KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Mahaien %96, irekita

Generalitateak Espainiako Gobernuko ordezkariaren berehalako dimisioa eskatu du, "estatu indarkeriaren erantzulea" dela iritzita. Halaber, Europako Batasunari galdegin dio erreparatu diezaiola Madrilen jarrerari.

Herritarrak, bozkatzeko ilara egiten, Tarragonako Antoni Marti i Franques ikastetxeko hauteskunde mahaian. JAUME SELLART / EFE
2017ko urriaren 1a
16:57
Entzun

Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaileak ontzat eman du gaur goizean bozkatzeko jarri den mahai kopurua. Adierazi duenez, bozkalekuen %96 irekita daude —goizean %73 izan dituzte zabalik—, eta herritarrak normal ari dira bozkatzen mahai horietan.

Espainiako Estatuaren "blokeo eta eraso informatikoak" direla eta, "pazientzia" eskatu die herritarrei. Azaldu du laguntza teknikorako baliabideak dituztela mahaietako arduradunek aurreikusiak zituzten gorabeheretarako.

Generalitateak eskertu egin du herritarren jokabide "bakestu eta zibikoa", eta bozkatzeko eskubidearen alde erakutsi duten konpromisoa. Aldiz, Madrilen "errepresioa" eta "estatu indarkeria" gaitzetsi ditu. "Francoren garaitik sekula ikusi gabekoak" gertatzen ari direla nabarmendu du. Turullek Espainiako polizien indarkeriaren erantzuletzat jo du Enric Millo i Rocher Espainiako Gobernuaren Kataluniako ordezkaria, eta haren berehalako dimisioa galdegin du.

Halaber, Europako Batasunari dei egin dio Espainiako Estatuak hartu dituen neurriei erreparatzera eta haiek gaitzestera. "Hau Europako Batasunaren barne arazo bat da, eta gu herritar europarrak gara".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.