Lizarrako (Nafarroa) instrukzio epaileak bermerik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio Jose Jimenez Jimenez —Lodosakoa zen— gaztearen ustezko hiltzaileari. Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, hilketaz gain ibilgailu motordun bat lapurtzea ere egozten diote.
Epailearen hitzetan, auzipetuak —27 urteko gaztea— hainbatetan aitortu dio berak hil zuela laguna. «Erabateko hoztasuna agertuz» egin du, epailearen aburuz, aitortza. Bi lagunak joan den asteko asteazkenean elkarrekin arratsalde-pasa joan zirenetik desagertuta egon da biktima, harik eta atzo goizean haren gorpua Carcarko (Nafarroa) mahasti batean aurkitu zuten arte. Inguruko birziklatze planta batetik oso gertu zegoen ezkutatuta.
Ustezko hiltzaileak epaitegian azaldu duenez, elkarrekin arrantzara joateko geratu ziren. Carcar inguruko mahasti horretatik igaro zirenean autoa gelditu zuela azaldu dio epaileari. Biak jaitsi ziren. Hitzik ere esan gabe, lagunarengana joan eta bi tiro eman zizkiola dio. Segidan berriz ere autora itzuli, eskopetarentzako kartutxo gehiago hartu eta laguna zegoen lekura itzuli zela esplikatu du, hirugarren tiroa buruan emateko. Lagunak ez zuela bere burua defendatzeko aukerarik izan ere aitortu dio atxilotuak epaileari. Izan ere, biktimak ez zuen ustezko hiltzailearen asmoen berririk, eta espero ez zuela egin zion tiro.
Herritarrak, sinetsi ezinik
Lodosako Udalak dolu egunera deitu du, eta udaletxeko banderak masta erdira jaitsi ditu. Atzo arratsaldean berriro elkartu ziren herritarrak, hilketa salatu eta familiari elkartasuna adierazteko. Herritarrak «gertatutakoa sinetsi ezinik eta minduta» daudela adierazi du Jesus Garcia alkateak. Gertaeraren ostean Lodosan «giro arraroa» sortu dela aitortu du. Iruñeko epaitegian auzitegi medikuek beren jarduna bukatzen dutenean itzuliko dute gorpua Lodosara. Hileta udal pilotalekuan izango dela aurreratu du alkateak.
Lodosako gaztearen laguna espetxera, hiltzailea delakoan
Instrukzio epailearen esanetan, ustezko hiltzaileak «modu hotz batean» aitortu du hiru tiro eman zizkiola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu