Estatu terrorismoak Baionako karriketan utzitako aztarna oroituko dute ostegun honetan, egun osoan antolatutako hainbat ekitalditan. Izan ere, berrogei urte iragan dira Monbar hoteleko atentatua gertatu zenetik. Lore eskaintza, memoriaren ibilbidea eta ekitaldi politikoa prestatu dituzte. Egia, memoria eta aitortza eskatuko dituzte.
Monbar hoteleko atentatua izan zen GALen ekintza esanguratsuenetako bat; lau iheslari erail zituzten tiroz: Jose Maria Etxaniz Maiztegi, 31 urtekoa, Urretxukoa (Gipuzkoa); Iñaki Asteasuinzarra Pagola, 33 urtekoa, Astigarragakoa (Gipuzkoa); Agustin Irazustabarrena Urruzola, 35 urtekoa, Hernanikoa (Gipuzkoa); eta Sabin Etxaide Ibarguren, 28 urtekoa, Zestoakoa (Gipuzkoa). ETArekin zerikusirik ez zuen bosgarren pertsona bat ere zauritu zuten tiroketan, Jean Iriart.
Monbarreko atentatuan hil zituztenen senitartekoek lore eskaintza eginen dute eguerdian, Egiari Zor Fundazioaren laguntzarekin. Senitartekoek Hego zein Ipar Euskal Herriko instituzioei gonbidapena egin diete lore eskaintzan parte hartzeko, hala nola Eusko Jaurlaritzako biktimen zuzendariari, Memoria eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariari, Astigarragako, Hernaniko, Zestoako eta Urretxuko alkateei —herri horietakoak ziren lau hildakoak—, eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari.Â
Arratsaldean, memoriaren ibilbidea eginen dute Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteek, 1980ko hamarkadan GALen atentatuak izan ziren lekuetatik iragan eta garai hartako historia kontatzeko. Egunaren bukaeran, ekitaldi politikoa eginen dute Monbar hotela zen lekuan, 40 urtez oroitzen herri ekinaldiak antolaturik.
Ekimena abiatu dutenei ezinbestekoa zaie memoria historikoa landu, biziarazi eta transmititzea. «Gure herriaren historia eta iraganarekiko lotura ezin da galdu», adierazi zuten ekainean egin zuten aurkezpenean. «Batzuek gertakari ilun haiek ahanzturan gelditzea nahi lukete. Gisa horretan, gatazka politikoan Espainiako eta Frantziako estatuek erabilitako bortizkeria estaliko litzateke, eta gatazka bera desitxuratu».
Memoriaren beharra
Hitzaldia egin zuten joan den astean Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbideko katedradunak eta Jakes Bortairu Oroit eta Sala kolektiboko kideak gerra zikinaren garaien inguruan. Biek azpimarratu zuten ez dela sekula taxuzko ikerketarik egin gertatuak argitu eta erantzuleak identifikatzeko. «Frantzian izan ziren epaiketetan, mertzenarioen kontra jo zuten, sekula ez Polizian, justizian eta politika munduan izan zituzten loturen kontra», esplikatu zuen Bortairuk.
Egin den memoria lan guzia herri ekimenez egin da; helburu horrekin sortu zuten Oroit eta Sala, 1998an. Herri mobilizazioak eta jarduera militanteak antolatu zituzten, Herriaren Alde taldeak afixak egin zituen Espainiako poliziaren deklarazioekin, manifestaldiak eta omenaldiak ere izan ziren. Zenbait hedabidek egindako lana ere goraipatu zuen. Baina frantses polizien izenak aipatzeagatik difamazio auziak izan zituzten, eta zigor gogorrak ezarri zizkieten.
Gaur egun, Frantziako Asanblean ikerketa batzorde bat abiatzea izan liteke bideetako bat. Horri buruz lan bat abiatzeko borondatea dagoela erran zuen Sylvie Garat kazetariak martxoan, GAL, au nom de la raison d'Ă©tat dokumentalaren aurkezpenean (GAL, estatu arrazoiaren izenean). Euskal gatazkaren memoria lantzeko egia eta adiskidetze batzorde bat sortzeko beharra azaleratu zuten Bake Bideak eta Bakegileek bukaera ekitaldian. Louis Joinet institutuak hartu du hori lantzeko ardura.Â