Konturatu gabe, urtebete igaro da Taupa Euskaltzaleen Mugimendua Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu genuenetik, eta beste bi urte Topagunearen III. Kongresuan Batera Jauzi gizarte laborategia martxan jarri genuenetik. Taupa gara orain: euskaltzaleen mugimendu berritua, euskararen herria garatzen eta gizartea eraldatzen lagundu nahi duena.
Ez ginen hutsetik abiatu. Euskara elkarteen Topaguneak 40 urteko ibilbidean herriz herri eta auzoz auzo egin du lan euskaltzaleen elkarteen eskutik euskararen erabilera sustatzeko. Toki komunikabideak, aisialdi eta kulturgintzako egitasmoak, mintzapraktika, Euskaraldia eta beste hamaika ekimen sortu dira behetik gorako ahalegin horretan. Ibilbide oparoa izan da, eta gaurko Taupa ere ibilbide horren alaba da.
Hala ere, lorpenak aitortzeak ez du kentzen gure mugimenduaren mugak ikusi ez ditugunik, eta horregatik sartu gara barne eraldaketan. Euskararen biziberritze prozesua geldialdian dago, eta horrek pentsatzeko eta egiteko moduak berriz pentsatzera garamatza.
Euskara bidegurutzean egon da urte luzez, eta azken diagnosiek argi erakusten dute larrialdi linguistikoa bizi dugula. Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELEN sareak hala adierazi zuten iaz, eta ideia hori berretsi dute Iñaki Iurrebasoren eta UEMAk gidatutako Siadecoren azken lanek. Euskararen biziberritzeak haizeak kontra ditu: eraso judizialak, ofizialtasunik eza eta digitalizazioaren eta globalizazioaren eraginak. Horiek guztiak erantzun sendoa eskatzen dute: irudimena, aliantzak eta egiteko modu berriak.
Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok Esnatu ala hil demolinguistikan oinarritutako azterketa mardul bezain interesgarria kaleratu berri dute. Euskararen egoeraren diagnosian sakondu, eta euskaldunon biharko ametsak lortzekotan, gaur esnatzera deitu gaituzte. Egoera irauli dezakegu, garaiz gabiltza.
Horregatik, Topagunetik Tauparako eraldaketa ez da kosmetikoa izan: gure baitatik abiatu dugu. Egiturak malgutu ditugu, eta herritarrekin zuzeneko harremana indartzeko tresna berriak sortu. Euskaltzaleak bildu, saretu eta ahaldundu nahi ditugu, euskalgintzan ez ezik kulturgintzan eta herrigintzan ere ekarpena eginez. Nazio mailan zein tokian tokiko ekimenetan, mugimendua indartu eta konektatu nahi dugu, elkarlanaren bidez behetik gorako eta goitik beherako estrategiak uztartuz.
Taupak aterpe izan nahi du mugimendu malgu, anitz eta hurbilarentzat; gizartearen erritmora egokitua eta eraginkorra. Aldi berean, gizartearen babes zabala izango duten akordio soziopolitikoak eta herri-itunak sustatzen ari gara. Horren adibide dira Batera Jauzi edo Gipuzkoa Arigune bezalako dinamika berritzaileak. Herriz herri eragiteaz gain, herriz gaindi sortzen ari diren guneetan ere ekarpena egiten ari gara.
Euskararen norabideari buruz, Euskaltzaindiak gidatutako Euskararen Gogoetagunea dinamikaren bidez ari dira adituak eta norbanakoak ekarpenak egiten. Taupa moduan ez bada ere, maila pertsonalean gure mugimenduko kide asko ari dira proaktiboki parte hartzen.
Etxera etorrita, Euskalgintzaren Kontseiluak Batuz Aldatu dinamikaren barnean Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua plazaratu du, Euskal Herri osoko eta askotariko ehundik gora gizarte eragileren babesarekin. Talde eragileko kide izateko aukera izan dut, eta honelako gizarte elkarrizketen balioa azpimarratu nahi dut ezer baino lehen, euskararen pizkunde berri bat eragiteko egiten duen ekarpena aupatuz. Pizkunde hori kolektiboki irudikatzeko, Kontseiluko bazkide guztiek euskaltzaleak deitu ditugu abenduaren 27rako Bilbora. Bete dezagun Bilbao Arena, eta elkarrekin euskararentzat argi berriak piztu!
Azpimarratu nahiko nituzke era berean, alde batetik, euskararen periferiei buruz udan UEUk antolatutako jardunaldia, eta bestetik, berriki Azpeitian UEMArekin, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Coppieters Fundazioarekin batera antolatutako arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia. Txanponaren bi alde dira: bi kontakizun, eta gizarteko eremu ezberdinetan dauden kezken adierazle. Ertz horietatik ere asko dugu ikasteko!
Beste ekimen asko ekar nitzake, baina orain arte aipatutakoak nahikoak dira herri txiki honetan garatu dugun erresilientzia eta sorkuntzarako gaitasuna azpimarratzeko: urre gorria daukagu esku artean. Hala ere, arriskuak ere badaude, eta erori den loreontziaren irudia datorkit burura: hautsitako piezak sakabanatuta, anabasan. Zenbat buru, hainbat aburu; zenbat proposamen eta zelako zirimola!
Sormen garaietan kaosa ohikoa izaten da, eta nago loreontziaren zatiekin zerbait berria, era berrian, berregiteko beharra dugula. Japoniarrek kintsugi deitzen diote hautsita dagoena urrez konpontzeari; guk ere badugu alkimia hori egiteko urregorria.
Atzera begiratuta, badago alde ilun bat: euskaldunon zatiketan bukatutako historiak, filiek eta fobiek zatitutako dinamikak, sarri mingarriak eta euskararentzat kaltegarri izan direnak. Aurrera begira, arrisku hori ere hor dago: entropian erortzekoa. Eta nago pizkunde berri batek gure lana norabidean jartzea, osagarritzea eta kohesionatzea eskatzen duela.
Batera Jauzin ikasi genuen eraldaketak lau plano dituela: pertsonala, estrukturala, harremanetakoa eta kulturala. Euskal Herrian badugu lehenengo bietan eragiteko kultura eta joera, baina ez hainbeste harremanetan eta elkarrizketan inbertitzekoa. Eta nago behar dugun alkimia hortik etor daitekeela.
Loreontzia berregiteko urregorria dugu: ezagutza, kemena, sarea eta gogoa. Euskalgintzako eragile bakoitzak bere urre zatia hartu eta bere bidea jarrai lezake, baina denon artean loreontzi eder bat berregitea da erronka. Orain dagokigu piezak elkartu, eta mugimendu berri bat eraikitzeko alkimia pittin bat gehitzea: elkarlanean eta batera. Batera polikiago joango gara, baina urrunago helduko gara.
Orain da unea, ez dugu denborarik galtzeko. Ekin diezaiogun.