«Alderdian jarraituko dut, baina bigarren maila batera pasatuko naiz». Hilabete batzuk baino ez dira geratzen Nafarroako foru hauteskundeetarako, eta Patxi Zabaleta, zeinak Euskal Herrian azken hamarkadetan itzal handia izan duen, ez da aurkeztuko EH Bilduren zerrendetan. Udazkenean Aralarreko koordinatzaile nagusi izateari ere utziko dio. Lehen lerrotik at, «idazten eta ikerkuntzan» arituko dela azaldu du, baina politika ez du erabat utziko. «Alderdiari laguntzen eta ezker abertzale bateratua sortzeko ahaleginean ere lagunduko dut, inolako beste asmorik gabe».
Iraganera begiratuz gero, zerekin geratzen zara?
Ezker abertzalearen barruan bakegintzarako eta normalizaziorako egin dugun ekarpenarekin eta Nafarroan abertzaletasuna indartzeko eta berritzeko ahaleginarekin. Gauza horiekin gelditzen naiz. Nafarroako egungo gizartea duela 35 urtekoaren oso desberdina da. Politikoki, Nafarroako momenturik erakargarriena 2007koa izan zen. Hor irudikatu zen nola aldatu genuen abertzaleon jokabidea.
Uste duzu Aralarrek nahikoa aitorpen jaso duela?
Politikan aitorpenak ez dira berehalakoan etortzen, eta hori ere ez zen gure asmoa. Aralar beti definitu da ezker abertzaleko sentsibilitate gisa, eta aintzat hartu du ezker abertzale osoa eremu plurala eta zabala dela. Zabala izateko, plurala izan behar du, eta aniztasun hori zabala izanik berma dezake. Guk uste dugu bide hori egitea merezi izan duela,
EH Bilduk izan behar du etorkizuneko ezker abertzale berria?
Zalantzarik gabe, EH Bildu dago etorkizuneko ezker abertzale berri hori sortzeko urrats batean. Pentsatu beharko dira izenak... Bat Amaiur izan da, EH Bildu, Euskal Herria Bai dago Iparraldean... Euskal Herri gisa jokatu nahi badugu, erritmo desberdinekin, taktika desberdinekin eta, agian, estrategia desberdinekin jokatu behar dugu EAEn, Nafarroan eta Iparraldean, eta hori guztia irudikatu behar dugu. Batuketa hori egin bitartean, egongo dira urratsak, aldaketak. EH Bildu aurrerapausoak ematen ari da.
EH Bilduren barruan ematen ari zarete pausoak aurrerantz?
Kezka hori badago. Premia hori badago, eskaria badago, eta pausoak ematen ari da EH Bildu. Alderdi bakoitzak bere sentsibilitatea du, eta aintzat hartzekoak dira. Alegia, batzuetan ezin gara batzuek nahiko genukeen abiaduran mugitu, abiadurak desberdinak direlako alderdietan, lurraldeetan desberdinak diren bezala. Aralarrekook beti esan dugu, abertzaleak garen heinean, guretzat Euskal Herria dela subjektua. Sakon bereizten gara Geroa Baitik. Geroa Baik dio subjektua Nafarroa dela, eta abertzaletasunetik at geratzen da, nahiz eta barruan diren asko abertzaleak eta euskaltzaleak diren. Nafarroan, gainera, herritar askorentzat, aberria edo Nafarroa edo Espainia da.
Garrantzitsu deritzozu lau alderdien autonomia proiektu bakarrarekin uztartzeari?
Berezitasunak ez dira soilik lau alderdienak. Aralarren barruan badugu aniztasuna. Sorturen barruan aniztasuna agerikoa da. Berdin gertatzen da beste alderdietan ere, eta ezkerrekoa eta aurrerakoia den asko dago EH Bildutik kanpo. Agian, barruan dagoena baino gehiago. Hori dena kontuan hartu behar da. Balio duena herritarrak dira, alderdiak tresna hutsa baitira. Tresnak gara, eta izugarrizko kalteak sortzen ditu alderdia jartzeak herriaren parean edo gainetik, batzuetan jarri izan den bezala.
Alderdiak batzuetan tranpa horretan erortzen al zarete?
Bai, askotan, zoritxarrez. Autokritika egin behar da. Garrantzitsua herria da, eta ez alderdiak.
Zer ezaugarri izan behar dituEH Bilduren hautagaiak?
Izan behar du, nahi eta nahi ez, ezker zabala eta plurala ordezkatuko duen pertsona, teknikoki prestatua eta bestelako jarrerak dituztenekin elkarlana egiteko gai dena.
Nafarroan aldaketa beti izan da oso zaila, orain ere bai. Hala ere, inoiz baino baldintza hobeak daude?
Bai, eta hurrengoetan hobeak izango dira. Nafarroako gizartea aldatzen ari da, eta oso argi ikusten da begirada luzearekin begiratuz gero. Ezker abertzalearen lehen arrakasta izan zen 1979an Iruñerriko bigarren indarra izan zenekoa. Geroztik, aurrerapausoak eman dira, eta bigarren indarra gara Nafarroa osoan.
Miguel Sanzek berak esan berri du «zail» ikusten duela UPNk gobernuan jarraitzea.
Bai, hori diote, baina azpi-azpian, gainera, urrutiratu nahi dituzte UPNkoak.
Nortzuek? Betiko botereek?
Bai. Lau gauza larri lortu dituzte. Batetik, haren gobernuarekin desegin da Nafarroako autonomia historikoaren izatea. Galdu ditu pixkanaka bere ezaugarriak, eta galdu ditu gaizki jokatu dutelako. Bigarrenik, horrek berak ekarri du Nafarroaren eta Madrilen arteko harreman historikoa hutsaldu izana. Hemengoak joaten ziren Madrilera hangoek laguntzat hartuko zituzten esperoan. Horretarako erabiltzen zuten mamua: «Gu gara abertzaletasunaren aurkako bermea». Hirugarrenik, Nafarroa zorpetu dute modu eskandalagarrian. Laugarrenik, zarpaildu dituzte ongizate politikak, hemengo ospitaleak eta ikastetxeak...
Zer asmo du, hortaz, UPNk?
UPNren ametsa izanen da bere botoak erabiltzea, beti erabili dituen bezala. Nahiko lukete PSNtik hasi eta Geroa Bairaino, denei proposatzea gobernua, kanpoan uzteko EH Bildu nola edo hala. UPNk tentazio osoz proposatuko die [Javier] Otanoren gobernu berri bat osatzeko. Hori izango da haren ahalegina. Horregatik diot aldaketaren berme eta ikurra EH Bildu dela. Ez dago beste biderik.
Inork egotz diezazuke «ni gabe ez dago alternatibarik» proposatzen ari zarela.
Hori egia osoa da kasu honetan. Aipatutako gobernu horren alde jokatuko dute sindikatu nagusiek, hemengo komunikabide garrantzitsuenek eta enpresaburu eta indar ekonomiko atzerakoi batzuek, ez denek. Orain diferentzia da indar ekonomikoen artean badirela batzuk jada ez dutenak horretan sinesten. Enpresaburu argiek ikusten dute CENen jokabidea zakarrontzira bota behar dutela. CCOOren eta UGTren barruan ere hasi dira hori ikusten. 2007an gobernu alternatibo baten aurka CCOO eta UGT atera ziren lehenik.
Eskuina EH Bilduren mamua astintzen ari da, eta berriki Sanzek berriro proposatu du konstituzioko laugarren xedapen iragankorra [EAE eta Nafarroa elkartzeko aukera aipatzen du] kendu behar dela. Zergatik?
Nafarroan, politikari batzuekbeste egitekorik ez dutenean ateratzen dute laugarren xedapena. Zer du Sanzek? UPNk 2007an, zalantzarik gabe, izua zion botere galtzeari. Baina soilik botere galtze hutsagatik? Ez, beldur ziren atzean ezkutatzen diren beste gauza asko agertuko zirela. Beste modu batera esateko: HBk [Gabriel] Urralburu gobernuan manten zezakeen, eta erantzukizun handiarekin jokatuz ez bagenu bota izan, Urralburu auzia ez zen azalduko. Beste ustelkeria kasu batzuk ez dira agertu, boterean eutsi diotelako. Orain oso urduri daude. Adibidez, oso desberdina izango zen baldin eta gobernua egon izan balitz CAN Nafarroako Kutxaren auziko salatzaileen artean. Orduan aterako zen gertatutako guzti-guztia. Ez da atera Nafarroako Gobernua egon delako bere burua defendatzen. Nahiago izan du dena estali, dena garbitu baino. UPNk egin duen kudeaketan eta herri lanetan badago materiala. UPN agintetik urruti geratu izan balitz, guztia aztertu ahal izango zen .
Barcinak ez du argitu bakarrik edo PPrekin aurkeztuko diren. UPN bidegurutze estrategiko batean dago?
Zalantzarik gabe, UPNren egitekoa agortu da, bukatu da. UPNren jokabidea izan da Madrilgo jabeen morroi gisa jokatzea eta haiei esatea Nafarroan haien bermea dela. Orain, Madrilgoek ikusi dute horretarako UPNk jada ez duela balio. Zer egin behar dugu abertzaleok? Azaldu behar dugu herritarren aurrean Nafarroaren izaeraren defendatzaile bakarrak eta hoberenak garela. Benetako nabarrismoan ere irabazi behar diogu UPNri, baita kudeaketa onean ere. Zer geratzen zaio UPNri PPrekin joan gabe? Hauteskunde orokorretan, ezer ez; europarretan, ezer ez, eta foru bozetan, nahitaez ikusten du elkarrekin joan behar dutela, baina ari da atzeratzen erabakia ez hausteko alderdia.
Zuk iragarri zenuen Barcinak UPN PPra eramango duela, eta PPk xurgatuko duela.
Hemen izango da gutxi gorabehera PPren frankizia bat. Lehengo nortasuna baino askoz gutxiagorekin. Horretarako pertsona egokia da Barcina
PSN, berriz, nola ikusten duzu? Politikoki hilda dago?
Nire ustez, oso momentu larrian dago, baina soilik egin dezake norabidea zuzendu eta autokritika egin. Nik uste dut alderdi gisa egin behar duela hori. Ondorioz, hitzeman behar du beste modu batera jokatuko duela. Askok ez diote sinetsiko, baina ez zaio beste biderik geratzen.
[Otsailaren 28an, ikerketa batzordearen ondorioak atera aurretik, oposizioko alderdiek bilera egin zuten Nafarroako Parlamentuko biltegian hurrengo pausoak aztertzeko]. Guk biltegiko hitzarmena egin genuenean bi aldiz galdetu nien: «Eta zer gertatuko da Madrilek ezezkoa ematen baldin badizue?». Hauxe erantzun zidaten hitzez hitz: «Hustuko dugu Sarasate». Alegia, militanterik gabe geratuko zela egoitza. Handik gutxira berriro galdetu nien, eta batzuei badakit gaizki iruditzen zitzaiela. «Hustuko dugu Sarasate» esaera arranditsu hura errepikatu zidaten, eta begira zer gertatu zen.
PPren gobernuak hamabi helegite jarri ditu Konstituzionalean parlamentuak onartutako legeen aurka, eta Nafarroako Gobernuak erantzun eskasa eman du. Kezkatuta zaude egoerarekin?
Foru Hobekuntza eta estatutua zaharkituta daude, agortuta. Nahitaezkoa da 2006an hasi zen eraberritzea aurrera eramatea, eta aldaketa horretan badaude eduki batzuk. Bata da erabakitzeko eskubidea. PSNk eta PSOEk federalismoa proposatzen dute. Federalismoa erabakitzeko eskubidearekin bada, aurrerapausoa da; baina eskubiderik gabe bada, ez du ezertarako balio. Tortilla arrautzarik gabe egitea bezala da.
Foru Hobekuntzak eta estatutuak jada ez dute balio, eta benetan oso kezkagarria da horren aurrean, presoen politikaren aurrean bezala, barregarri geratzen dela Urkullu. Esaten du Rajoyrengana joan nahi duela, baina hark ez dio kasurik ere egiten. Haren gorabehera bat baino ez zen izango, mespretxu jarrera horrek beste inongo heldulekurik gabe utziko ez bagintu. Nork jarri zuen Konstituzionalean salaketa? Rajoyk. Nork izendatu zituen epai hori eman duten epaileak? Rajoyk. Orduan nola izango da Rajoy aterabidea emango duena? Are gutxiago elkarrizketa baten bidez.
Patxi Zabaleta. Aralarreko koordinatzaile nagusia eta Aralar-NaBai taldeko eleduna
«Madrilgoek ikusi dute UPNk ez duela jada morroi izateko balio»
UPN ahul ikusten du, baina, haren ustez, UPNk beste alderdiei EH Bildu gobernutik at uzteko eskaintza egingo die. Horregatik, aldaketarako berme eta ikurra EH Bildu dela deritzo: «Ez dago beste biderik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu