Begirada guztiak Patxi Lopez eta Antonio Basagoitiri zuzenduta zeuden atzo goizean, PPk ituna hautsiz geroztik Eusko Legebiltzarrean EAEko lehendakariari egindako lehen kontrol saioan. Hauteskundeak aurreratuko dituen galdetu diote bai Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak eta bai Juan Jose Agirrezabala EAko legebiltzarkideak. Lopez ez da atera iragarritako gidoitik, etaerantzun du orain ez dela garaia: «Behin baino gehiagotan esan dut hauteskundeetara deitzea Euskadiren interesen arabera egingo dudala, eta asko dira betetzeko ditugun helburuak».
Antonio Basagoitik ez du zuzenean galdetu hauteskundeen aurrerapenari buruz, baina kritikatu egin du Patxi Lopezek Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiari buruz esatea euskal gizartearen gehiengoak ez duela ulertzen. Esan du agintari batek ezin dezakeela egin horrelako adierazpenik. Lopezek erantzun du prentsa ohar bat bakarrik atera zuela. «Ez dakit kritika hori egiten duzun ituna hausteko zure erabakia indartzeko, edo epaileen independentziaren defendatzaile sutsuen moduan agertzeko».
Basagoitik bereari eutsi dio, eta, Lopezen argudio bera harturik, gutxiengoan dagoela oroitarazi dio: «Euskal herritar gehienek ez dute ulertzen 75 eserlekuetatik 25 soilik dituen gobernu batek martxora iritsi nahi izatea. Hori guztia, bozak ez irabazteko».
Bai Maeztuk eta bai Agirrezabalak Jaurlaritzako lehendakariari gogorarazi diote jadanik «gutxiengoan»dagoela. «Gaur izango balitz inbestidura saioa, zu ez zinateke lehendakari, Lopez jauna», azaldu dio Maeztuk.
Patxi Lopezek izkin egin dio eskakizun horri. Haren esanetan, euskal gizartearen arazoen erantzuna ez da bozak aurreratzea. «Ezin dugu Euskadi gerarazi, guk arazoak konpontzea nahi baitute herritarrek». Maezturi leporatu dio autogobernuaren aurkako erasoari edo langabeziari aurre egiteko Aralarrek proposatzen duen erantzuna dela hauteskundeak aurreratzea. «Nik ez dakit presarik ote duzun orain hainbeste defenditzen dituzun horiekin batera esertzeko, baina nik nahiago dut euskal herritarren interesak defenditu».
Maezturen arabera, auzia ez da presazko auzia ote den, baizik eta «erantzukizun politikoz jokatzen den». Legebiltzarkideak gogorarazi dio krisiaren eta bakegintzaren erronken aurrean bi aukera dituela. Bata, bozak aurreratzea legebiltzar berriak ahalik eta gizarte ordezkaritza handiena izango duen gobernu bat osatzeko. Bestea, legealdia amaitu nahi izatea, eta bitarte horretan legebiltzarra eta Jaurlaritza erabiltzea: «Ez dut uste bigarren aukeraren alde egingo duzuenik, esperimentuak ez baitira ondo ateratzen, eta egoera dena da».
Patxi Lopezek, bere erantzunean, gogorarazi du ez dela gutxiengoan gobernatzen duen lehen gobernua. «Errealitatea da gobernu honek bere proposamenak 89 aldiz atera dituela aurrera PPren laguntzaz; eta beste taldeen laguntzaz 178 aldiz». Lopezek gaineratu du aurrera atera daitezkeela proiektuak helburua «herrialdearen beharrei erantzutea bada».
Aurrerago, EAko Juanjo Agirrezabalak oroitarazi dio Lopezi euskal gizarteak aurrean dituen erronka itzelei soilik gobernu indartsu batek aurre egin diezaiekeela. «75 legebiltzarkideetatik 25 soilik dituen gobernu bat ez da indartsua inolaz ere. Zuk gobernatzeko ahalmenik ez duzu». Era berean, Lopezi gogorarazi dio gero eta herritar gehiagok gaitzesten dutela egungo Jaurlaritzaren jokabidea.
Patxi Lopezek Agirrezabalari leporatu dio EA historian zehar «gobernu ahulagoetan» egon dela: «Zure alderdia, eta ez nazazu hainbesteko harriduraz begiratu, hamar urtez gutxiengoan zegoen gobernu baten partaide izan zen», esan du Juan Jose Ibarretxeren gobernuari erreferentzia eginez. Bere ustez, egungo Jaurlaritzak aurrekontuak onartuak ditu, eta programak zein neurriak gauzatu ditzake.
Agirrezabalak erantzun dio egungoa ezin daitekeela iraganeko gobernuekin alderatu. «Zure alderdia herrialdeko hirugarren indarra da, eta aurreko legealdiko gobernuan, lehendakariak lehen indarra ordezkatzen zuen». Behin PPk ituna hautsita, oroitarazi dio ez lukeela bere agonia gehiagoluzatu behar.
Lopezek entzungor egin die bozak aurreratzeko alderdiek egin eskariei
PPk ituna hautsiz geroztik, lehen kontrol saioa izan da legebiltzarrean, eta Basagoitik gogorarazi dio Lopezi gutxiengoan dagoelaEAEko lehendakariak adierazi du «asko» direla oraindik betetzeko dituen helburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu