Macroni eskatu diote 'Molac legea' aldaketarik gabe aplikatzeko

Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak gutun bat bidali dio Frantziako presidente Emmanuel Macroni, Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen egoera gaitzesteko. Agustina Vilaret sareko presidenteak eskatu dio Molac legean bertan behera utzitako artikuluak indarrean sartzeko, Frantziako Konstituzio Kontseiluak horien aurka emandako ebazpenak murgiltze eredua kolokan uzten duela iritzita. Vilaretek igorritako gutunean nabarmendu duenez, murgiltze ereduak tokiko hizkuntzen garapena bultzatzen du hezkuntzan, eta horrekin batera frantsesaren ezagutza bermatzen du. Irakaskuntza sistema hori nazioarteko hainbat adituk eta Europako beste zenbait eragilek babesten dutela aldarrikatu du, tartean Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak, baita Gutxiengoen Auzietarako Nazio Batuen Erakundeko kontalariak ere.

Hala, Molac legea parlamentuan onartu bezala ezartzeko eskatu dio Vilaretek presidenteari. Halaber, Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituekin errespetuz jokatzea galdegin dio. Egun, Europako 41 hizkuntza daude sarean ordezkatuta, eta horien artean da euskara.

Murgiltze eredua kolokan

Murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoa dela ebatzi zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak maiatzaren 21ean. Asaldura eragin zuen albisteak, eta «gerla deklaraziotzat» jo zuten Ipar Euskal Herriko euskalgintzak eta zenbait ordezkari politikok. Kalean ere, 10.000 lagunetik goiti eta hautetsi andana bildu ziren maiatzaren 29an Baionan egindako protestara.

Egun, zalantzan dago, beraz, murgiltze ereduaren etorkizuna. Konstituzio Kontseiluak ebazpena eman eta egun gutxira, hizkuntza aniztasuna bermatzeko bitartekoak eskatu zituen Macron presidenteak. Ez zuen zehaztu, ordea, zein izan beharko liratekeen bitarteko horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.