Iristear da Bilboko Aste Nagusia, eta Arriaga plaza konpartsen agerraldien ohiko eremu bihurtu da aste honetan. Gaur goizean, Luberri konpartsako kideak elkartu dira bertan, beste konpartsa batzuetako hainbat kiderekin batera. Adierazi dute hirugarren urtea dela Aste Nagusian konpartsa gisa «normaltasunez» parte hartu ezingo dutena, «Bilboko Konpartsen barruan egoteko baldintza guztiak bete arren». Horiek horrela, jakinarazi dute aurten «inoiz baino ozenago» zabalduko dutela Luberrik beste konpartsekin batera «parte hartzeko eskubidea» duela.
Luberri konpartsako Izaro Astuik eta Jone Morenok irakurritako adierazpenean, gogora ekarri dute 2023an eskatu zutela lehen aldiz Bilboko Konpartsen parte izatea. Eskaera hori, baina, baztertu egin zuten. Aurtengo ikasturte hasieran beste eskaera bat aurkeztu dute: «Baldintza eta irizpide guztiak betetzen ditugun arren, federazioarekin batera egitasmo partekatuetan aktiboki aritu garen arren eta konpartsa askoren babesa jaso dugun arren, gure eskaera berriro ere baztertu egin dute konpartsen gutxiengo batek bultzatuta». Astuik eta Morenok adierazi dutenez, konpartsak parte hartzearen aldeko iritzia gero eta zabalagoa da, baina Bilboko Konpartsetako kide batzuek «blokeoa jartzen tematuta» jarraitzen dute.
«Guk prest gaude elkarrizketarako eta elkarlanerako, eta uste dugu gatazka hau gainditzeko modua sinplea bezain zentzuzkoa dela»
IZARO ASTUI eta JONE MORENO Luberri konpartsako kideak
Konpartsaren «bazterketa» salatzeko, hainbat egitasmo antolatuko dituzte Aste Nagusirako, Luberrik eskubidea du, jaiak denontzat lelopean. «Gure aldarrikapenek eta egitarauek lekua izango dute jaietan», esan dute argi. Alde batetik, Luberrik «bere toki propioa» behar duela azpimarratzeko, Bada Garaia eguna antolatu dute datorren iganderako: 19:00etan kalejira egingo dute Unamuno plazatik, eta gero Silitiaren eta J Martinaren kontzertuak izango dituzte.
Egitaraua, beste konpartsekin
Egitarau zabala ere antolatu dute beste konpartsa batzuekin elkarlanean. Abuztuaren 19an kontzertuak izango dituzte Triangunean eta Teilape gunean, eta abuztuaren 21ean Uribarri konpartsan. Bestalde, abuztuaren 22an Luberri eguna ospatuko dute Askapeña konpartsan. Luberriko kideek eskerrak eman dizkiete Aste Nagusian leku bat eskaini dieten konpartsei, baita haien parte hartzearen alde ahotsa goratu duten konpartsa, konpartsakide eta norbanako guztiei ere. Egitarauan parte hartzeko deia egin diete bilbotar guztiei.
«Zentzugabekeria hau» bukatzeko eskatu dute Astuik eta Morenok. Nabarmendu dute Aste Nagusia eta Bilboko Konpartsak sorreratik izan direla «Bilboko herri mugimenduko eragileentzako toki irekiak», eta «Luberri baztertuz» kolokan jartzen dela oinarri hori. «Gu prest gaude elkarrizketarako eta elkarlanerako, eta uste dugu gatazka hau gainditzeko modua sinplea bezain zentzuzkoa dela: Luberriri beste edozein eragileri bezala Bilboko Konpartsetan parte hartzeko eskubidea aitortzea». Indarra egiteko deia egin dute, aurtengoa «bazterketa honen azken urtea» izan dadin.
Maiatzean ere agerraldia egin zuen Luberri konpartsak, Gasteizko GKSrekin eta Etxebizitza sindikatuarekin batera, «beto politikoa» salatzeko. Salatu zuten jaietako guneetan parte hartzea galarazten dietela, eta eskatu «urteak irauten ari den beto politikoa» eteteko.