Lopezek salatu du Raxoiren neurriek ez dutela "ezer konponduko"

2012ko uztailaren 13a
18:25
Entzun

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berretsi du Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketen aurka daudela. "Ez dute krisiaren konponbidea ekarriko" eta "ahulenen arazoak aregotuko ditu", azpimarratu du Barakaldoko osasun zentro baten inaugurazio ekitaldian.

Lehendakariak "bidegabekotzat" jo ditu Espainiako Gobernuaren neurriak. "Krisiaren zama betikoen gain jarriko dute, ahulenen gain", esan du. "Gainera, iragarritako neurri bat bera ere ez dago krisia konpontzera bideratuta, ezta hazkunde ekonomikoa edota lana sortzera bideratuta ere".

Lopez, halaber, gogor aritu da krisiaren inguruan sortu diren uste eta "gezurren" inguruan. "Sektore publikoaren krisia bizi dugula saldu da, baina krisia finantzen sektorearena eta ekonomiarena da", adierazi du, eta bankuen erreskatea "hiritarrek oso garesti" ordainduko dutela. Bizi dugun egoeraren arduradunak "denen ezagun" direla eta "izen eta abizenak" dituztela gaineratu du.

Horregatik, gogor kritikatu du Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearen jokabidea. "Diagnostikoa eta konponbidea, biak egin ditu txarrak". Euskadin "herstura ekonomikoa eta defizitaren kontrola" bilatzeko politikekin jarraituko dutela azaldu du, baina baita hazkunde eta inbertsio politikekin ere.

Ongizatearen estatuari eta politika sozialei eustearen alde agertu da Jaurlaritzako lehendakaria, eta horretarako beharrezkotzat jo ditu "ekonomia eta lana sustatzeko planak". Hala, salatu du iruzurraren aurkako edo ondasun handiak dituztenei zergak igotzea "galarazten" dietenak "euskal ekonomia estutzen eta itotzen" ari direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.