Gerlaren beldurretik tiraka, enegarrenez, diskurtso berria eman du gaur Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, konkretura jauzi eginik, aldi honetan: «borondatezko» soldaduska martxan jarriko dute 2026ko udatik goiti, hamar hilabetekoa izanen da, eta 3.000 gazte bilduko ditu lehen urtean. Iragarpena Varcesen egin du, Isere Frantziako departamenduan, 27. mendiko infanteria brigadari egin zion bisitaren harira.
«Gure gazteria engaiamenduz egarri da», segurtatu du Macronek. 2030erako, 10.000 gazteren lotzera iristea espero dute; 50.000 gaztera 2035erako. Soldaduska egiteko, hilabetean, 800 bat euroko saria emanen zaie parte hartzaileei.
Joan den astean Frantziako Armadaren buruzagi Fabien Mandonek adierazi zuenaren ondotik, aurreikus zitekeen soldaduskarako norabidea hartuko zuela Frantziako Gobernuak. Hain zuzen, Mandonek kontsideratu zuen Frantziako herritarrek «onartu» behar dutela «horien haurrak galtzea». Mementokotz halakorik ez da izanen, soldaduska «lurralde nazionalean» eginen baita, Macronek segurtatu duenaz; hots, ez da helburua «gazteak Ukrainara bidaltzea». Beraz, Frantzian berean eginen dute soldaduska borondatez parte hartuko duten gazteek, eta «18 eta 19 urtekoak» izanen dira gazte horien %80. Zaharragorik ere onartuko dute, baina jakintza bereziak dituzten profilak xerkatuko dituzte orduan, hala nola ingeniariak edo erizainak, besteren artean.
Armadaren ministroak laster zehaztekoak ditu soldaduskan sartu ahal izateko baldintzak, 2026ko urtarrila erditsurako, normalean. Eta armadek hautatuko dituzte boluntarioen artean «motibatuenak direnak eta haien beharrei hobekien ihardetsiko dietenak». Zehaztu behar da, halere, «krisi handi bat gertatuko balitz» zer aurreikusi duten gobernuan: «Parlamentuak dei egiten ahalko die boluntarioei ez ezik beste herritar batzuei ere».
Gerla ekonomia
Armadaren buxeta emendatuz doa etengabe, «iraupeneko kit» batzuk Frantziako etxe guzietara helaraztekoak zituzten, eta, orain, soldaduska berrezarriko dute. Argi da: Frantziako estatuburuak gerlaren parioa egiten du. Ezin jakin noiz piztuko den hainbeste aurreikusten duen gerla, ezta piztuko denik ere, baina «beldurrak sekula» ez duelakoan lanjerra saihesten, «aukera bakarra lanjerrerako prestatzea da», Macronen hitzetan.
Europako herrien artean, orokortua da gerlara bideratutako dinamika; ez da Frantziaren posizioa bakarrik. «Aske izateko, beldurgarriak izan behar dugu. Eta beldurgarriak izateko, indartsuak izan behar dugu», erran zuen Macronek udan, NATOren norabideari jarraikiz. Orduan aipatu zuen iragarpenak eginen zituztela larrazkenean, erreserbetan egitekoak geratzen ziren «indarrak» zehazteko, baita gazteriaren engaiamenduaren forma berriak ere. «Modeloa gogortu eta masa irabazi» behar zirelakoan. Horri lotuta iragarri du soldaduska.
Masa hori hamar hilabetez formatuko dute soldaduskaren bidez, eta garai hori «ikasketak behin-behinan eteteko» erabiltzen ahalko dute gazteek. Lehen hilabetean «diziplinaren espiritua» lortzea da helburua: «Armen erabilpenean trebatuko dira, eta urrats militarrean ibiltzen ikasiko dute, kantuan; gure armaden anaitasuna osatzen duten erritualak landuko dituzte, zeinek egiten baitute nazioaren handitasuna». Ondoko bederatzi hilabeteetan, boluntarioak hiru armaden artean banatuak izanen dira. Estatu militarra ukanen dute, baita uniformea, saria eta ekipamendua ere.
Macronen agindupean, hamar urtez, armadari ematen zaion aurrekontua izugarri emendatu da. 2027rako, aurrekontua 64.000 milioikoa izatea aurreikusten dute; 2017an 32,7 miliarkoa zen. Bistan da hori, dirua behar delako 3.000 gazteren sariak, egunerokoa eta formakuntza ordaintzeko; zer erranik ez 50.000 gazterena ordaintzeko. Hain zuzen, Macronek azaldu du egiturak eraiki beharko dituztela boluntarioei harrera egiteko eta ikastaroak emateko.