Eguzki sistema berri bat aurkitu dute. Zazpi exoplaneta, izar baten inguruan. Exoplanetak, Eguzkia ez den beste izar baten orbitan dabiltzalako. Trappist-1 izena du izarrak, izar nanoa, hotza eta gorrixka. Eta, garrantzitsuena, zazpi planeta horietatik hiruk bertan bizitzeko baldintzak izan ditzakete. Zer da, ordea, bertan bizitzeko baldintzak izatea? Bada, izarraren neurria eta tenperatura aintzat hartuta eta hiru planeta horiek izarretik orbitatzen duten distantzia kalkulatuta, bertako tenperaturek lurrazalean ura egotea ahalbidetuko luketela. Izarretik gertuen dauden hiru planetetan tenperatura beroegia izango litzateke bertan bizitza izateko; hurrengo hiruretan ez; eta azkenekoan, aldiz, hotzegia, zientzialariek uste dutenez. Lurraren moduko planetak uste baino ohikoagoak izan daitezkeela erakutsi du aurkikuntzak.
NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak egin du aurkikuntza. NASAren espazioko Spitzer teleskopioak. NASAk eta Nature aldizkariak jakinarazi dute.
Lehen ere aurkitu izan dituzte zazpi planetako eguzki sistemak, baina AEBetako agentziak nabarmendu du lehen aldia dela Lurraren eguzki sistematik kanpo hainbeste planeta aurkitu direna bizitza izan dezaketenak. Berez, zazpi planetek eduki dezakete ur likidoa baldintza atmosferiko egokietan, baina uste dute horietatik hiruk dituztela baldintza egokienak. Trappist-1 izarrari hotza deitu diote, eguzkiak baino mila aldiz distira gutxiago egiten duelako. Nanoa ere bai, eguzkiaren masaren %8 baino ez duelako.
40 argi urtera
Eguzki sistema berria Lurretik 40 argi urtera dago. 376 bilioi kilometro ingurura. Distantzia laburra, aurkikuntzan parte hartu duten astronomoen esanetan, planeta horiek aztertu ahal izateko. Lurraren eta Marteren arteko distantzia laburrena 0,000055 bilioi kilometrokoa da.
Ikerketan parte hartu duenetako bat da Michael Gillon. Atzemandakoaren deskripzioa egin du. «Planetak elkarrengandik oso gertu daude, izarrarengandik ere bai [Merkurio eguzkitik dagoena baino gertuago]». Liejako Unibertsitatean dihardu, Belgikan. Trappist-1 izarrak egun indar gutxi duelako espero dute planetetan ura aurkitzea, horrek ekar dezakeelako horretarako tenperatura egokia izatea horien atmosferetan. 0-100 gradu arteko tenperaturez mintzatzen ari dira adituak, Lurrekoaren antzeko egoerez, hain zuzen ere. «Harrigarria ez da horrenbeste planeta aurkitzea bakarrik! Horiek denak Lurraren hain antzekoak izatea ere deigarria da!», azaldu du Gillonek. Aurkitu dutena hobeto deskribatze aldera, Jupiterrek eta haren sateliteek orain aurkitu duten sistemaren antzeko bat osatzen dutela esan dute ikertzaileek.
Aurkikuntza eta gero, planeta horietan bizitza izateko eta hartzeko gaitasunari buruzko espekulazioak hasi dira.
«Zientziaren lehentasunetako bat da ea bakarrik ote gauden galderari erantzutea, eta lehen aldiz halako planetak bizitzeko eremuan aurkitzea urrats garrantzitsua da helburu hori lortzeko». Thomas Zurbuchen esana da, NASAren Zientzia Misioko zuzendaritzako kidearena.
Harritsuak
Spitzer espazioko teleskopioaren bidez jakin ahal izan dute zehatz-mehatz sei planetaren neurria eta kalkulatu dute haien masa eta dentsitatea —urrunen dagoenarenak falta zaizkie—. Dentsitateak ikusita, planetak harritsuak direla uste dute. Orain planeten atmosferak eta osagai kimikoak atzematea izango da helburua, urik baden atzemateko esperantzan, batez ere.
NASAren arabera, litekeena da planeta horiek beren ardatzean ez mugitzea, alegia, beti alde bera egotea Trappist-1 izarrari begira eta beti alde bera egotea izarraren ezkutuan, ilunpean. Izarretik gertuen dagoen planetak egun batean ematen dio buelta; urrunen dagoenak, hamabi egunetan.
Gaur egun etengabe egiten ari da gora eguzki sistematik kanpo, Esne Bideko beste izar batzuen bueltan, topatutako planeten kopurua. 1992ra arte, ordea, bakar bat ere ez zegoen identifikatuta. Satelite artifizial batean kokatuta dagoen Kepler teleskopioari esker aurkitu dituzte horietako asko. 1995ean 51 Pegasi b izeneko lehen exoplaneta topatu zenetik, 3.449 planeta baino gehiago ezagutzen dituzte jada zientzialariek, eta beste 4.696 daude exoplanetak direla baieztatzeko bidean.
Izan ere, ez da nahikoa izar baten argia ahulago bihurtzen dela antzematea. Fenomeno hori errepikatzen dela baieztatu behar da, izarraren aurrean igarotzen den planeta baten seinalea dela ziurtatzeko. Izatez, milioika eta milioika planeta egon litezke unibertsoan, pentsatzen baita izar gehienek planeta bat bederen izan dezaketela haien orbitan eta.
Trappist-1 sistemaren aurkikuntza garrantzitsua da, planeta horiek behatzeko aukerak inoiz baino hobeak direla azaldu baitu NASAk. Izan ere, teleskopioek itzalei esker ikus ditzakete unibertso urruneko objektuak. Orain arte, planeta gehienak behatzeko zailtasunak eragin ditu horrek, izar gehienen argiek itsutu egiten zituztelako lenteak. Adituen esanetan, ordea, Trappist-1 sistemako argi-itzal ezaugarriek planeta berriak behatzeko aukera onak emango dituzte. Eta horrek leiho berri bat ireki dezake unibertsoan bizitza baden, edo ez den, ulertzen saiatzeko.
Lurraren neurriko zazpi planetako sistema aurkitu dute
Planetak Trappist-1 izar nano eta hotzaren inguruan ari dira jiraka, eta zazpitik hirutan bizitza aurkitzeko baldintzak egon daitezkeela uste dute zientzialariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu