Lopez: «Itun politiko berriaz hitz egingo da hurrengo legealdian»

Lehendakariak esan du «alderdi guztien artean» eta «adostasun zabalarekin» hitzartu beharko dela itun berriaBakegintzan eta elkarbizitzan ekimenik ez izatea leporatu dio Aralarrek Lopezi

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Bizikidetzarako itun berria eztabaidatuko du Eusko Legebiltzarrak datorren legealdian; hala ziurtatu du Patxi Lopez lehendakariak. Alderdi «guztiek» eztabaidatuko dute esparru politiko berri bati buruz, eta «adostasun zabala» bilatuko da akordio hori gauzatzeko, haren esanetan. Prest dago lehendakaria Gernikako Estatututik harago doan itun berri bati buruzko eztabaida gidatzeko, ez baitio «beldurrik» egungo esparru juridikoan aldaketak egiteari, baina orain ez dela momentuairitzi dio,Jaurlaritzaren lehentasunak elkarbizitza sendotzea eta krisialditik irtetea direlako.Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin ditu adierazpenok Lopezek, Aralarrek eta PPk egindako galderei erantzunez.

Legealdia amaitzeko urtebete eskas gelditzen denean, euskal herritarren arteko elkarbizitzarako itun berria lortzeko ekimenik hartu ez izana leporatu dio Aralarrek lehendakariari. «Legebiltzar honek lan egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko euskal herritar guztiok eroso sentituko garen itun berri bat lortzen. Eta lan horren lidergoa lehendakariari hartzea dagokio», adierazi du Mikel Basabek. Halaber, ETAren indarkeriaren amaieraren ostean, bakea eta normalizazio politikoa sendotzeko saiorik egin ez izana egotzi dio Aintzane Ezenarrok.

ETAren jardun armatuaren amaierak orain arte «kutsatuta» egon diren eztabaidei heltzeko aukera ematen duela aitortu du lehendakariak, erantzunaren txandan. Hala, argi utzi du elkarbizitzarako ituna aldatzea ez dela ETAren amaieraren «ordain gisa» planteatu behar. Haren ustez, «zilegi» da egungo esparru juridikoa aldatzea, betiere gutxienez Gernikako Estatutuakizan zuen adostasun maila berbera baldin badu. Estatutuaren balioa azpimarratu du lehendakariak, «herri honetako pentsaera guztiak barneratzen dituelako eta ez duelako inor kanpoan uzten». Hala, etorkizuneko bidea Estatutuaren norabidean egin beharko da, alegia, «autogobernuan, bizikidetzan eta itunean» oinarrituta.

Bestalde, bakegintzan ekimenik ez izategatik egindako kritikak direla eta, lehendakariak esan du Jaurlaritza «diskrezioz» ari dela lanean eta «laster» proposamenak aurkeztuko dituela bakegintzaren inguruan.

Aralarri eta PPri ez zaie gustatu lehendakariak eman dituen azalpenak. Arrazoi ezberdinengatik, hala ere. Aralarrek salatu du lehendakariak «uko egin diola une honetan elkarbizitzarako itun berria lortzeari, bai eta hurrengo legealdian eztabaida sortzen bada, lidergoa hartzeari ere». Hori horrela, Basabek iragarri du Aralarrekmozioa aurkeztuko duela Legebiltzarrean Lopezi exijitzeko Legebiltzarrera eraman dezala elkarbizitza akordioaren eztabaida.

PPko Antonio Basagoitik, berriz, zalantzan jarri du esparru juridikoa aldatuta ETAren indarkeriaren amaiera iraunkorra lortuko denik. «Zein irakasgai jasoko dute euskal gazteek indarkeriaren amaiera ETAren aldarrikapenei men eginez ixten badugu?». Basagoitiren ustez, demokrazia sendotzeko ezinbestekoa da «ETA suntsitzen saiatu zen Gernikako Estatutua eta Espainiako Konstituzioa balioestea». PPkoaren iritziz, esparru juridikoan erreformak egitea zilegi da, baina une honetan «zeharo desegokia» litzateke hori egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.