Maiatzaren 11 arte luzatuko da itxialdia Ipar Euskal Herrian

Eskolak eta haurtzaindegiak pixkanaka berriz zabalduko dituzte maiatzaren 11tik aitzina. Maskak biztanle ororen eskura izanen dira.

Baionako kaleak hutsik daude. GUILLAUME FAUVEAU
Ainize Madariaga
2020ko apirilaren 13a
20:29
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak koronabirusari aurre egiteko neurri gehiago iragarri ditu, 20:00etan, telebistaren bidez. 
Hala, haren mezuaren arabera, orain arteko «baldintza beretan» Ipar Euskal Herriko itxialdia maiatzaren 11 arte luzatua izanen da: «Deskonfinamendua posible izanen litzateke baldin eta birusaren hedapena etengo balitz».

Egun horretatik aitzina, haurtzaindegi, eskola, kolegio eta lizeoak  berriz ere zabalduko dituzte. Alta, unibertsitateak udara arte beha egon beharko dute irekitzeko. Macronek azpimarratu du: «Publikoari harrera egiten dioten guneek —ostatu, jatetxe eta hotelek— zerraturik jarraituko dute maiatzaren 11tik aitzina ere».

Maskei dagokienez, «estatuak ahalbidetu beharko du jende gehienak maskak eskuratzea. Haren erabilera sistematikoa bilaka daiteke». Koronabirusa detektatzeko probak momentuz aski ez badira ere, maiatzaren 11tik goiti, «gaitasuna ukanen dugu sintomarik duen orori testa egiteko; anartean, lehenik osagarri langileei, adineko jendeari eta kalteberenei egiteko eskatu diet».

Koronabirusaren hotsa

COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoaren geldialdiak bultzatuta, Macronek diru laguntzak hitzeman ditu haurrak eta ikasleak dituzten familia xumeentzat. Gisa berean, agindu du «soldatapekoak hunkitzen dituzten aldi baterako langabezia neurriak luzatu eta indartuko» dituela. Eskatu ere egin du bankuek ordaintzeko epeak orain arte baino gehiago gibela ditzaten.

Kultura eta kirola arloei dagokienez, uztailera arte «gutienez» aiduru egon beharko dute jende anitz biltzen duten ekitaldi guziek.
«Plan berezia» aipatu du, zeinean bereziki hunkiak diren sektore horien zergak ezeztatuko baitira, eta laguntza bereziak emanen.

Era berean, ez du zehaztu noiz arte segituko duten itxita Europatik kanpoko herrialdeekiko mugak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.