Ezker abertzaleak maiatzaren 7an bukatuko du Abian eztabaida prozesua, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Ekitaldi handi bat egingo du orduan, ehunka militanterekin, eta behin betiko txostena ezagutaraziko dute, halaber. Joan den azaroan hasi zuten prozesua, 2010ean Zutik Euskal Herria adierazpenarekin hasitako estrategia berria egokitzeko asmoz. Egunotan azken batzarrak egin dituzte –284—, azpi-atalen inguruan zeuden osoko zuzenketak bozkatzeko. Estrategian desobedientzia zibila sustatzea zen osoko zuzenketa bat, beste bat presoen arloan-eta antolakunde bat sortzea, eta ezker abertzaleko zuzendaritza egitura zabalagoa izateko eskatu dute beste batzuek.
Talde eragileak datozen egunetan emango ditu batzarrotako emaitzak. Hark aste honetan iragarri duenez, aurreko bilkuretan %5-10eko babesa jaso zuten tesiak ziren haiek.
Abianen "prozesu independentista eraldatzailea" dute estrategiaren ardatz, eta prozesua bukatu ostean hasi nahi dute ezartzen. Txosten nagusiak batzarretako kideen %81eko babesa jaso zuen, duela aste batzuk.
Prozesuaren ostean Sorturen kongresua egingo dute; ekainaren bukaerarako aurreikusten dute. LAB eta Ernairenak uda ostean izango lirateke.