Izan ere, Alonsok defentsaren galderei soilik erantzungo ziela argi utzi arren, galdeketarekin aurrera jarraitu du Molina fiskalak, eta defentsak protesta egin du. Defentsaren protestari errieta gogor eta zakarrarekin erantzun dio Alfonso Guevara epaileen buruak, eta bere baimenik gabe inoren jardunik ez eteteko agindu die bortitz.
Berez, goizeko hamarretan zen hastekoa 'Haika-Segi auziagatik' auzipetutako 39 gazteren aurkako epaiketa. Bi orduko atzerapenez abiatu da saioa, eta lehendabizi, defentsak hainbat alegazio aurkeztu ditu. Tribunalak, ordea, ez ditu aintzakotzat hartu eta ordubiak laurden gutxi aldera, epaiketa bera, akusazioei deklarazioa hartuz, abiatzeko agindu du Guevara epaileak. Handik hamar minutura, ordea, bazkaltzeko eta atseden hartzeko epaiketa lauak arte eteten zuela jakinarazi du.
Ia lau eta erdietan hasi dute berriro epaiketa, akusatuak galdekatuz. Esan bezala, Maider Alonso da deklaratzen lehena.
Fiskaltzak 654 urteko espetxe zigorra eskatu du 42 auzipetuentzat. Akusatu gehienen aurkako eskariak 10-14 urte bitartekoak dira, baina Asier Tapiaren aurka 112 urteko eskaera egin du. Izan ere, Haikaren aurkako polizia operazioaren biharamonean Tapiak bete zituen erakunde horren bozeramaile lanak, eta berak egin zuen borroka egunerako deia. Ondorioz, protesta haietan gertatutako lege hauste guztien erantzule egin du Tapia fiskalak.
Zenbait gazte ez dira aurkeztu epaiketara, haien artean Tapia bera.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailak begirale bat bidali du epaiketara, auzipetuentzako berme guztiekin egiten den ikertzeko. Nolanahi ere, epaiketa jarraitzera aretora sartu den gainerako jendearekin egon beharko du begirale horrek, leku berezirik gabe. Tribunalak ez du begi onez hartu Jaurlaritzaren ordezkariaren presentzia, eta hala jakinarazi du tribunalaren bozeramaileak.
Haika-Segi Auzia
Maider Alonsok, deklaratzen lehenak, uko egin dio fiskalaren galderak erantzuteari
Bostak hogei gutxi aldera hasi da 'Haika-Segi auziko' epaiketan akusatuen galdeketa, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Maider Alonso da lehena deklaratzen. Uko egin dio Enrique Molina fiskalaren galderak erantzuteari, haren helburua "euskal gazteria kriminalizatzea" dela argudiatuta. Hala ere, fiskalak galderak egiten jarraitu du, eta hori dela medio, defentsak protesta egin duenean, tentsio uneak izan dira Alfonso Guevara tribunaleko epaile nagusiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu