PPk, gehiengo osoa baliatuta, 2013an onartu zuen LOMCE legea, eta hura erreformatzearen alde egin zuen atzo Espainiako Kongresuko osoko bilkurak. «Hilda jaio da», ziurtatu zion orduan BERRIAri egun Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro den Isabel Zelaak, baina zazpi urte itxaron behar izan dute. Itxura guztien arabera, LOMLOE izango da Hego Euskal Herrian eragina izango duen hurrengo hezkuntza legea, oraindik Espainiako Senatutik igaro behar badu ere. Oso estu ibili ziren atzo testuari lehen onespena emateko: lege proiektuak aldeko 176 boto behar zituen, eta 177 jaso zituen: tartean, EAJrenak; 148 diputatuk aurka bozkatu zuten: esaterako, UPNk; eta hamazazpi abstenitu egin ziren; EH Bildu, adibideez.
Ikusi gehiago:Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du euskaraz jakiteko eskubidea bermatzeko lege proposamena
Atzo bertan egin zuten azken aldaketa: zergek zer egiteko daukaten ikasi beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Balio Zibiko eta Etikoak izeneko ikasgaian. Gainera, ikasgai berean garrantzia emango zaio gogoeta etikoari, eta, besteak beste, Espainiako Konstituzioa eta giza eskubideak eta haurren eskubideak ere landuko dituzte.
Zenbat buru, hainbat aburu
«LOMCE jaio zenetik, bere heriotza desiratu dugu; hori egiteko konpromisoa hartu genuen, eta hori daukagu jasota gure hauteskunde programan». Hala ziurtatu du Josune Gorospe EAJko diputatuak, alde bozkatu aurretik. Hezkuntza arloko eskumenak azpimarratu ditu: «Gure legea ez da ez LOMLOE, ez Espainiako beste edozein hezkuntza lege: EAJren legea laster Eusko Legebiltzarrean onartuko den euskal legea da». Halere, LOMLOEren hobekuntza batzuk nabarmendu ditu. Itunpeko hezkuntzaz ere aritu da Gorospe. «Euskal hezkuntza sistema oinarri sendo batean dago oinarrituta: ikastetxe publikoak eta itunpekoak. Gure familiek berdin eskatzen dituzte». Hori dela eta, biak argi» defendatzen dituztela berretsi du.
«EH Bilduk uste du lantzen ari garen legea gure helburuetatik oso urrun dagoela, ez dela aldaketarako behar dugun tresna», azpimarratu du Bel Pozueta diputatuak. Hotaz, koalizioak abstentziora jo du. Adierazi du legearen tramitazioan «irmoki» defendatu dutela hezkuntzako eskumen esklusiboak Nafarroako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeei dagozkiela. Ez dute nahi Madrilek «nabarmen» zehaztea xedeak, konpetentziak, metodo pedagogikoak eta ebaluazio irizpideak. Onartu du aurrerapausoak eman direla arlo pedagogikoan eta eskumenetan, baina «motz» geratu dela berretsi du. Eta luzera begirako helburu bat jarri du: «Ikastetxe pribatu itunpekoak, negoziazio bidez edo borondatez, jabetza eta kudeaketa publikoko sarean sartzea».
Bestelako jarrera bat erakutsi dute eskuineko alderdiek. UPNko Sergio Sayasek askatasunaren aurkako «eraso» gisa definitu du legea: «Sektarismoaren eta askatasunaren aurkako erasoaren nahasketa da». Antzeko ildotik jo dute PPk, Voxek eta Ciudadanosek. Hiru alderdiek aurreko astean iragarri zuten legea aurrera ateraz gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango dutela. UPNk ere jakinarazi du errekurtsoa jarriko duela, PPrekin batera. Eztabaidaren amaieran, «askatasuna, askatasuuna» oihuka aritu ziren atzo, besteak beste, PPko eta Voxeko diputatuak, eta, PSOEko Luz Martinezek esan zien askatasuna «baliabideak dituztenentzat soilik» eskatzen dutela.