituzte ere, atxilotuei mugimendu abertzalearen inguruko galderak egin dizkiete. «Helburua abertzaleen fitxaketa sistematikoa egitea da, geroago egin nahi dituzten urratsen prestaketa», adierazi zuen Oskar Bizkai Askatasuneko bozeramaileak.
Gatuzainen kontua, martxan
Credit Mutuel banketxeak Gatuzain argitaletxearen diru kontuaren blokeoa kentzea erabaki du. Apirilaren 22an Gatuzainek jakin zuen bere diru kontuak blokeatu zituela banketxeak. Bertze 16 pertsonaren 33 diru kontu ere blokeatu zituzten banketxeek. «Blokeatzeko agindua heldu zitzaigun bezala heldu zaigu blokeoa kentzeko agindua, posta elektronikoz, azalpenik gabe», jakinarazi du Credit Mutueleko arduradun batek. Izena ez aipatzea eskatu du, baina erran du agindua ostiralean jaso zutela.
Gatuzaineko arduradunek egun jakin dute kontua balia dezaketela, banketxera deitu eta kontuak erabiltzeko baimena zeukaten galdetu dutelarik. Banketxeak ez die deus jakinarazi zuzenean. Banketxeek ez dute deus erran bertze kontuei buruz.
Libre utzi dituzte 'Kalaka aferako' sei atxilotuak
Kargurik gabe askatu dituzte; seigarren atxilotua Maurice Arretxe zen, Hazparneko apaiza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu