ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuak eta Martxoak 3 elkartea hasiak dira ekitaldiak antolatzen 1976ko martxoaren 3an Gasteizko San Frantzisko elizan gertatutako sarraskia oroitzeko. Otsailaren 9an emango dituzte xehetasunak. Baina, gaur aurreratu dutenez, jada pentsatua dute leloa: M3moria. Antolakuntza. Borroka. Ohar bidez jakinarazi dutenez, lelo horren helburua da iraganean borrokatu zirenei aitortza egitea, gaur egun antolatzen diren guztientzako oinarriak jarri zituztenez gero: «Gizarte hobe baten alde borrokatzeak elkartu egiten gaitu denborak aurrera eginda ere».
Horrez gain, adierazi dute dagoeneko salgai jarri dituztela sarraski haren 50. urtemuga gogoratzeko kamisetak eta jertseak: «Material horrekin, motorrak berotzen hasi nahi dugu 2026ko martxoaren 3a gogoratzeko».
Urtemuga berezia da aurtengoa, 50 urte iragan baitira Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzartutako ehunka langile aterarazi zituenetik, negar gasa erabiliz. Irteeran tiro egin, eta bost langile hil eta ehunka zauritu zituen Poliziak. Ordukoaren oroitzapena bizirik iraunarazteaz arduratu da urtero Martxoak 3 elkartea, eta, urteen joanean, hainbat eragile eta erakunde batuz joan dira oroimen ekitaldietara.