ETAren su-etena. Erreakzioak

Lokarri: «Su-etenari Madrilek egoki erantzun diezaion lortzea da erronka»

ETAren erabakiak «inoiz ikusi gabeko aukera» zabaldu duela eta «atzera buelta zaila» duela uste du Riosek

Koldo Aldabe.
Donostia
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
ETAk herenegun ezagutarazitako agiriarekin bakea lortzeko eta «elkarbizitza barneratzailea» eraikitzeko «inoiz ikusi gabeko aukera» zabaldu dela uste du Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak. Lokarriren arabera, «indarkeriaren behin betiko amaieraren aurreko urrats berehalakoa izan daiteke su-etenaren iragarpena», eta haren «desioa eta eskaera» indarkeria behin betiko amaitzea den arren, hori ez du oztopotzat ikusten erakunde armatuaren agiriak dakarren «aurrerapauso garrantzitsua balioesteko». Orain, erronka nagusietakoa Espainiako Gobernuak ETAren su-etenari «erantzun egokia eman diezaion lortzea» da.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egin zuen Lokarrik su-etenaren balorazioa, ETAren agiriaren biharamunean, eta herenegun eginiko presazko gogoeta sakontzeko baliatu zuen. Aitziber Blanco, Ana Elvira eta Paul Rios agertu ziren prentsaren aurrean, baina Riosek bakarrik hartu zuen hitza.

«Azterketa objektiboa»

Lokarrik erakutsitako baikortasunak talka egiten du alderdi politiko eta agintari batzuek su-etenaren gainean eginiko balorazioekin, baina Riosek adierazi zuenez, «aurreikustekoa» zen alde horien erantzuna. Lokarriren baikortasuna azaltzeko, «egoeraren azterketa objektiboa» egin zuen Riosek. Herritar sareko koordinatzaileak duela urte eta erdiko eta oraingo aldiak konparatu zituen. Orduan, ETAk Burgosen lehergailu handi bat leherrarazi zuen, eta Mallorcan bi guardia zibil hil zituen; orain, ordea, menia eman du. «Indarkeriak dakarren mehatxuaren maila jaitsi dela da lehenbiziko gertaera objektiboa». Bigarrena, berriz, ETAk Bruselako Adierazpenaren eta Gernikako Akordioaren deiei kasu egin diela: «ETA igaro egin da indarkeriatik su-eten batera, eta egoera berriak konpromiso bat dakar borroka armatuaren amaierarekin». Hirugarren gertaerak indarkeriak tokirik ez duen ezker abertzalearen «estrategia berriarekin» du zerikusia; Riosen ustez, agiriaren bidez, ETAk bere egin du erabaki hori.

Gertaera «objektibo» horiez gain, ordea, baikor egoteko motibo gehiago ikusten ditu Lokarrik, eta horietako bat da, nagusietakoa, Riosek azaldu zuenez, ETAren erabakiak «atzera buelta zaila» duela. Hori «bermatzea» ezinezkoa dela onartu arren, badira, Lokarrirentzat, «atentatuetara eta mehatxura itzultzea» eragozten duten hiru faktore gutxienez: lehena da ETAk nazioarteko egiaztapenari «men egitea» onartu duela; ezker abertzaleak indarkeriari uko egin diola da bigarrena; eta hirugarrena, berriz, ETAren balizko atzera buelta batek euskal gizarteak ETA «areago gaitzestea» ekarriko lukeela.

Horregatik, Lokarrirentzat une honetan garrantzitsuena da «bake prozesu itzulezin baterako baldintzak lortzeko ahaleginetan amore ez ematea». Datozen hilabeteetarako hiru helburu markatu ditu Riosek: ETAren su-etenaren egiaztapena abian jartzea, ezker abertzaleak sustaturiko alderdi politiko berria legeztatzea eta Espainiako Gobernuak ETAren su-etenari «erantzun egokia» eman diezaion lortzea.

«Estrategia aldatu beharra»

Hirugarren helburu hori gakoa izango da. Riosen hitzetan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak «estrategia» aldatu behar du; bakerako bidea «erraztu» beharko luke, eta «eragozpenak jartzeari» utzi beharko lioke. Prozesu demokratikoa martxan jartzeaz egun Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek eta Gernikako Akordioaren izenpetzaileek bakarrik hitz egiten dutela kontuan hartuta, eta are beste alderdi eta agintari guztiak horren aurka mintzo direla, Riosek dio aukera badagoela eta aprobetxatu egin behar dela. «Aldebakartasunari eustea da garrantzitsua. Garai berri bat ireki da, eta garai berriek mugitzea eskatzen dute, ez geldi egotea».

Su-etena betetzen ari dela bermatzeko eta «indarkeriaren behin betiko amaierara hurbiltzen ari garela» frogatzeko, su-etenaren egiaztapena abian jarri behar da, Lokarriren ustez, eta ETAk su-etenari «zorrotz» eutsi behar dio, «bere aldebakartasuna» frogatzeko, Espainiako Gobernuak «egiten duena gorabehera», eta uko egin behar dio «prozesuaren bermatzaile izatera eraman dezakeen edozein tentaldiri».

Erronka horiei aurre egiteko, azkenik, Lokarriren aburuz, rol garrantzitsua jokatuko du Nazioarteko Harreman Taldeak. Riosen arabera, garrantzitsua izango da talde hori «ahal bezain laster» martxan jartzea: «Hau da garaia, eta aprobetxatu egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.