Atxiloketak

Maider Caminos eta Maitane Intxaurraga baldintza gabe espetxeratzeko agindu du Grande Marlaskak

Amaia Legarrari, berriz, 4.000 euroko bermea ezarri dio, eta Noe Lopez aske utzi du. Lau lagun horiek joan den asteburuan atxilotu zituen Guardia Zibilak Nafarroan. Aurretik, Luis Goñi, Xabier Sagardoi eta Alberto Lopez atzeman zituzten, eta hirurak espetxeratu egin zituzten.

2008ko irailaren 3a
16:08
Entzun
Iragan asteburuan Guardia Zibilak Nafarroan atxilotutako lau lagunetatik bi baldintza gabe espetxeratzeko agindu du Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, inkomunikatuta zeudela deklarazioa hartu ondoren. Zehazki, Maider Caminos eta Maitane Intxaurraga dira baldintza gabe kartzelara bidali dituenak. Amaia Legarrari, berriz, 4.000 euroko bermea ezarri dio. Noe Lopez, ostera, aske utzi du, astero polizia etxera sinatzera joan beharko duen arren.

Atxilotu zituztenetik inkomunikatuta egon dira gazte horiek. Gainera, Lopez berriro erietxe batera eraman behar izan dute bart. Haren hurbilekoek Gara egunkariari agertu diotenez, Madrilgo ospitale batera eraman du Guardia Zibilak eta hiru orduz ingresatuta egon ondoren senda-agiria eman diote. Igande gauean bertan, atxilotu eta ordu gutxi batzuen buruan, Iruñeko Bideko Amaren erietxera eraman behar izan zuten gaztea "antsietate krisiarekin", eta atzo Madrilera eraman zuten arte han ingresatuta egon zen.

Grande Marlaskak oraindik ez du argitu lau gazte horiei zehazki zer leporatzen dieten, baina polizia iturrien arabera, "Ekin-eko buruzagitza osatzea" egozten diete.

Guztira, zazpi gazte atxilotu ditu azken egunetan Guardia Zibilak Nafarroan. Asteburuko sarekada baino egun batzuk lehenago, joan den asteazkenean, Alberto Lopez atzeman zuten eta inkomunikatuta izan zuten bost egunez atxiloketaren berri inori eman gabe. Astelehenean Lopez espetxeratzeko agindu zuen Grande Marlaskak, kale erasoekin zerikusia izatea egotzita. Inkomunikazio aldian tortura larriak jasan zituela agertu zion atzo abokatuari.

Lopezi aurreko asteburuan atxilotutako Xabier Sagardoi eta Luis Goñirekin kale erasoetan aritzea egozten diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.