Urtea hasi zenetik, 77. Horixe da Itoizko urtegiaren inguruan azken hilabeteotan gertatu diren lurrikaren kopurua. Hilaren 4tik, hamasei sumatu dituzte. Gero eta gehiago. Itoitzen, halaber, gero eta ur gehiago. Ebroko Ur Konfederazioko atzoko datuen arabera, 577,20 metroko mailan dago ura jada. 310,58 hektometro kubo ur pilatu da Itoitzen, bere gaitasunaren % 74,4. Maila gorena 586 metrokoa da. «Urak gora egin ahala, gora egin dute lurrikarek». Itoizko Koordinakundeko kide Patxi Gorraizen hitzak. Hamaikagarrenez ohartarazi du urtegian dagoen arriskuaz: «Ezker hegala mugitzen ari da; ez dezagun ahaztu». Joan den asteko euriteek izan dezaketen eraginarekin kezka agertu du Gorraizek. Egun horietan Itoitzen ez zela urtegia betetzeko plana bete salatu du. «Egunean, gehienez ere, hogei zentimetro egin dezake gora urak; hainbat egunetan, ordea, 65 eta 170 zentimetro egin du gora urak».
Beltza ikusten du Koordinakundeko kideak etorkizuna. Baikor izateko arrazoi askorik ez dela uste du Antonio Casas geologoak, halaber. Argi eta garbi erran du: «Urak gora egin ahala, gora egiten du arriskuak». Itoitzen gero eta ur gehiago pilatzen bada, gora eginen du presioak. Gainera, ezker hegalaren oinarria bustiko da. «Hegala erabat bustitzen denean, oso handia izanen da behera erortzeko arriskua».
Datozen urteotan zer gertatzen den aztertzeko beharra azpimarratu du Casasek. «Denbora luzea behar da oinarri osoa bustitzeko; berehala deus ez gertatzeak ez du erran nahi arriskurik ez denik».
Lurrikarak areagotu dira Itoitzen, ura maila gorenera iristear denean
Datozen urteetan urtegian gertatuko dena aztertzeko beharra azpimarratu du Casasek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu