Lur Berriren funtsezko izaera berreskuratzera dei egin du ELBk, eta zigorrak galdegin

Frantziako Gobernuak berriz eman dio osasun baimena Spanghero etxeari, jaki prestatu batzuk ekoizteko

ELBk deiturik, atzo elkarretaratzea egin zuten Lur Berri kooperatibaren aitzinean. GAIZKA IROZ.
Nora Arbebide
Aiziritze
2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Asteburuan ez zen Spanghero enpresako langileen geroaz arduratzen ari, hori baieztatzen ahal dizuet. Donapaleuko trinketean zen, sari banatzen». Barthelemy Agerrez mintzo da Edouard Exilard, Lohitzüne-Oihergiko laboraria (Zuberoa). Lur Berri kooperatibako kide da Exilard, Ardi Sailean. Agerre, berriz, Lur Berriko presidenteorde eta Spangheroko presidente izateaz gain, kontseilari nagusia da Amikuzen. Sari banaketak huskeria bat dirudien arren, egoera adierazteko balio duela pentsatzen du Exilardek. Haren iduriko, Spangheroko 300 langileak «giza ezkutu» gisa ditu erabiltzen Agerrek. Ororen buru, guztiak nahastea lortuko duela Agerrek. Eta sorrerako izatea galdu duela Lur Berrik.

Lur Berrin ere lausotasuna baita nagusi, Exilardek dioenez: «Nehor ez da mintzatzen. Kide gisa ez dugu berririk. Bilkura bat edo bi ditugu urtean, eta dena gordetzen dute. Kontuetan ez dugu deus konprenitzen ahal. Engainatzen dute anitz jende. Eta Spanghero da horren froga». Kooperatiba uztekotan dela gaineratu du Exilardek, beste anitzek jadanik aspaldian egina duten bezala. Lur Berrirekin lan egin nahian litzatekeela, Exilardek, baina horretarako «gogoa eman behar» lioketela. Eta, testuinguru horretan, gogo guti.

«Zikindua» sentitzen da: «Horrela segitzea ez da posible. Segur naiz oraino tematuko direla. Ez da horien usaietan gauzen kanbiatzea». Lehenago ere ukanak ditu arazoak Barthelemy Agerrek. Lur Berriren sarean den Arcadie Hazkuntza Saileko sozietateak auziak izan zituen 2008an, haragi usteldua saltzeagatik.

Ezinegon sentimendu horrek Aiziritzeko Lur Berri kooperatibaren aitzinean elkartu zituen atzo, Exilard bezala beste 70 bat laborari, ELBk deiturik. Spanghero izena baino Lur Berrirena beharko litzatekeela gehiago aipatu argi dutelako. Kooperatibak funtsezko izaera berreskuratu behar lukeela erran zioten laborariek Lur Berriri. Eta salatu hartu norabidea. «Lur Berrik gure kabalak komertzializatu balitu prezio duin batean, ez zen afera horretan inplikatua izanen egun», Exilarden hitzetan. Hazle gisa dituzten kontrolak gogora ekarri zituen. Beren lanaren erdia kasik dokumentuak betetzea dela, eta huts bakarrak ondorio latzak dituela gaineratu zuen.

Bizkitartean, laborariaren eta kontsumitzailearen arteko ibilbidean «trazabilitatea eskasa» dela nabarmendu zuen, ELB sindikatuaren izenean, Jean-Paul Duhaldek. «Arazoa hor da. Zenbat bitartekari, zenbat transakzio... Ikusten dugularik tonaka zaldiki idiki gisa etiketa daitezkeela... Transakzio horiek guztiak dira anitzez hobeki kontrolatu behar. Eta bitartekari horiek saihestu». ELBk zigorrak exijitu zituen, eta arduradunei mezua igorri: «Laborantza Euskal Herrian atxikitzea eta garatzea da izan behar lehentasun. Mundu osoko merkatu horiek mantentzeak prekarietate batera gaitu ekartzen lokalki».

Spangheron, berriz, atzo arratsaldetik lana has dezakete langileek; Frantziako Gobernuak jakiak ekoizteko osasun baimena partez itzuli die, iruzurraren aurkako agentziak inkesta jarraitzen duen bitartean. Inkestaren emaitzak ostiralean dira jakitekoak. Baimena haragi xehatu ekoizpen, jaki prestatu eta haragi zatiketa lanentzat dute. Ez dute baimenik, haatik, lehengai izoztuak atxikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.