Lurrama laborantza herrikoi eta iraunkorraren azokarekin bukaera eman nahi diote Arbonako (Lapurdi) laborantza lurren eta etxebizitzaren okupazioari, urriaren 24an. Egun horretan, hain zuzen, ehun egun beteko ditu okupazioak. ELB laborarien sindikatuak eta Lurzaindia laborantza lurren zaintzarako elkarteak hasi zuten okupazioa, ekainean, laborantza lur horien salmenta «espekulatiboa» salatzeko. Geroztik, salmenta oztopatzea lortu dute: erosle gaia erretiratu egin da prozesutik. Hortaz, okupazioari bukaera bat ematea deliberatu dute BOST Berroetako Okupazioko Sostengu Taldeak, ELBk eta Lurzaindiak. Anartean, dena den, jabearekin hasitako negoziazio prozesuarekin segituko dute, Euskal Hirigune Elkargoarekin eta SAFER laborantza lurren kudeaketarako egiturarekin batean.
Isabelle Capdeville Lurzaindiko kideak erran du «helmuga» bat behar zutela, eta horregatik deliberatu dutela Lurramarekin bururatzea okupazioa. Baina okupazioko eragile guziek argi dute: «Afera ez da batere bururatua; lur horiek berreskuratzeko lanean segituko dugu, eta partaide guziek biltzen segituko dugu». Erran du ere gorabeherak gertatuz gero «gauzak aldatzen ahal» direla, «erabakiak ez baitira behin betikoak».