Lurraldeetako idazkaritzak berritzeko prozesua hasi du EH Bilduk

Koalizio militanteek martxoaren 13tik 15era emango dute botoa hautagaitzen inguruan.

(ID_14659041) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-02-07, Iruñea. EH Bilduren III Batzarra
Miren Zabaleta, otsailaren 7an, EH Bilduren III. Kongresua hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Joxerra Senar - Iosu Alberdi
2025eko otsailaren 28a
11:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk barne organoak berritzen dihardu. Koalizioak Hego Euskal Herriko zuzendaritza berritu zuen otsailaren 8an Iruñeko Baluarten egindako kongresuan, eta lau lurraldeetako zuzendaritzak berritzen ari da orain. Tokian tokiko mahai politikoek aurkeztu dituzte jada idazkaritza berriak osatzeko proposamenak, eta bozketak martxoaren 12tik 15era bitarte egingo dituzte.

Nafarroan, Mahai Politikoa hamalau kidek osatzen dute, eta horietatik zortzi berezko kide dira, egun duten kargu publikoaren ondorioz: tartean daude Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko eleduna, Adolfo Araiz legebiltzarkidea, Bel Pozueta Kongresuko diputatua, Arantxa Izurdiaga parlamentuko taldearen koordinatzailea, Garbiñe Bueno Iruñeko hautetsia, Lur Albizu Sortuko ordezkaria eta Xebe Txoperena EAko ordezkaria.

Horrez gain, idazkaritzako kideak hautatu behar dira. Mahai Politikoak zazpi kide proposatu ditu: Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzailea, Laura Aznal eleduna, Haritz Romeo Eraketa arduraduna, Tomas Azpiroz Politika Instituzionaleko arduraduna, Lola Eslaba Udalgintza arduraduna eta Lohizune Amatria Komunikazio arduraduna. Iruñeko arduradun izateko hautagaia, berriz, Iruñeko barne prozesuan hautatuko da.

Idazkaritzarako hautagaitza ofizial horri aurre egingo dio beste hautagaitza bat aurkezteko epea zabalik dago. EH Bilduren kongresuan, Miren Zabaletak militanteen %95,4ren babesa jaso zuen.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere eman dituzte lehen pausoak. Araban, lurralde hartako mahai politikoak Xabier Goikuria, Andrea Ferrer, Unai Gotxi eta Rebeka Martinez de Compañon proposatu ditu idazkaritzako kide izateko. Zehazki, hautatuak izanez gero, Politika Instituzionalaren arloa hartuko luke bere gain Goikuriak, Eraketa Ferrerrek, Udalgintza Gotxik eta Komunikazioa Martinez de Compañonek.

Horiez gain, jada izendatuta daude Arabako idazkaritzako kideetako bi. Batetik, Ibon San Saturnino da EH Bilduren Arabako arduradun politikoa, Euskal Herriko mahaia osatzeko prozesuan hala izendatu baitzuten. Bestetik, Eva Lopez de Arroiabek ere ziurtatua du aulkia, Arabako Batzar Nagusietako eleduna den heinean. 

Bizkaian, berriz, idazkaritzako kide izateko hautagaiak Oskar Lorenzo (Udalgintza), Mikel Totorika (Eraketa), Izaskun Duque (Politika Instituzionala) eta Kepa Petralanda (Komunikazioa) dira. Horiekin batera, Idazkaritzan egongo dira Nahia Sanz arduradun politikoa —koalizioaren kongresuan hautatu zuten— eta Iker Casanova Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramailea.

Azkenik, Gipuzkoan, Zelai Amenabarro (Politika Instituzionala), Lore Agirre (Eraketa), Jon Zulueta (Udalgintza) eta Saio Rodriguez (Komunikazioa) dira lurralde hartako idazkaritza osatzeko proposatutako lau kideak. Haiekin batera, idazkaritzako kide izango dira Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoa eta Maddalen Iriarte Batzar Nagusietako eleduna. 

Hiru lurralde horietan, koalizioko kideek martxoaren 3tik 10erako tartea izango dute hautagaitza alternatiboak aurkezteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!