Ustekabea gaur Gasteizen. PSE-EEko 25 parlamentariak gaur ziren Eusko Legebiltzarrean aktak jasotzekoak, hala egin dute arratsaldean haietako 24k, baina ez Jesus Egiguren legebiltzarkide eta PSE-EEko presidenteak, ez baita azaldu. Beraz, Legebiltzarra eratzeko prozesua ez dute gaur hasi, gutxienez 25 behar direlako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ganberako heren bat. Bihar hartuko du Egigurenek kreditazioa eta orduan ekingo diote prozesuari. UPDko eta PPko parlamentariek ere bihar hartuko dituzte aktak. Bere akta jaso ondoren PSE-EEko buru Patxi Lopezek esan du "berma" dezakeela berak, "PPren lehentasunezko kidetzarekin" eratzen duen gobernua "sendoa eta egonkorra" izango dela.
"Gure gobernua indartsua, sendoa eta egonkorra izango dela berma diezazueket, arazoak konponduko dituena, alderdi demokratiko guztiekin hitz egingo duena. Eta ez du jorratuko [abertzaleen] fronteen politikara itzultzea dakarren inolako politikarik", esan du Lopezek, bere akta jaso ondoren eta PPko ordezkariekin bildu aurretik.
Bihar irekiko dute araudiak Eusko Legebiltzarra eratzeko ezartzen duen hamabost eguneko epea, eta apirilaren 4a baino lehenago egingo da ganbera eratzeko bilkura. Batzar horretan Legebiltzarreko presidentea, bi presidenteordeak eta bi idazkari nagusiak aukeratuko dira. Ganberako presidenteak erabakiko du noiz egin lehendakariaren inbestidura saioa.
PSE-EE eta PP harremanetan daude, euren arteko akordioa lortu eta Patxi Lopez sozialista izendatzeko Eusko Jaurlaritzako lehendakari.
Negoziazioek oraindik luze joko dutela uste du Jose Blanco PSOEko idazkariorde nagusiak. Hark ez ditu sozialistak ikusten PPrekin koalizio gobernua osatzen, "zeharkako politikak" bultzatuko dituen gutxiengo gobernuan baizik.
Mariano Raxoi Espainiako PPko presidenteak adierazi du "onartezina" dela Lopezek PPri "atxikimendu kontratuak" eskatzea "ezezaguna" den zerbait babesteko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Lopez: "Gure gobernua sendoa eta egonkorra izango dela berma diezazueket"
Azkenean bihar hasiko dute Eusko Legebiltzarra eratzeko prozesua, Jesus Egiguren ez baita kreditatu gaur. PSE-EEko 24 parlamentarik arratsaldean jaso dute euren akta, baina ez haien presidenteak; bihar hartuko du. Apirilaren 4a baino lehenago egingo dute parlamentua eratzeko bilkura; Legebiltzarreko presidentea, bi presidenteordeak eta bi idazkari nagusiak aukeratuko dituzte orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu