Forondako (Araba) aireportutik hegaldi bat ateratze da egunero Londresera, Stanstedeko aireportura, Ryanair konpainiarena. Hegaldiari eusteko borondate irmoa agertu du enpresa horrek, eta ohikotan bezala 15:25etan aterako dela agertu du. Halaber, Londresetik datorren hegaldi bat jasotzen dute egunean, 15:05ean, eta ordutegi horri eusten diote.
Miarritzen (Lapurdi), 15:00etan iristen da Londrestik datorren hegaldi bat eta 17:05etan hurrena. Abiatu, berriz, 15:25etan eta 17:25etan egiten dira, guztiak Stanstedeko aireportura. Miarritzeko aireportuaren asmoa hegaldi horiek dagokien orduan irten eta sartzea da.
Loiun ere ahalegina egingo dute Londreserako hegaldi guztiei eusteko, bai Stanstedeko aireportura, bai Heatrowra doazenei. Easyjet eta Iberia konpainiak dira aireportu hori Londresekin lotzen dutenak. Iberiatik BERRIA.INFOri agertu diotenez, orain arte normal doa guztia, baina, hala ere, Londresen bertan sortuko diren arazoen ondorioz atzerapenak gertatzea litekeena dela ohartarazi dute, eta, baita, kasurik txarrenean, hegaldiren bat bertan behera geratzea.
Londresko Heathrowko aireportuan zein Standstetekoan eragozpen eta atzerapen aukera horien berri ematen ari dira; hain justu, arazoen berri ematen duen oharra daukate jarrita bi aireportuen web orrietan.
Segurtasun neurriak aireportuetan
Londres abiaburu edo helmuga duten hegaldi guztiak betetzen saiatuko dira Euskal Herriko aireportuetan
Erresuma Batuko Poliziak atzo egindako operazio handiaren eta indarrean jarri dituen segurtasun neurri zorrotzen ondorioak saihesten saiatuko dira Foronda, Miarritze eta Loiuko aireportuetan; hau da, Londresekin lotzen diren Euskal Herriko hiru aireportuetan. Hegaldi guztiei eta ohiko ordutegiei eusten saiatuko dira, baina, hala ere, ohartarazi dute litekeena dela atzerapenak gertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu