Martxoak 8

M-8: greba feministan ez galtzeko gida

Emakume guztiak "planto" egitera deituta daude bihar, Emakumeen Egunaren harira. Hiriburuetan manifestazioak izango dira. Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak iragarri ditu.

Grebarako dei eginez kalejira egin zuten Donostian. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Samara Velte.
2018ko martxoaren 7a
02:18
Entzun

Gizartearen erdia grebara deituta dago bihar: mugimendu feministak "planto" egiteko eskatu die emakumeei aurtengo Martxoaren 8an, eta egun horretan sekula egin diren mobilizaziorik jendetsuenak espero dira Euskal Herri osoan. Azken egunotan, erruz agertu dute grebarekiko atxikimendua enpresek edota norbanakoek; erakunde publikoek ere adierazi diote babesa, era batera edo bestera; eta Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak esandakoen harira sortutako umorezko adierazpenek — feministek "deabrua barruan" daramatela esan zuen— are gehiago hauspotu dute grebaren aldeko giroa. Nolanahi ere, oraindik grebaren berri izan ez duen inor geratzen bada, hona bihar eskura edukitzea komeniko zaion gida bat:

Zertarako greba bat Martxoaren 8an?

Emakumeek bizitzako esparru guztietan sufritzen dituzten diskriminazio eta indarkeriazko egoerak salatzea da deialdiaren helburu nagusietako bat. Lan merkatuaz harago, gizartearen funtzionamenduari eusteko ezinbestekoak diren lanik gehienak emakumeek egiten dituzte, gehienetan aitortzarik edota ordainik gabe. Grebaren formula sektore eta espazio guztietako emakumeak batzeko egokia dela iritzi dio mugimendu feministak; horregatik, jarduera guztietan planto egitera deitu ditu emakumeak.

Norentzat da?

Martxoaren 8a Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Ondorioz, greba deialdia ere emakumeentzat da. Nolanahi ere, Euskal Herriko mugimendu feministak ñabardura garrantzitsu bat egin du: emakume* izendapena darabil, genero kategoria hori, finean, kategoria sozial bat dela ikusarazteko: emakume gisa identifikatzen diren guztiak bere barnean biltzen ditu izartxo horrek.

Enplegua dutenentzat bakarrik da?

Ez. Greba deialdia emakume guztientzat da; hain zuzen ere, lan asko —zaintzakoak, garbiketakoak, etxekoak, behar afektiboekin zerikusia dutenak...— ordainik gabe egiten dituztelako. Horrenbestez, enplegua ez ezik, ikasketak eta zaintza lanak ere bertan behera uzteko eskatu dute antolatzaileek.

Etxeko lanik ere ez?

Ez. Ahal dela, zaintzako eta etxeko lanak hurbileko gizonen esku uztea komeni da.

Ezin ditut egun horretan zereginak bertan behera utzi. Babes al dezaket beste era batera?

Bai. Edozein kasutan —mobilizazioetan parte hartuta edo ez—, besoko more bat eramateko eskatu du mugimendu feministak, greba babestearen sinbolo gisa. Etxeko lanetan egindako geldialdia irudikatzeko, balkoitik edo leihotik amantal bat zintzilikatzeko aholkatu dute.

Zergatik deitu dute kontsumo grebara?

M-8ko lanuztea "kapitalismoaren aurkako greba bat" dela adierazi du mugimendu feministak: salatu du egungo eredu ekonomiko eta sozialak ez diela erantzuten planetako gunerik garatuenetan sortu diren behar sozialei. Mendebaldean, gizartea geroz eta zaharragoa da, eta zaintza behar handiagoak dauzka; tokiko estatu eta instituzio publikoek, ordea, ez dituzte euren gain hartu lan horiek. Ondorioz, erosahalmen aski duten familiek herrialde txiroagoetako emakumeak kontratatu ohi dituzte lan horiek egiteko. Horrez gain, gizarteko kontsumo ohiturak zalantzan jartzeko beharraz ohartarazi du mugimendu feministak: arropa ekoizpen masiboaren atzean, esate baterako, maiz esklabo baldintzetan diharduten emakumeak aritzen dira. Era berean, emakumeen irudia sarri erabiltzen da —sexu objektu bihurtuta— produktu horiek guztiak saltzeko. Gurpil ero hori egun batez geldiarazi, eta horretaz hausnartzeko aukera gisa planteatu du mugimendu feministak Martxoaren 8ko greba. Horregatik, kontsumoa ere eteteko eskatu dute, batez ere saltoki handietakoa.

Nork antolatu du greba?

Deialdi nagusia Euskal Herriko mugimendu feministak egin du; hainbat talde eta elkarte aritu dira elkarlanean greba eguna antolatzeko, eta sindikatuek legezko babesa eman diete, lanuzteetarako deialdiak erregistratuta. Antolaketa nahiko deszentralizatua izan da; ondorioz, tokian tokiko greba batzordeek erabaki dute leku bakoitzeko egitaraua.

Zeintzuk dira eguneko deialdi nagusiak?

Eguerdian, 12:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte herririk gehientsuenetan; horien berri jakiteko, tokian tokiko greba batzorde feministarengana jotzea komeni da. Arratsaldean, berriz, manifestazioak egingo dituzte hiriburuetan. Baionan, 18:00etan herriko etxearen aurrean biltzeko deia egin dute; gero, manifestazioa egingo dute handik. Gainerako hiriburuetan 20:00etan izango dira mobilizazioak: Bilbon, Jesusen Bihotzetik; Iruñean, Gazteluko plazatik; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, San Anton plazatik.

Bestelako ekitaldirik egongo da?

Herri handi eta hiri gehienetan, egun osoko egitarauak prestatu dituzte talde feministek. Bilbon, esaterako, performance bat egingo dute 07:30ean Bizkaiko Zubian, etxeko beharginen lana ikusarazteko. Iruñean, berriz, gaur gauerdian hasiko dira ekitaldiak, lapiko jotze batekin.

Eta lanuzteak?

Greba egiteko orduan, malgutasunaren alde agertu da mugimendu feminista. Sindikatuetan, nork bere formula proposatu du enplegatutako emakumeek mobilizazioetan parte hartu ahal izateko. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk launa orduko bi lanuzteetarako deia egin dute Euskal Herri osoan: 11:00etatik 15:00etara, eta 18:00etatik 22:00etara. CNT eta CGTk, aldiz, 24 orduko grebara deitu dituzte emakumeak, baina soilik Hego Euskal Herrian. Eta CCOOk eta UGTk bi orduko lanuztea egitera deitu dituzte Hegoaldeko emakumeak eta gizonak. Lanuzte hori hiru orduko bi tarteotakoren batean egin beharko da: 11:00etatik 14:00etara edo 16:00etatik 19:00etara.

Euskal Herrian bakarrik egingo da greba?

Nazioarteko geldialdia izango da: munduko 170 herrialdetan baino gehiagotan antolatu dituzte mobilizazioak, eta, gutxienez, 50 ingurutan greba formatua proposatu dute.

Nola jokatuko dute erakunde publikoek?

Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak osoko bilkurak dauzkate bihar; Gasteizen, EH Bildu, Ahal Dugu eta PSE-EEko emakumezko parlamentariek jada iragarri dute ez direla bertaratuko. EAJkoek geldialdia egingo dute 12:00etan, elkarretaratzean parte hartzeko. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak hitzez babestu du greba, baina "goi karguduna" dela argudiatuta, ez du lanuzterik egingo; horren ordez, iluntzeko manifestaziora joango da. Nafarroako Parlamentuak, berriz, amantal bat zintzilikatuko du sinbolo gisa; Ezkerrako eta Ahal Dugu-ko parlamentariak ez dira osoko bilkura joango, eta Geroa Baikoak eta EH Bildukoak 11:00etan irtengo dira aretotik; PSNkoak, 12:00etan.

Gutxieneko zerbitzurik egongo al da?

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, besteak beste, hezkuntzan, osasunean —ospitaleek jaiegunetako lantaldea izango dute; larrialdi zerbitzuek, %100ekoa— eta komunikabideetan —EITBk albistegiak egin beharko ditu—. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak sindikatuen helegitea aintzat hartu duenez, zahar etxeetan lantalde erdia ariko da; menpekotasuna dutenen proportzioa handia denetan, %70.

Nire seme-alaben eskolan greba egingo al dute?

Ikastetxearen arabera izango da. Gutxieneko zerbitzuak direla eta, eraikin publikoak zabaldu behintzat egin behar dituzte derrigor; itunpekoetan, langileek hainbat formula adostu dituzte. Egokiena ikastetxean bertan galdetzea da.

Zer egin dezakete gizonek greba babesteko?

Ezer baino lehen, Martxoaren 8aren helburua garbi izatea eskatzen zaie gizonei: emakumeen egoera ikusarazteko eta haiek ahalduntzeko eguna da, eta, beraz, haiek dira mobilizazioetako protagonistak. Hortik aurrera, lan ugari egin daitezke greba arrakastatsua izan dadin. Familia barruan, zaintza eta etxeko lanen ardura har dezakete gizonek, etxeko emakumeek eguna mobilizazioei eskain diezaieten; aita direnek haurrak zain ditzakete egun horretan. Emakume bat bikotekide gisa duten gizonek babes emozionala eman diezaiokete egun horretan kalera irteteko. Lantokietan, askotariko formulak proposatu dira: batzuetan, egokiago ikusi da gizonezkoek euren emakumezko lankideak ordezkatzea; besteetan, ez. Nola edo hala, proposamenok enpresako emakumeen batzordeetan sortzea litzateke idealena. Mobilizazioetan parte hartuz gero —eta, ondorioz, aurreko behar horiek guztiak beteta badaude—, atzealdean jartzeko eskatu du mugimendu feministak, eta inolaz ere ez saiatzeko protesta gidatzen edo aginduak ematen.

Nola informatu naiteke mobilizazioez?

Besteak beste, Twitterren, @M8EuskalHerria kontua eta #M8planto traola jarraituz. Horrez gain, komunikabide gehienek emango dute grebaren berri. BERRIAren Interneteko edizioan gai nagusia izango da egun osoan, baita hurrengo eguneko papereko egunkarian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.