Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministroak bere asmoen berri eman du Espainiako Diputatuen Kongresuan. Esan du ezin dutela LOMCE indargabetu, baina legearen artikulu batzuk kenduko dituzte. Besteak beste, ikasturte berrian erlijioei lotutako ikasgaiek ez dute notarako balioko, eta ez dute ordezko ikasgairik izango. Era berean, balore zibikoak eta demokratikoak irakasteko derrigorrezko ikasgai bat sortuko da.
LOMCErekin sortu ziren ikasketa ibilbideak kendu nahi ditu Zelaak, ikasleei etorkizuna "baldintzatzen" diela uste duelako. Era berean, itunpeko ikastetxeei legeak "gehiegizko indarra" ematen diela azpimarratu du. Horregatik, itunpeko plazak eskaeraren arabera moldatzeko aukera aitortzen zuen 109. artikulua kenduko du. Aurrerantzean sare publikoa izango da hezkuntza sistemaren "ardatza".
Azkenik ikastetxeei autonomia eman nahi die, "demokratizatu" egin nahi ditu. Horretarako hezkuntza komunitateak eskola kontseiluetan zeukaten parte hartzea berreskuratuko du, eta zuzendariak izendatzeko sistema aldatuko du.