Espainiako Poliziak Iñaki Marin Mercero, Diego Javier Octavio Martikorena, Mikel Marin Irurozki eta Iker Aristu gazteak atxilotu zituen atzo arratsaldean Iruñean, berri agentziek jakinarazi eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak baieztatu zuenez, eta gaur goizean Iruñeko polizia-etxetik Madrilgora eraman dituzte, eta inkomunikatuta segitzen dute.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskaren aginduz joan zen astean Iruñean eta Barañainen abiatutako polizia operazioarekin lotu dituzte atxiloketak berri agentziek. Ikerketa iturriek Segi gazte erakundeko kide izatea eta kale erasoetan parte hartzea egotzi diete. Lauren etxeak arakatu dituzte.
Aristu Iruñean atxilotu zuten, Donibane auzoan. Iturrama auzokoa da berez, joan zen astean atxilotu zituzten bi iruindarren auzo berekoa. Espainiako Poliziako kideek Aristuri aurpegia estali zioten txano batekin, autoan sartu zuten eta eraman egin zuten.
Iturrama auzoko Ezpala tabernan lan egiten du Aristuk asteburuetan. Hain justu, taberna hori arakatu zuen Poliziak joan zen asteko polizia operazioan.
Besteak ez daude inkomunikatuta
Joan den asteko polizia operazioan atxilotu zituzten lau gazteetatik hiru espetxeratzeko agindu zuen Grande Marlaska epaileak larunbatean: Ibai Azkona, Iker Araguas eta Gorka Sueskun, Soto del Realen (Espainia). Espetxean ere inkomunikatuta izan dituzte gaur arte.
Mikel Flamarike aske utzi zuten, astean behin epaitegira sinatzera joateko baldintzarekin. Hark salatu duenez, inkomunikatuta eduki zuten denboran ariketa fisiko ugari eginarazi zizkioten, kolpeak eman zizkioten eta mehatxatu zein iraindu egin zuten. Jakinarazi duenez, egin ez zuen kale eraso bat egin zuela onarrarazi zioten deklarazio polizialean, baina epailearen aurrean kontatu zuen mehatxatuta zegoelako onartu zuela baina berak ez zuela egin eraso hori.
Atxiloketak
Madrilera eraman dituzte atzo Iruñean atxilotutako lau gazteak, inkomunikatuta
Iñaki Marin Mercero, Diego Javier Octavio Martikorena, Mikel Marin Irurozki eta Iker Aristu atzo arratsaldean atzeman zituen Espainiako Poliziak, joan den astean hasitako sarekadarekin lotuta. Segi gazte erakundeko kide izatea egotzi die atxilotuei, baita kale erasoetan parte hartzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu