A lipoproteina, heldu guztiek bizitzan behin neurtzea aholkatzen den faktorea

Europako zientzia elkarteek gomendatzen dute helduek bizitzan behin A lipoproteina maila neurtzea. Izan ere, LDL kolesterolarekin batera, faktore garrantzitsua da gaitz kardiobaskularrak izateko arriskua neurtzeko. Bost biztanletik batek maila altua du.

Odol laginak. MARISCAL / EFE
Odol laginak. MARISCAL / EFE
kristina martin
2026ko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

40 urteren langa igarota, odol analisiaren emaitzak jasotakoan, askok eta askok arnasari eutsita begiratu ohi diote LDL kolesterolaren balioari. Kolesterol txarraren balioaren ondoan izartxoa ikusteak kezka handia sortzen du, jakina baita arrisku faktore garrantzitsua dela bihotzekoa, iktusa edo beste gaixotasun kardiobaskular bat izateko. Litekeena da laster beste balio bati ere erreparatu behar izatea; A lipoproteina da hori, LDL kolesterola bezain faktore erabakigarria arrisku kardiobaskularrerako.

Jendearen artean ez da oso entzuna, baina aspaldiko ezaguna da kardiologiako profesionalentzat. «Orain nahiko modan jarri da, batez ere Europako eta AEBetako mediku eta zientzia elkarteak hasi direlako gomendatzen proba hori herritar guztiek egin dezatela», azaldu du Abel Andres Moristek. Bilboko Basurtuko ospitaleko kardiologoa da, baita Euskal Herriko Kardiologia Elkarteko presidentea ere. Andresek esplikatu duenez, Europako mediku elkarteek 2025ean plazaratu zuten pertsona guztiei A lipoproteina maila gutxienez bizitzan behin neurtzeko gomendioa; AEBetakoek ere gauza bera egin dute aurten.

Baina zer da, zehazki, A lipoproteina? «LDL kolesterolaren oso antzekoa da. Odolean naturalki dagoen gantz mota bat da», argitu du Andresek. Hala ere, kolesterolaren aldean desberdintasun handi bat du: genetikoa da eta, beraz, ezin da ezer egin hori murrizteko. «Genetikoa denez, ez dauka zerikusirik gure bizimoduarekin edo ohiturekin», erantsi du. Dena dela, lagungarria izan daiteke jakitea maila hori altua den edo ez, kolesterol txarrarekin gertatzen den moduan, faktore horrek handitu egin dezakeelako arriskua bihotzekoak, bularreko angina, iktusa edo balbula aortikoaren kaltzifikazioa izateko.

Hainbat ikerketa zientifikoren arabera, Mendebaldeko populazioetan —Europan eta AEBetan— pertsonen %20-25ek gainditzen dute A lipoproteinan gomendatutako maila. «Bizitzan zehar ez dago aldaketa esanguratsurik, horregatik aholkatzen dute bizitzan behin egitea». Badira, ostera, salbuespenak: menopausia izan duten emakumeak: «Fase horretan gertatzen diren aldaketa hormonalen ondorioz, %20-22 igo daitezke balioak. Horregatik, emakumeek bizitzan bi aldiz egitea komeniko litzateke», nabarmendu du Andresek.

(ID_14429156) ABEL ANDRES MORIST
Abel Andres Morist, Basurtuko ospitalean. BERRIA

«LDL kolesterolaren oso antzekoa da: odolean naturalki dagoen gantz mota bat da. Genetikoa denez, ez dauka zerikusirik gure bizimoduarekin edo ohiturekin»

ABEL ANDRES Basurtuko ospitaleko kardiologoa

Horretaz gain, balio hori neurtzea bereziki gomendagarria da kasu jakin batzuetan: «Senideren batek arazo kardiobaskularrak adin goiztiarrean izan baditu, nahiz eta pertsona horrek berak osasun arazorik izan ez». Andresen esanetan, gaixotasun kardiobaskularrei buruz aritzean, «adin goiztiarrak zera esan nahi du, 55 urtetik behera gizonezkoetan, eta 65 urtetik behera emakumezkoetan».

Osasun sisteman irizpide bateraturik ez

A lipoproteina maila zenbatekoa den jakitea garrantzitsua baldin bada, zergatik ez da ohiko odol analisietan neurtzen? Andresek berretsi duenez, gomendioa nahiko berria da, eta osasun sistema publikoan oraindik ez dago irizpide bateraturik. Gaur-gaurkoz, Osakidetzan, «esaterako bihotzeko bat edo iktus bat izan duten pazienteei» egiten diete, argitu du Basurtuko kardiologoak. Halakoetan, zera aholkatzen du Andresek: «Zure aitari edo amari bihotzeko bat izan ostean proba egin badiote eta maila altua atera bazaio, proba egin beharko zenuke». Seme-alabek ez ezik, anai-arrebek ere egitea da gomendioa.

Badira balio hori neurtzea garrantzitsua izan daitekeen beste egoera batzuk; tartean daude LDL kolesterol maila altua dutenak baina muga-mugan daudenak. «Horrelakoetan, lehen arretako medikuek eta kardiologoek zalantza eduki dezakegu tratamendua jarri ala ez, baina LDL kolesterolaz gain A lipoproteina ere altua baldin badu, erabakigarria izan daiteke medikazioa hartzen hasteko».

Halakoetan bereziki gomendagarria bada ere, helburua izan beharko litzateke «proba hori egiteko protokolo bat egotea eta sistematizatua egotea, horrela bermatuko bailitzateke herritar guztiek arreta bera edukitzea eta desberdintasunik ez izatea mediku batek edo beste batek artatzen baditu. Hori da, azken finean, osasun sistema publikoaren oinarria».

Kolesterol txarraren maila eta A lipoproteinarena lotuta al dauden galdetuta, zera erantzun du Basurtuko Ospitaleko kardiologoak: «Oro har, ez daude lotuta».

Erremedio bila

A lipoproteina neurtzea batzuetan lagungarria izan arren, mugak ere baditu, gaur egun ez baitago horretarako erremediorik. Andres: «Botika zaharrak ditugu, alboko efektuak dituzte, eta, gainera, eraginkortasun oso txikia dute». Bestalde, kolesterolarentzat erabiltzen diren botikak ez dira eraginkorrak A lipoproteinarena jaisteko.

Ezin bada murrizteko ezer egin, zergatik proposatzen dute zientzia sozietateek proba populazio osoari egitea? Abel Andresen iritziz, merezi du: «Norbaitek baldin badaki gaixotasun kardiobaskularra izateko arrisku faktore ugari dituela, kontzientzia handiagoa izango du elikadura zaintzeko, jarduera fisikoa egiteko eta, oro har, bizimodu osasuntsuagoa izateko. Modu horretan lor dezake A lipoproteina ez diren beste arrisku faktoreak murriztea».

Horretaz gain, LDL kolesterolaren maila jaisteko gaur egun erabiltzen diren PCSK9 inhibitzaileak —kolesterolarentzako txertoak ere esaten zaie—, adibidez, eraginkorrak dira A lipoproteina %20-26 murrizteko ere. Horretaz gain, farmazeutika batzuk sendagai bat ikertzen ari dira A lipoproteinaren balioa %80-90 jaisteko. Emaitzak 2027an kaleratzekoak dira. Andresek adierazi duenez, ikerketa horiei buruz plazaratu diren aurretiko emaitzek erakutsi dute A lipoproteina maila apalduko luketela, «baina oraindik argitzeko dago benetan baliagarriak diren gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua txikitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA